Ispilua lapurtu digute

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2018ko urt. 17a, 09:51

Urte berri eguna da. Gure etxebizitzen blokean, Bilbon, lapurretak egon dira. Eskailburuan gaude dozena erdi bat bizilagun eta Ertzaintzako bi agente, berriketan, geure beldur eta galdutako gauzen penak konpartitzen, 2018a hasteko modu xelebre horrekin txisteak eginez.

Lapurrak profesionalak omen ziren, Europa ekialdeko talde antolatu bat ziur aski. Hizketaldiak jarraitu ahala “ijito”, “moro” eta “atzerritar” hitzak ateratzen hasten dira. Bizilagun batek dio orain ez asko “bi morito” ikusi zituela kotxe batean etxe batzuei begira eta begira. Ertzain batek erantzuten dio:

―Halakoetan, guri deitu. Ezer egiten ez badaude ere: deitu! Eta aitzakiarekin hurbildu, zer egiten dauden galdetu eta identifikatu egingo ditugu.

Buruan zerbaitek krak egin dit. Inork ez du ezer esan. Nik ere ez. Berriketak aurrera jarraitu du, pixkanaka bakoitza bere etxeko babesgabetasunera sartu garen arte. Buruari bueltaka hasi naiz.

Bale, bai, posible da ertzainarentzat “moritoak” izatea baino, “begira eta begira” egotea izatea gakoa eszena horretan. Baina gaizki pentsatuko dut, sentitzen dut ertzain jauna, horrelakoa da bizitza (niri ere eskapatzen zaizkit noizbehinka “perla” arrazistak, hemen ez gara inor libratzen). Ingelesez racial profiling esaten dena ikusi dut nire begien aurrean: poliziak arrazaren arabera eraikitzea susmagarrien profila. Jatorri/itxura zehatz batek norbait susmagarri bihurtzea automatikoki, alegia. AEBetan Black Lives Matter bezalako mugimenduak piztu ditu zaharregia eta larriegia den arazo honek.

A ze kontraesana: segurtasun indarrek gizartea xenofobia eta arrazismotik babesteko ardura dute, eta aldi berean xenofobia eta arrazismoa erabiltzen dute susmagarrien profilak sortzeko. Profilgintzaren zientzian ezjakin hutsa naiz, baina utzidazue zalantzan jartzen estereotipo arrazisten bidez egin behar denik nahitaez.

Bazenekiten ertzainen argotean “motano” bezalako hitzak erabiltzen direla “moro” eta “gitano” hitzak batuz? Hobetzeko saiakerak egiten dituzte, ez pentsa. Irakurri errespetu kulturala sustatzeko eskuliburu hau adibidez. Eta orain, ikusi eskuliburu hori hizpide hartuta gizon zuri talde honek egiten duen txiste-festa bideo honetan. Txiste horiek tokiz kanpo egongo diren testuinguru bat sortu behar dugu. Kulturala eta estrukturala da arazoa, eta lengoaia egoki baterako gomendio-sorta baino sakonagoak diren mekanismoak behar ditugu. Adibidez eta hasteko, botere-postuetan eta segurtasun indarretan aniztasun gehiago izatea. Gaur bertan atera den Emakunderen txosten honek dio polizia-etxeen maskulinizazioak emakumeen zaurgarritasuna handitzen duela. Polizia-etxeen zuritasunarekin gauza bera gertatzen dela susma daiteke pertsona arrazializatuekiko.

Lapurretara itzuliz, zaurgarri sentitzen dira orain bizilagun asko gure etxebizitza-blokean. Seguritate gehiago behar omen dugu, kamerak, sarraila gehiago, alarma sistemak. Ez dakit nola ekiditen diren halako sustoak, baina lapurreta berriek baino Bilbo eta inguruetan azken asteetan dabilen supremazismo zuriaren kiratsak sortzen dit ikara: indarkeria delitu entzutetsuen harira whatsapp-kate beldurgarri bat ibili da pantailaz pantaila. Atzerritarrak talde arriskutsu bezala deskibratzen ditu eta DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) mugatzea exijitzen du. Eta “atzerritarrengan” arreta jartzen dugun bitartean, zuri-zuriak dira diru-kopuru handienak lapurtzen dituzten iruzurgileak. Eta gure datu digital pertsonalekin salerosketan dabiltzan hortz-perfektudun sermolari arrakastatsuak. Eta arnasten dugun airea kutsatu daitekeela erabakitzen duten gorbatadunak. Mundu mailako suntsiketaren eragilearen profilean “zuria” jartzen du letra larriz, baina zuritasuna ikustezina da zuriontzat.

Ehunka euroko trajea jantzita, txukun-txukun, ondo orraztuta, eta azken Iphone-a eskuan duen gizon zuria identifikatzeko telefonoa zein da?