Plazer... ikaragarria

Erabiltzailearen aurpegia nrtz 2014ko mai. 9a, 19:14

Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, FANT, hastear dela-eta, jaialdiaren aurkezpen eta jarraipena egitera gatoz; aiztoak zorroztu eta goza dezazuen.

"Beldurrezko filmek ez dute hiltzailerik sortzen; haien sormena aberastu baino ez dute egiten"

"Scream", 1996.

 

Ikararekin gozatzea plazer ikaragarria ei da.

Horren erakusle dira beldurrezko filmek munduko bazter heze eta ilunetan barreiaturik dituzten zaleek erakutsi ohi duten grina. Eta ohar modura genero fantastikoaren jarraitzaile amorratuak ez garela aitortuta -aditua bazara ez egin jaramonik guri-, hastear den Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren harira, proposamen batzuk egiten ausartuko gara, jaialdiarenganako kuriositatea duzuenontzat. Fas zinekluba, Zinebi edo Zinegoak legez, zinemaz gozatzeko beste aukera bat baino ez da-eta FANT... odoltsuagoa bada ere.

Hogeigarren urtemuga du aurtengoa FANT zinemaldiak, gaur hasi eta maiatzak 16ra bitarte. Eta azken bi edizioetan jaialdia suspertu eta hazi denez (publikoaren % 50a irabazita), Bilboko Udalak aurrekontua handitu -%20an, garaiotan ohi ez dena- eta film emanaldiak ugarituta ospatuko du aurten efemeride borobila; 40 film luze eta 40 film labur ezagutzeko aukera izango da.

Genero fantastiko eta beldurrezkoaren pantaila bihurtutako FANT-ek Jorge Doradori eskainiko dio aurten Fantrobia Saria, egile berriak sustatzeko sortua. Madrildarrak "Mindscape" du aurreneko film luzea, Bilbon eguenean, maiatzaren 15ean botako dena (17.30ean Golem-en).

Sail Ofizialaz eta FANT Laburrean lehiaketaz aparte, FANT-ek Koreako zinemagintzari eskainitako atala, Calle 13 katearekin batera atondutako #littlesecretfilms eta xarma handiko lanen bilduma den Panorama Fantastikoa zikloak ere antolatu ditu, baita aspaldiko lanak berreskuratzen dituen Fant Maisuak eta eta Fant Erreskatean atalak ere. Gainera, Sants eta Molins de Rei-ko jaialdietatik ekarritako film laburrei eskainitako beste leiho bat ere irekiko du.

Aparte, jada klasiko bihurtu den Nontzefilmak (bihar 22.00etan Golem-en, behar duen bezala, euskarazko azpitituluekin!) eta aurten, 20. urteurrena ospatzeko Canal Plusen babespean antolatu den trailer faltsuen lehiaketa ere jasoko ditu zinemaldiak.

Eta zinema aretoetatik kanpo, Gidoi ikastaro bat -Zinema eta Telebistarako Beldurrezko gidoiena-, Animaziozko Proiektu baten Zuzendaritzari buruzko masterclass bat eta kontzertu bat ere izango dira jaialdiak antolatuta, Def Con Dos-ek Evidence aretoan eskainiko duena, maiatzaren 16an.

Sarrerak salgai dira jada 5 eurotan, eta jaialdi osorako bonoak 25 eurotan. Doaneko proiekzioak ere ugariak dira.

Donostiako Beldurrezko Astearen eta Madrileko Nocturna jaialdien eta, batez ere, Sitgeseko jaialdi sonatuaren azpitik ei da FANT, Estatuko zinemaldi fantastikoei dagokienean, baina gero eta gehiago da bertaratzen den zale amorratuen saldoa; emanaldietan oihu, barre eta txalo zaparrada, sekulako giroa pizten da!

 

Campos Eliseos Antzokian gaur

Jaialdiak Alfredo Montero espainiarraren "La cueva" botako du gaur Campos Antzokiko Irekiera Ekitaldian (20.00etan hasiko da Lander Otaola antzezleak zuzenduko duen gala) -filmeko lan taldea da argazkian zinemaldiko zuzendari Justo Ezenarrorekin agertzen dena-.

Monteroren arabera, "muturreko biziraupenari buruzko lana da" uztailaren 11n zinema areto komertzialetara helduko den “La Cueva”.

2012ko Sitgeseko zinemaldi ospetsuan proiektatu ostean, eta ekoiztetxe indartsu batengandik jasotako babesari esker, filma goitik behera berreginda aurkeztuko da Bilbon -antzezleak eta zuzendaria bera aretoan direla-, Malagako Zinemaldian hiru sari jaso eta gero.

"Hollywood-en ohiko kontua da aurremuntaia baten ostean filmatze lanak berriro egitea; gurean ez ordea -Espainiaz mintzo da zinemalaria-. Baina antzezleak prest agertu ziren eta aurrera, kobazuloan sartu ginen berriro". Horrela, pertsonaien arteko harremanetan sakondu eta tentsioa areagotu ahal izan zuten, azken emaitzaren mesederako. Morena Films ekoiztetxea egitasmora batu izanari buruz, "filmaren funtsa, mamia, bere horretan mantendu da -jarraitzen du zinemagileak-, baina hazi egin da "La Cueva"; lehen pelikula txikia zen, eta orain handia".

Monterok Formenterako kobazuloa ezagutu ostean idatzi zuen "La Cueva" filmeko gidoia, eta atmosfera itogarria sortzea zuen asmoa.

"La Cueva" kamera aldean hartuta grabatua dagoen 80 minutuko filma da, musika eta soinu efekturik gabea eta elementu fantastikoei muzin egiten diona.

Oporretarako asmoz Formenterara jo eta kobazulo batean galtzen diren bost lagun ditu protagonista, eta kanpora irten ezinik, beraien artean piztuko den giro gero eta aldrebestuagoan du beldurra. "Nola edo hala bizirik irtetzea izango du helburu bakarra haietariko bakoitzak", sinopsiari kasu eginez gero.

Montero zuzendariak onartzen duenez, kritikariren batek egungo espainiar gazteriaren egoera ikusi nahi izan du "La Cueva"-k ilunpean galduta agertzen duen boskotean.

 

Euskal filmak, FANT Laburrean

Irekiera Galaz aparte, gaurko jarduna FANT Laburrean atalean lehian diren euskal film laburrak proiektatuta itxiko du zinemaldiak (22.45etatik aurrera Campos Antzokian -guztira bi orduko emanaldia-), edo hobeto esanda, EAE-n egindako hamaika film labur (zortzi bizkaitar, bi gipuzkoar eta arabar bakarra) azpititulazio elebidunarekin pantailaratuta:

"016" Arte Ederrak ikasitako Alicia Marina soriarraren lehen lana da, 7 minutukoa, eta emakumeen aurkako indarkeria du gai -tratu txarrak salatzeko 016 telefono zenbakiak ematen dio izena-.

"Colera" Zinebin ezagutu ahal izan genuen fikzio lana da, 6 minutukoa, Aritz Morenok zuzendua. Luis Tosar antzezle ezaguna du protagonista, koleraz jotako iraganeko herri batean...

"De noche y de pronto" Arantxa Echevarríak zuzendu du (19 minutuko film laburra da). Badakizue: "Gauez etxeko atea jotzen badute, batzuetan hobe da ez zabaltzea".

"Decisiones" film laburra Ivan Miñambresen lana da (13 minutukoa) -Gorka Otxoa eta Ramón Barearen parte hartzea du- eta egun bakar batean zehar, horretaz jakitun garela edo inkonszienteki, hartu beharreko milaka erabakiei buruzkoa da.

"Jako de Troya" Javier Arriagaren lanak, 10 minututan, drogez eta heroinaz baino gehiago, "norberekoikeriaz eta amen maitasun agortezinaz egiten du berba", zuzendariaren esanetan.

“Mirage”, Iker Maidaganen animaziozko filmak (9 minutu), mutiko Inuit bat aurkeztuko digu, arrantza egitearren beste inor inoiz heldu ez den lekura iritsiko dena, Artikoko tundran barrena.

“Nosotros que nos queremos tanto” 9 minutuko filmean Iñaki Reynak Alex eta Irati aurkezten dizkigu. Parke batean lotu dira, berba egin behar dute-eta.

“Otsoko” Ander Iriarte zuzendariaren 14 minutuko film laburra da, "mendietako yaun ta yabe zein dan" gogoraraztera datorrena.

"Peter Pan” Imanol Ortiz zuzendari duen 4 minutuko lanak galdera bat zuzentzen dio ikusentzuleari: "Superheroietan sinesten duzue?".

“Una mierda de Slasher”, Miriam Ortegak zuzentzen duen lehen filma generoari egindako omenaldi dibertigarria da, 12 minutukoa. Hiltzaile psikopata baten eskuetan errenkadan erortzen diren nerabe irtenei buruzko filmei deitzen zaie slasher.

“Yayos” Roberto San Sebastiánen lana da (15 minutu), harrigarriro bizitzeko energia berreskuratu eta hirugarren gaztaroa bizi duen aitite bati buruzkoa.

 

Hamaika film labur, 2.000 euroko sari nork lortuko lehian.

 

* Bitxikeria bat: Egunotan Wachowski-tarrak ("Matrix" filmen arduradunak) Bilbon filmatzen dabiltzala-eta, sare sozialetan FANT-en Irekiera Galara gonbidatzeko proposamena egin du bat baino gehiagok. Agertuko ote dira?