Lehia FANTastikoa

Erabiltzailearen aurpegia nrtz 2014ko mai. 11a, 04:58

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak asteburuan martxa hartu eta Atal Ofiziala jarriko du gaur lehian, hiru film pantailaratuta: "On Air" alemaniarra eta "Coherence" zein "Cheap Thrills" estatubatuarrak.

Hamaika dira FANT zinemaldiko Atal Ofizialean lehiatuko diren film luzeak, sari nagusia nork erdietsiko. Gaurtik martitzenera bitarte, hiruna proiektatuko dira egunero Golem zinemetako 1. Aretoan, 17.30ean, 19.45ean eta 22.00etan, eta bi eguaztenean, 19.45ean eta 22.00etan.

Gaur, maiatzak 11, Marco J. Riedl eta Carsten Vauth alemaniarren “On Air” izango da pantailaratzen lehena bazkalostean, eta E.L. Katz estatubatuarraren “Cheap Thrills” azkena gauez; tartean James Ward Byrkit-en “Coherence” proiektatuko da, estatubatuarra hau ere.

Filmen aurkezpenak egiteko, haietako bakoitzak ordezkariren bat izango du Bilbon; “On Air” lanak bi zuzendariak ez ezik Charles Rettinghaus antzezlea, “Coherence” filmak Nicholas Brendon antzezlea -argazkian kapela eta guzti ageri dena- eta “Cheap Thrills” filmak zuzendaria.

 

“On Air” (Alemania 2013, 95 minutu).

Marco J. Riedl eta Carsten Vauth zuzendari dituen thriller dibertigarria. Ingalaterrako Errenazimentuaren hasieraz geroztik Shakespeare eta John Webster bezalako egileei esker ezaguna egin zen Grand Guignol delako beldurrezko antzerkian mugiltzen da filma, inongo konplexurik gabe.

Serie hiltzaile bati aurre egin behar dion irrati pirata bateko esatari baten inguruan antolatua dago istorioa.

 

“Coherence” (EEBB 2013, 89 minutu).

“Karibeko Piratak” filmeetako storyboardak sortu zituen James Ward Byrkit-ek zuzendari gisa egin duen lehendabiziko lan honek istorio zirraragarria dakar kometa bat igarotzeak jendearengan sor ditzakeen eraginen inguruan.

Gidoirik onenaren saria irabazi zuen Sitges-eko Jaialdian.

 

“Cheap Thrills” (EEBB 2013, 88 minutu).

Komedia eta dramaren artean balantzaka, E.L. Katz-ek giza-kondizioaren erretratu suntsigarri bezain dibertigarri eta beldurgarria osatu du, emozio gogorren zaleak direnen mesedetan.

Langabezian dagoen aita etsi batek senar-emazte aberats eta arraro batzuk ezagutu ditu, diru truk hainbat tratu eskainiko dizkiotenak.

 

Sail Ofiziala osatzen duten bederatzi filmetatik lauri buruz ondo berba egiten entzun dugu. “Vals con Bashir” animaziozko filma zuzendu zuen Ari Folman-en “The Congress” da baga, Sitgeseko azken zinemaldian Kritikaren Saria eskuratu zuena, baita Zinema Europearraren sarietan Animaziozko Film Onenari dagokiona ere. Eta ospea duen Ti West estatubatuarraren “The Sacrament” da biga, zinemaldian jakinmin gehien sortu duen filma, antza. Beste biak, higa eta laga, gaur domeka proiektatuko diren “Coherence” eta “Cheap Thrills” dira; beraz... adi!

Lehian diren gainontzeko fiilmak bihar eta etzidamu artean ezagutu ahal izango ditugu. Astelehenean “Escape From Tomorrow” (17.30ean), “The Sacrament” (19.45ean) eta “OXV: The Manual” (22.00etan); martitzenean “The Fake” (17.30), “The Congress” (19.45ean) eta “Faraday” (22.00etan); eta eguaztenean “Haunter” (19.45ean) eta “Open Grave” (22.00etan). Sarrerak 5 euro balio du (4 Alhondegiko txartela izanez gero), eta bonoak 25 euro (20 txartelarekin).

 

Korea FANT

Gainontzeko ataletatik bakar bat aipatzearren, Korea FANT zikloa ere gaur abiatuko da, Golem zinemetako 2. aretoan eta doan!

Park Chan-Wook -iaz “Stoker”-en aurre estreinaldia egin zuen Bilbon eta bertan izan genuen- eta Kim Ki-Duk bezalako zuzendariei esker mendebaldean gero eta ezagunagoa egiten ari den den Koreako zinemagintza ezagutzera ematera dator zikloa, besteak beste Hyun-seung Lee-ren 2005eko “Il Mare - Siworae” filmarekin (17.30ean proiektatuko da).