- Hasteko, kokatu gaitezen: faxismoak ez du sinesten deliberazio publikoan edo eztabaida dialogikoan. Hierarkia autoritarioan datza bere ideologia. Erabakiak goian hartzen dira, eta hortik behera konplitu besterik ez da egin behar. Beraientzat, eztabaida publikoak propagandarako agertokiak dira. “Ez zait interesatzen eskuin muturrekoen ideiak entzutea, ez baitago ideia berririk eskuin muturrean; errekruta berriak bakarrik daude” dio Laurie Penny kazetariak. Hau horrela:
- Ziurtatu eztabaida batean zaudela, joko berera jolasten zaudetela alegia. Posible da aurrean daukazunarentzat egiten ari zaretena ez izatea argudioen eta kontra-argudioen joko dialogiko klasikoa. Posible da berari zu eta zure argudioak bost axola izatea, eta benetan axola zaiona:
- begira duzuen audientzia izatea. Publikoaren aurrean irabazle itxurak ematea izan daiteke bere helburua, eta hau ez da lortzen azalpen logiko eta xehatuekin: akusazioekin lortzen da. Bera baldin bada akusazioak egiten dabilena eta zu baldin bazara uneoro azalpenak ematen dabilena... esaten denaren edukia lausotu eta itxuran bera agertu daiteke irabazle bezala eta zu galtzaile. Publikoan bat baino gehiago izango dira zure argudio eta azalpenekin galdu eta irabazle itxura duen tipo oso ziur horren alde agertzen hasiko direnak.
- zu ez entzuteko behin betiko arrazoia identifikatzea izatea. Etiketa bat jarri nahi dizu, esango duzun guztia etiketa horren azpian lurperatu nahi du, eta bere buruari eta mundu guztiari (hemen ere publikoa oso garrantzitsua da) esan nahi dio ez duela merezi zu eta zu bezalakoak entzutea, etiketa hori baitzara. Ad hominem falazia, alegia.
- Zure argudioei zerikusi gutxi duten akusazioekin erantzuten agertzen bada hasieratik, fede onez ez datorrela iragartzen digun alerta argi bat da. Gauzak horrela, ez da beharrezkoa eztabaidan sartzea. Inork defentsan jokatzera behartzen bazaitu, ez duzu zertan jolastu.
- Faxisten gustukoa ez den talde baten parte zara? Feminista, LGTB+ komunitatekoa, pertsona arrazializatua… Aukera baduzu, eta betiere segurtasun baldintza batzuk badituzu, izan oinarrizko interakzio informala berarekin: hitz egin eguraldiaz, kirolaz, etxepeko fruta-dendako prezioez, partekatu dezakezuen edozertaz. Zu eta zu bezalako pertsonak deshumanizatzeko tentazioa uxatu.
- Eztabaida antzuetan ez sartzeari esker aurreztu duzun energia guztia faxistek tokirik ez duten gizarte hori sormenez eraikitzeko erabili. Musika edo madarikazioak erabili ditzakezu, adibidez. Eta, nola ez, feminismoaren iparrorratzari jarraitu. Ez dago feminismo intersekzionala baino edabe boteretsuagorik supremazismo zuri misoginoari mugak jartzeko.
[Harrigarriro (edo ez) komunikabideetako iruzkin ataletan ugaltzen diren izaki ozpindu horiekin ika-mikan sartu ala ez erabakitzeko ere balio du zerrenda honek.]