Nola sortu zen Ellas proiektua?
2017an sortu zen, 17 urtez Someran bizi ondoren San Frantzisko kalera bizitzera joan nintzenean. Someran nengoenean ordu asko eman nituen nire auzokideen argazki bildumetako istorioak entzuten eta horien omenez lehen proiektu bat egin nuen Escalera 17 izenekoa. Horri esker etxeko argazkiak eta bizitza kontakizunak ahanztura prozesuetan erresistentzia tresna bat direla ulertzen hasi nintzen.
Eta Escalera 17 proiektuaren ostean heldu zen Ellas.
San Frantzisko kalera bizitzera joan nintzenean Savina Lafita antropologoa ezagutzeko aukera izan nuen. Emakume nagusiekiko zein argazki bildumekiko interes handia izanda, abentura honi hasiera ematea erabaki genuen. “Auzoko emakumeei beren bilduma familiarrak erakusteko eskatuko bagenie?” galderatik abiatuta.
Zein izan da proiektuaren helburu nagusia?
Memoria kolektiboan oinarritutako atlas bat sortzea du helburu proiektu honek, isilduak izan diren kontakizunak berreskuratu eta erakustera ematea hain zuzen. Emakume anonimoen belaunaldi horri ikusgarritasuna eta ahotsa eman nahi genien, auzoaren beste historia bat eraikitzeko.
Etxeko argazkiak erabili dituzue historia hori eraikitzeko
Oroitzapen pertsonalera garraiatzen zaituzten zuzeneko kanala dira etxeko argazkiak. Baina aldi berean garai bateko estereotipoak eta arau zapaltzaileak ere irudikatzen dituzte. Hau da, norberaren memoriarako ezinbestekoak izateaz gain, generoaren eraikuntza publikoaren islada garbia ere badira, feminitatearen rolak aztertzeko artxibo garrantzitsuak. Rol horiek identifikatzea eta iraultzea da Ellas proiektuaren apustuetako bat.
Pertsonalak izatetik memoria kolektiboa oinarri duen proiektu baten parte izatera igaro dira argazki guzti hauek. Nolakoa izan da parte hartzaileentzako prozesu hau?
Emakumeak, oro har, oso pozik daude. Bai haiekin etxean hitz egin genuenan bai taldean elkartu eta elkarri kontakizunak partekatzeko aukera izan dutenean. Gainera oroitzapenak trukatu ostean kalean argazki horiek ikusi dituzte eta asko poztu dira, batez ere jendeak oroitzapen horiekiko izan duen interesagatik.
Norenak dira argazki horiek?
Argazkiak zein lekukotzak auzoko emakumeekin egindako tailerren eta deialdi parte hartzaileen bitartez jasotakoak dira. Kalean jarritako irudiekin batera, QR kode bat dago eta bertan haien lekukotzak ere entzun daitezke. Proiektua martxan jarri genuenetik, asko dira jasotako argazkiak, kasu batzuetan hilda dauden emakumeen argazkiak zaborrean ere topatu ditugu.
Zenbat istorio jaso dituzu guztira? Zenbat emakumerekin hitz egin duzu?
Benetan, kontua galdu dut! (barreak). Irudiak kalean zabaltzearen ondorioz, proiektua are gehiago ezagutzera eman da, oihartzun mediatiko handiagoa izan du. Orain arte 20 emakumeren testigantzak zeuden, baina Mariaren Bihotza plazan egindakoaren ostean emakume gehiago animatu dira proiektuan parte hartzera. Egun plazan bizi diren emakume gehienen bildumak ditut.
Badago ahaztuko ez duzun lekukotzaren bat?
Denak dira niretzat oroitzapen ahaztezinak, guztiek harritu bainaute.
Azken aste hauetan, Mariaren Bihotza plazan lanean aritu naiz eta Florren testigantza etorri zait burura. Proiektua abian jarri genuenean elkarrizketatu nuen eta ez nuen bere argazkiak ikusteko aukerarik izan, ez baitzituen eskura. Aurreko egunean plazara itzuli nintzenean egun zaharren egoitza batean dagoela esan zidaten, baina auzokide batek Florren argazki guztiak ekarri zizkidan. Duela bi urte plazan bizi zen emakume zaharrenetako bat izateagatik elkarrizketau nuen, eta guda garaian Frantziara bizitzera joan behar izan zela kontatu zidan, argazkietan Florren Frantziako egonaldia ikusi ahal izatea oso hunkigarria izan zen.
Savina Lafitaren laguntza jaso duzula aipatu duzu.
Bai, Savina hasieran egon zen, batez ere prozesu teorikoan. Gero, lagun askoren laguntza ere jaso dut. Erakundeen laguntzei dagokienez, beti izan da oso bitarteko gutxirekin autogestionatutako proiektua. Auzoko hainbat elkarteen arteko proiektu parte hartzailea bihurtu da.
Zelako ekarpena egin dio auzoari?
Bilaketa eta topaketa sustatu duen proiektua da Ellas. Jasotako argazki eta lekukotza guztiak haien artean gurutzatu eta nahastu egiten dira, memoria kolektiboa oinarri duen argazki bilduma bat sortuz. Auzo honen iragana eta oraina gainditzen ditu bilduma horrek, urte askotan zehar anonimoak izan diren emakumeen bizitza erakusten duelako eta aldi berean memoria birsortzen laguntzen duelako.
Nire ustez, lekukotza eta argazki horiek partekatzean eta publiko egitean, historia nagusian kontatu ez den hori balioan jartzen da. Lekukotza horiek argitara ateratzeak errealitate ezberdinak ulertzen eta memoria kolektibo bat sortzen lagundu diezaguke.
Zein da zure ustez, memoriak egun duen garrantzia Bilbo Zaharra bezalako auzo batean?
Bilboko auzo garaietan ematen ari den gentrifikazio prozesuak, premia sozial eta kultural handia ekarri du. Auzoko memoria mehatxatuta dago ematen ari den espekulazioagatik eta horregatik ezinbestekoa da jasotako lekukotza guzti horiek zabaltzea eta ikustera ematea, auzoko oinarriak galdu ez daitezen. Ondarearen eta ahanzturaren artean dagoen defentsa-lerroa da.
Kalean aurkezteaz gain, proiektua beste espazio batzuetara mugitzeko aukera izan duzu?
Ibilbide luzeko proiektua da Ellas. 2017an abiatu genuenetik eraldaketa ezberdinak izan ditu. Hasieran Gorte kalean finkatu genuen, eta bertan proiekzio ezberdinak eskaintzeaz gain, emakumeek zuzenean kontakizunak egin zituzten. Sarean espazioan eta Bizkaia Aretoan ere erakusketak egin izan ditugu.
Asko harritu zaituen lekukotzaren bat aipatuko zeniguke?
Den-denek harritu naute, baina bat aipatu beharko banu Sagrarioren lekukotza da. Kontakizunean bere ijito familiaren iragan anarkista, auzoko prostituten istoria eta kartzelan egondako pasarteak gurutzatu zituen. Beste bat aipatu beharko banu, Sagrada Concepcion komentuko mojen argazki bildumak dira.