“Espazioan, garrasi eginda ere, inork ez zaitu entzungo”
“Alien”, 1979.
Lander Otaola aktoreak gidatu zuen gala apal batek (kasik elebakarra -asmatu zeuok zein hizkuntzatan-) ireki zuen atzo FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, hiriko alkatea bera Campos Antzokian zela; “zinema fantastikoaren eta beldurrezkoaren zale izango zarete, politikariak izanda!”, bota zien Otaolak, eta mesedez filma bukatu arte bertan egoteko eskatu. “La Cueva” itogarria ikusi genuen gero, eta filmaren zuzendaria zein bost antzezleak bertan zirela profitatuta, mukuru betetako antzokian berbaldia ere izan zen bukaeran; dibertigarria oso -gaueko unerik onena-.
Modu horretan, jada FANT zinemaldiak martxan du jada XX. edizioa, eta badenez zertaz gozatu, Atal Ofizialetik kanpoko ziklo eta ekitaldietako batzuk azpimarratuko dizkizuegu, ikusi beharreko edo... galdu ezinezkoen proposamen modura. Atal Ofizialak bihar ekingo dio lehiari, eta beraz, bihar hartuko dugu ahotan.
- FANT LABURREAN
(GAUR, 19.45ean Golem 1 aretoan, 5 euro)
Ez da zinemaldiko emanaldirik iragarriena izaten, baina zaleek asko estimatzen duten atala da FANT Laburrean, beti aurkitzen baita harrituko zaituen lanen bat bertan.
Zaila izaten da aretoratu aurretik filmen berri izatea eta normalean itsu-itsuan gerturatzen da zalea FANT Laburrean emanaldira; honakoan baina, "Lights Out" lan suediarrak jakinmina piztu du, apenas 3 minutu irauten dituen lana fenomeno birala bihurtu baita sare sozialetan, lavacadetwister adituari irakurri diogunez.
Hamabi dira aurten sailkatu diren film laburrak (bi animaziozkoak, "DJI. Death Fails" eta "Kali o pequeno vampiro"):
- "DJI. Death Fails", Dmitri Voloshin (Moldavia) -4 minutu-
- "Dring of the Dead", Gäel Pouvreau eta Mathieu Auvray (Frantzia) -5 minutu-
- "Een verre reis", Kurt Platvoet (Herbereak) -16 minutu-
- "Kali o pequeno vampiro", Regina Pessoa (Portugal) -9 minutu-
- "La buena muerte (Cristo de)", Suda Sánchez (Espainia) -10 minutu-
- "Lights Out", David f. sandberg (Suedia) -3 minutu-
- "Metube: August sings Carmen ´Habanera´", Daniel Moshel (Alemania) -4 minutu-
- "Mr. Dentonn", Iván Villamiel (Espainia) -9 minutu-
- "No mires ahí", Daniel Romero (Espainia) -15 minutu-
- "Sequence", Carles Torrens (Espainia) -20 minutu-
- "Subterráneo", Miguel A. Carmona (Espainia) -14 minutu-
- "Zugzwang", Yolanda Centeno (Espainia) -9 minutu-
- NONTZEFILMAK
(GAUR 22.00etan Golem 2 aretoan, doan)
Nontzeberri kultur atariak urtero antolatu ohi duen Nontzefilmak lehiaketak gaur banatuko ditu sariak, FANT egitarauaren baitan Golem aretoetan emanaldia eginda.
Ikusentzunezko lehiaketa online egiten da eta mundu osoko film laburrak jasotzen ditu, zinema fikziozkoak zein animaziozkoak. Guztiak hiru sari jasotzeko lehian; Zinemako Lanik Onenari eta Animaziozko Lanik Onenari sariak, mila eta bosteuna eurokoak, eta Euskarazko Film Onenari Saria, potoloagoa berau, 2.000 eurokoa, Nontzeberrik euskarazko lanak hobesten dituela-eta.
Aurtengo edizioan, hamalaugarrenean, eta Julen Azpitarte arduradunak kontatu digunez, 75 film jaso ditu Nontzefilmak lehiaketak, horietako 21 Euskal Herrikoak. Atzerritarren artean, badira AEBetako, Errusia zein Latinoamerikako lanak ere. Batzuk dramatikoak, umoretsuak besteak; teknika ezberdinekin eginak eta askotarikoak izan ohi dira. Horietariko hogei gaur gauean proiektatuko dituzte, euskarazko azpidatziekin, urtero gainezka egin ohi duen zinema aretoan eta giro paregabea lagun. Proiektatuko dira:
Zinema lanak:
-
Boris Franco Navarreteren “Hola papá” (Espainia)
-
Gorka Larralde del Solaren “Txintxo ibili” (Iruñea)
-
Herminio Cardielen “Focus” (Bilbo)
-
David Galán Galindoren “Push up” (Bilbo)
-
Koldo Almandozen “Bandera” (Donostia)
-
Juls Garsen “Tipos serios” (Espainia)
-
Ion Vázquezen “Plaza bakarra” (Irun)
-
Alberto Gastesiren “Ahaztutako Denboraren mapa” (Donostia)
-
Néstor Fernándezen “Morado” (Katalunia)
-
Javier Marcoren “Voluntario” (Espainia)
-
Bogdanen “Mayoría absoluta” (Espainia).
Animaziozko lanak:
-
Nikolay Belov-en “Dark voice of Angelique – Woodpecker” (Errusia)
-
Jaime Ekkens-en “A Life with Asperger´s” (AEB)
-
Nacho Rodríguezen “A lifestory” (Espainia)
-
Amaia Zuriarran Cabreraren “Tiroketa” (Anoeta)
-
Carlos Cenoz Bermejoren “Discovery” (Nafarroa)
-
Juan Belmonteren “Galactic Morning (Katalunia)
-
Gerardo Cosenzaren “Libertad” (Argentina)
-
Stefano Decataldo Ayarzaren “Bihotza isilpean dagoenean” (Portugalete)
- FANT 2 Fun – GRINDHOUSE TROMA
(GAUR 22.00etan Golem 1 aretoan, 5 euro)
FANT 2 Fun atalaren barruan, Grindhouse Troma gaua hartuko du zinemaldiak, “The Toxic Avenger” eta “Redneck Zombies” botata.
1974an Michael Herz eta Lloyd Kaufman-ek sortua da Troma; filmen ezaugarri nagusiak sexua, indarkeria eta odol litroen gehiegizko erabilera dira.
“The Toxic Avenger” (Michael Herz eta Lloyd Kaufman -AEB 1984-)
Tromaren filma ospetsuena ei da honakoa (gazteleraz “El vengador tóxico” izenarekin ezagutzen da), bertako protagonista, aurpegia desitxuratua duen Toxie mutantea baita korporazioaren irudi nagusia -berau ageri da argazkian-.
Lanak sekulako arrakasta izan eta beste askoren oinarri bihurtu zen, baita umeentzako marrazki bizidun eta antzerkirako musikal ere. Hartu zuen lanbasak eta goza!
Sinopsia: Melvin, Tromaville izeneko herri txikiko gimnasioko garbitzailea, gazte talde batengatik ihesi dabilenean, upel erradioaktibo batera jausten da. Erradiazioak super-gaitasunak dituen munstro mutante bihurtuko du; horiek erabiliz hiria gaiztakeriatik askatuko du.
“Redneck Zombies” (Pericles Lewnes -AEB, 1989-)
Odoletan blai ei dator efektu merkez jositako film ezin dibertigarriagoa (gazteleraz “Zombies paletos” deitua).
Istorio zentzubakoak eta protagonista borderliner-ak.
Sinopsia: Marylandeko baso batean hondakin erradiaktiboak dituen bidoia agertzen da eta nahiko baldarra den nekazari talde batek edukia destilatu eta auzokoen artean banatzen du. Denbora gutxira, biztanleek mutazioak pairatu eta gizakien haragia nahi duten izaki bihurtzen dira. Basoan egun pasa joandako naturzale alaiak izango dituzte zonbiek harrapakin nagusi.
“Z saileko zinemaren industriako buruaske basatienaren bi lan ospetsu” hauek proiektatuta zinemaldiak “lehen urteetako izaera gangarra berreskuratu” nahi omen du. Gainera, emanaldia Sextrella bizkaitar porno antzezle probokatzaileak gidatuko du, eta gau osoan zehar, ez dira aretoan ozen egindako komentarioak eta zentsurik bako oihuak faltako.