Imajinatzen?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2019ko uzt. 2a, 10:44

Interneteko reddit foroan hari bitxi bat dago. Norbaitek galdera hau botatzen die gorrak izan diren eta entzumena neurriren batean berreskuratu duten pertsonei: ba al da zarata jakin bat izango zuela uste zenuen zerbait, gero, entzumena berreskuratzean, harrituta utzi zaituena zaratarik egiten ez duelako? 

Erantzunak pasadizoz beteta daude: harrituta daude batzuk haizeak zarata egiten duelako, eta aldiz, elurrak ez, eta ezta eguzki-argiak ere; komuneko ponpari tiratzean ateratzen den eskandaluarekin oihu egin zuenik badago; beste batek titiek soinua egingo zutela pentsatzen zuen; espero ez zituzten soinuen artean agertzen dira norbere pausoen zarata, erlojuen tik-taka, bulegoetako klik, klak, klonk guztiak, kilkerren edo txorien kantua, puzkerren soinua, argi fluoreszenteena, paperarena...

Errealitate baten aurrean informazioa falta zaigunean, imajinazioak hartzen du bere gain istorioa osatzeko lana, eguzkiari melodia jartzen dionak nola. Egunerokotasunean jabetu gabe egiten dugu: pertsona batzuk zerbitzari muturtuari zakarkeria injustifikatua eta beste batzuk prekarietatea diagnostikatuko diote. Deiari erantzun ez dion lagunari zerbait txarra gertatu zaiola imajinatzen dute batzuek, berekoi hutsa dela beste batzuek. Pelikulak sortzen ditugu uneoro. 

Gidoilariak gara geure baitan, eta istorioen hutsuneak betetzean sortzen diren aukerak mugagabeak dira. Distopia beldurgarrienetatik hasi eta lurreko izaki guztiak duintasunez bizi diren arkadietara, edozer imajinatzeko gai gara. Edozer. Irudimena gogoaren ariketa askea dela zioen Ursula K. Le Guin idazleak. Horregatik, hain zuzen ere, gutxiesten da askotan: “Irudimenaren ariketa arriskutsua da gauzak bere horretan egotetik onura ateratzen duten horientzat, erakusten baitu uneko egoera ez dela iraunkorra, unibertsala eta ezta ezinbestekoa ere.”  

Irudimen gehiago behar dugu, eta, batez ere, irudimen hobea. Batzuetan ematen baitu gorrak garela, baina soinua existitzen denik ere ez dakigula.