Eztanda egin aurreko isilune deseroso horren erdian piztuta dagoen telebistako urtezaharretako programan txiste bat egin dute familiarteko afarietan koinatuek erakusten duten sasijakinduriaren inguruan. Nire koinatuari begiratu diot. Honek ez dauka ez jakinduriarik, ez sasi, eta ez oro; indiferentzia eta ardoa litroka zainetan.
Nire ahizpak senar epel hau aukeratu izana familiako misterio handienetako bat da gaurdaino. Joan zen astean ospitaletik ateratzerakoan kontatu nionean sortu zuen dramarekin telenobela bateko ahizpa maltzurra sentitu nintzen. Orain lasaitu dela ematen du. Amonari begiratu diot. Ziur nago ez duela ulertu esan dudana, eta ezta gogorik ere. Bost axola dio guztiak eta loak hartzen dago gajoa. Lehengusina jendearen erreakzioarekin arduratuago dago, berriarekin baino. Izeba-osaba eta gurasoak dira hemen klabea, tradizioaren izenean diskurtso pasibo-agresibo guztiz erreakzionarioa jaurtiko didatenak, koinatu guztien jakinduriaren indarrarekin nire erabakia zergatik izan den hain-hain-hain okerra azalduko didatenak.
Goitik behera eta ezker eskuin ezagutzen dut diskurtsoa. Gutxienez 3 ginekologok, 2 psikologok eta dozena bat lagunek aspertu arte errepikatu didate: gaztea zara oraindik, nork daki etorkizunean haurrak izan nahiko dituzun, amatasunaren transzendentzia, blablabla. Eskerrak operazioa egin ondoren kontatu diedan, esperantzaren diskurtsoa baliogabetu eta noraezean baitabiltza argudioekin. Aitak nola okurritzen zaidan, osabak ez duela ulertzen, amak nire esentzia mutilatu dudala, izebak aitaren egiten du konpultsiboki, koinatuak “baina hori zientifikoki posible da?”…
Kostatu zaie inportanteenarekin konturatzea, ordea: lehengusina adoptatua izanda, endometriosisak jota haurrik izan ezin duen ahizpa zaharra eta ni neu eta nire tronpa lotuak gara familiako azken labekada. Hau da, familia honek ez du jarraipen genetikorik izango. Adios. Txinpun.
Aurpegia goibeldu zaie ohartu direnean. Lehertu da granada. Hitz kontsolagarri batzuk esateko premia sentitu dut, baina une horretantxe abisatu digu telebistak segundo gutxitan hasten direla laurdenak. Inertziaz hartu ditugu mahatsak eta hasperen existentzialista artean jan ditugu, kanpaiek gure familiaren hileta iragarriko balute bezala, hutsari begira, dekadentziaren prozesioa markatzeko erritmo liturgikoak lagunduta. Hamabigarrena ahoko masa umelari gehitutakoan, inork ez du “urte berri on” esan. Zera hori irensten saiatzen nahikoa lan dugu. Orduan jaurti du amonak berea:
“Ba niri oso ondo iruditzen zait. Ahal izan banu, nik ere egingo nuke.”
Ondoren sagardo edalontzia xanpainez bete, irribarre batekin “Urte berri on!” esan publiko mutuari eta trago bakarrarekin den-dena edan ostean ohera joan da, logura da eta.