Joan zen apirilaren 25eko gauean, IRA Berria talde armatu ipar-irlandarrak Lyra McKee 29 urtetako kazetaria hil zuen. Biharamunean, Ostiral Santuan, izen bereko bake-akordioak 21 urte beteak zituenean, ezbeharraren berria zabaldu ahala, asko ginen McKee-k bizi zela utzitako mezuak ezagutu ahala hunkitu ginenak.
Bakegilea, kazetari trebea, lesbiana eta LGTB+ aktibista, Harry Potter-en zalea… mundua toki hobexeago bat egiten duten horietakoa zen McKee. 2017an hitzaldi bat eman zuen “Elkarrizketa deserosoek bizitzak salbatzen ditu” izenburupean. Erlijioen mezu homofoboek LGTB+ kolektiboko pertsonengan eragin dezakeen kalteaz (atentatuak, suizidioak…) mintzo da bertan eta hau eraldatzeko giltzak emanez munduko ankerkeria eraldatzeko bidea argitzen digu. Hona hemen gogoan gordetzeko esaldi batzuk:
Elkarrizketak izan behar ditugu, elkarrizketa zailak, eta gure aurka dauden horien bihotz eta gogoengatik borrokatu.
(...)
Halako jendeari galdetzen diozunean, neonazi ohiei galdetzen diezunean, muturreko jendea izandakoari galdetzen diozunean: “zerk aldarazi zizun pentsaera? Zerk eraman zintuen zure ikuspuntua albo batera uztera?”, gauza bera erantzuten dute denek: elkarrizketa bat izan zen.
(...)
Lan bat daukat zuentzat guztiontzat: zuetako edonor deseroso baldin badago ni bezalako norbaitekin, mesedez, etorri niregana hitzaldiaren ondoren eta hitz egin nirekin. Ez dizut lepoa moztuko, ez dizut homofobo deituko. Solasaldi bat izango dugu, hori bakarrik. Eta erakutsiko dizut zu bezalako gizaki bat naizela. Ni bezalako norbaitekin eroso baldin bazaude, izan elkarrizketa bat hala ez dagoen norbaitekin, eta saiatu iritziz aldarazten. Norbaiten bizitza salbatzen egon zintezke.
McKee-k jatorri katolikoa zuen, baina hileta Belfasteko St. Anne katedral protestantean egitea erabaki zuen familiak, hiri zatitu horretan topagune partekatutzat jotzen baita tokia. Kolore guztietako politikari eta autoritateak bertaratu ziren. Ipar Irlandan ez da giro azken aldian (bi urte pasa gobernua hautsita, Brexit-aren mehatxua…), baina hiletan Sinn Féin eta DUPeko buruak, biak emakumeak, elkarren ondoan egon ziren. Ezohiko irudi horren aurrean, elizkizuna gidatu zuen apaiza katolikoak etsipen hunkitu batekin bota zuen: Zergatik, Jainkoaren izenean, zergatik behar izan dugu bizitza osoa aurretik zuen 29 urteko emakume baten heriotza une honetara iristeko? Benetan ere.
Madril aldean datozen asteetan elkarren ondoan eseriko dira kolore askotako pertsonak. Horietako batzuk, egunotan boterez (bozgorailuz, diruz, prestigioz) hornituko direnak, elkarrizketa asko eta oso (oso) deserosoak beharko dituzte. Hogeita lauk, gutxienez. Eta, atzean, askoz gehiagok.
"Lan bat daukat zuentzat guztiontzat"