"Gera zaitez geugaz olgetan!"
"The Orphanage", 2007
Zapatu gauerdian “Redneck Zombies” jada klasikoa ikusi eta etenaldia egin genuen Bilboko Zinemaldi Fantastikoan. Edo ez, domeka eguerdian familiarteko baten Lehen Jaunartzea baikenuen. Hogeiren bat ume koskortu, `marinerito´ edo `printzesa` jantzita, Jaunaren gorputz eta odola irensteko desiratzen.
Pantailaz kanpoko FANT-en genduela zirudien... hau beldurra!
Eta behin Atal Ofiziala abian, hauek dira gaur, astelehenak 12, lehian izango diren hiru filmak: 17.30ean Randy Moore-n “Escape From Tomorrow” eta 19.45ean Ti West-en “The Sacrament”, film estatubatuarrak biak ala biak; eta Darren Paul Fisher-en “OXV: The Manual”, koprodukzio britainiar-australiarra. Hirurak Alhondegiko Golem 1. aretoan botako dira, eta sarrerak 5 euro balio dute.
“Escape from Tomorrow” (AEB 2012, 90 minutu).
Senar eta aita amerikar heldu batek, lana galdu duenaren berri duenean, borroka epiko bati ekiten dio. Emazte nekagarriari eta seme-alaba urduriei ezer esan barik, familia jolas-parke batera eramaten du, gaztelu sorginduen eta miragarrien ipuinetako printzesen artean eguna igarotzera. Laster, fantasiaren lurraldeko poztasun aurrefabrikatua bere subkontzientea oinaztatzen hasten da, eta oporraldi idilikoa behar zuena irudipen paranoidez betetako amesgaizto ilun bihurtuko zaio.
Walt Disney World Resort-ean ia osorik ezkutuan grabatutako lana da Randy Moore-n filma -marrazki bizidunetako erraldoiari graziarik egin ez diona-; kutsu surrealista duen fantasia. Zuri beltzean filmatua, pelikula Sundance jaialdi sonatuan izan zen iaz eta azpititulazio elebidunarekin helduko da Bilbora.
“The Sacrament” (AEB 2013, 95 minutu).
Hiru kazetarik komuna batera bidaia egiten dute, talde sasi-erlijioso bati buruzko erreportaje bat egiteko asmoz. Bertan daudenean, sektako liderraren irudi karismatikoak liluratu egingo ditu, idilikoa dirudien komunitatean guztiak ematen duten bezain zoriontsuak ez direla sumatzen duten arte.
Azken urteotako beldurrezko zinemaren erreferente bihurtu eta 2011n “The Innkeepers” zuzendu zuen Ti West (Bilbon izan da egunotan, filmeko Kate Lyn Sheil antzezlearekin batera) gaztearen azken lana da Sitges-en bota zen “The Sacrament”. Filmak 70. hamarkadako Jonestown-go sekta du ardatz; denek bat eginda egin zuten beren buruaz beste.
“OXV: The Manual” (Britainia Handia-Australia 2013, 105 minutu)
Gure ez den beste garai batean, gizakien frekuentzia aurkitu da. Frekuentzia altua baduzu, zorionekoa zara berez, beti leku egokian momentu aproposean. Frekuentzia baxua baduzu, berriz, naturaren lege guztiak azpijokoan dituzu.
Eta frekuentzia guztiz baxua duen Zak gazteak Marie aurkitu du, oso frekuentzia altua duena. Naturak euren bideak inoiz ez elkartzea bermatu beharko luke..., baina gurutzatzen dira; frekuentziak aldatea eta Marierekin egotea bihurtzen da Zaken obsesio. Baliteke aurkikuntza berriek bere ametsa betetzea ahalbidetzea.
Zientzia fikzioa eta komedia erromantikoa batzen dituen ohiz kanpoko lan zeharo originala omen da “OXV: The Manual”, Darren Paul Fisher zuzendari duena.
Aparte, Ikuspegi Fantastikoa atalean (FANT Panorama), film luzeen txanda dugu -laburrak zapatuan bota ziren-; Santiago Alvaradoren “Capa caída” proiektatuko da 22.00etan Golem 2. aretoan, doan.
* Oharra: Igandean lehian ziren lehen hiru filmak proiektatu zituen Atal Ofizialak, eta jaialdiak iragarrita zuenez, lan bakoitzeko antzezle edo zuzendari baten aurkezpen eta guzti. Baina gauzak zer diren, hirutik bik azken orduan kale egin zutela-eta, atsegabeturik ziren atzo. Jarduna ixten zuen “Cheap Thrills”-en kasuan, E L. Katz zinemagilea gertatutakoaz haserre zegoela-eta, twitter bidezko elkarrizketa bat iragarri du FANT jaialdiko antolakuntzak. Filmari buruzko jakinmina duen orok -guri gustatu zitzaigun-, igorri ditzala galderak #EvanKatzFANT20 traola erabilita, estatubatuarrak erantzun ditzan.
Txoritxo bati aditu diogunez, gauerdiko proiekzio bukatzear zela, Alhondegirako bidea hartu eta bertako gau zaindariek sarrera debekatu bide zioten E. L. Katz zuzendariari, gunea jada itxita zegoela-eta.