Dena dela, Bilbok merezi ei zuen ginda hori honezkero usteltzen hasia den arren, diru-goseak maldak zelaitzen ditu eta planifikatzaileak ere ez daude geldi. Koloretako erakusleiho bihurtu dute auzoa, domeketan parke tematiko, betiereko propagandaren mesedetan. Promozio-lanek eta dirulaguntzen ukendu eztiak zomorro modernoago eta koloretsuagoak erakarri dituzte, Sormenaren Irla 4.0, eta badaezpada, aldian-aldian enegarren hirigintza-asmo politikoki polita salduko diete bilbotar ameslari guztiei. Mozorro perfektua.
Egia esan, erriberatarrok Inauterizaleak gara oso, bada, “bien bitartean”, alegia, nork berea seguru samar duen artean, auzoa modan eta bertan goxo, ezta? Larri ibili, baina! Aratusteok badute alde ilunik: paisaia desolatuan isolatuta, hormez eta latazko hesiz bete zaizkigu bazterrak, adreiluaren txintxina bainoago hondeamakinen zarata dugu soinu-banda, ogia erostera ere Deusturako bidea egin behar... Eta, gainera, horri guztiari azken urteotako suntsiketa subrogatua gehitu behar: lantegiak ixteak eta utzikeria planifikatu sistematikoak eraikin abandonatuen arpilatzea ekarri du, eta horrek txikizioa eta bestelako hainbat arazo. Horrela, gure muturren aurrean auzoa itxuraldatzen eta desegiten ari zaizkigu. Eta ezer ez da kausalitate hutsez gertatzen.
Azkena, Vicinay Cadenas enpresak auzoa utzi behar izan duenekoa. Eraikin itzela hutsik eta utzita: aurrikusia omen haren berrerabilera, ikusteko zein egoeratan geratuko den laster. Bestalde, auzoko elkarteek aspaldi salatu zuten lokal gabezia, baina ez entzun egin zaie behin eta berriro. Ez dago zomorro-komunitate honentzat erabilera anitzeko lokalik pabiloi abandonatuen erreinuan.
Errealitatea egoskorra da baina geu ere ez gara makalak. Begibistakoa den mozorro hori salatu nahi dugu, eta eskatu, arren, herri-zerbitzari filantropo agurgarriei utz gaitzatela zomorrooi geurea egiten, bizitzen alegia.
Erriberak BIZINAHI du!
Nerea Etxaniz Osa
Deustuko Erriberako auzokidea