Ezin banaiz aspertu, ez da nire iraultza

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2017ko aza. 27a, 09:22

Asperdurak fama txarra dauka, bere lehengusu alferkeriak adina. Ekidin beharreko jarrera bezala hartzen ditugu, hiper-okupazioa erlijio bihurtuz. Zer dela eta? Aspertzea hain kaltegarria da? Bada, ez. Osasuntsua izateaz gain, iraultzailea izan daiteke.

Aspertuta egotean eskura ditugun estimuluek ez gaituzte asetzen, eta horrek frustrazio eta ezinegona sortzen digute. Hori da, besterik ez. Apur batean itxaronda, buruak estimuluak topatzen ditu beste nonbait, geure baitako munduetan adibidez. Eta hor gertatzen da magia. Aspertzea ezinbestekoa da sormena, eraldaketa, etika eskatzen duten prozesuetan. Neurozientziako adituek diote, ez nik. Eta tira, baita nik ere.

Ez dago ondo ikusia, ordea. Aspertzeko denbora duzu? Zer zara, alferrontzi horietako bat?

Aspertzea mehatxu bezala ikusten da. Arrazoi guztiarekin gainera. Aspertzeko, eta ondorioz datozen pentsatzeko eta gozatzeko denbora duen gizarte bat baino gauza arriskutsuagorik ez dago otzan eta asegabe behar gaituen hazkundekrazia kontsumista honentzat. Asperdurak produkzionismoarekin bukatu lezake, baldin eta ondo aspertzen bagara. Bai, gaizki aspertzeko erak daude. Adibidez, zentzurik ez daukan edo lanik apenas eskatzen ez duen lanpostu (auki-berotzaile) batean 8 ordu igaroz, buscaminasarekin jo eta su.  

 

[El tránsito (León Siminiani, 2009) - Produkzionismoa eta lanerako bidea. Produzitu->deskantsatu->produzitu].

Oinarrizko beharren asetzea bermatuta izateaz gain (“urtean bostehun libera eta gela bat norberarena”), askatasunean oinarrituta egon behar du asperdurak, espontaneotasunean. Eta horretarako denbora librea behar dugu, benetakoa. Zaintza lanak bukatuta eta gimnasio, yoga, kultur-etxeko ikastaroen ondoren/ordez, konpromisorik gabeko denbora tarte hori behar dugu. Hutsa behar dugu, alderrai ibiltzeko aukera. Beldurra ematen digu ordea, edo nekatuegiak gaude, lan egiten jarraitzeko atseden hartu behar dugu eta.

Burgeskeria itzeltzat jo daiteke asperdurari gorazarre egitea, denbora librean Justizia Sozialaren Borrokalari izateko betebehar morala bagenu bezala; arnasestuka eta larri bizi ezean, norbaiti kalte egiten ibiliko bagina bezala. Produkzionismoa, berriz ere: onura nabarmenik ez badu, ez du baliorik. Eta ezer ez egiteak ez du onura zehatzik inorentzat, buruan sartu digutenez.

Beste batzuentzat, alferkeria klase sozial baxuagokoen arazoa da. Bitxia da nola gizatalde zehatz batzuei alferkeria egozten dieten hainbat aurreiritzik: pertsona arrazializatuak ("laguntza sozialei esker potrojorran bizi dira"), andaluziarrak, funtzionarioak. Lanpostu aulki-berotzaileak edo are bizitza-suntsitzaileak sortzea ogibide duten gizatalde aberastuek gure adinduak zaindu, gure entsaladako tomateak jaso edo gure zaborrak jasotzeko kudeaketak egiten dituzten langileak alfertzat jotzea paradoxikoa da gutxienez. Berezko azterketa mereziko luke honek.

Gauza asko daude hobetzeko, eta aspertzen ikastea lehentasunen zerrendatik kanpo dagoela iruditu ahal zaigu, baina ezer hobetuko badugu sormena eta etika behar-beharrezkoak ditugu. Ezer ez egitea zerbait egitea dela ulertuko bagenu, asperraldien frustrazio tontorrak eusten ikasiko bagenu, hutsari begira gehiagotan geratuko bagina… barruan hazi zaigun goroldioari erreparatuko genioke, ibiliaren ibiliaz ikusi ez duguna.