West: “Frustragarria da filmak aretoetara ez heltzea”

Erabiltzailearen aurpegia nrtz 2014ko mai. 13a, 03:45

Bilboko FANT zinemaldiko Atal Ofizialak Ti West-en "The Sacrament" aurkeztu zigun atzo, egungo beldurrezko zinemaren erreferente bihurtutako zuzendari gaztea Bilbon bertan zela.

“Denak hil badira... nork ehortzi ditu?”

“Exorcist: The Beginning”, 2004

Sitges-eko azken edizioa itxi zuen “The Sacrament” filmak, Ti West-ek harreman berezia baitu kataluniar jaialdiarekin. Atzo, estatubatuarra Bilboko FANT jaialdian parte hartzekoa zela-eta, zinemagile gaztearekin berba egiteko aukera izan genuen Alhondegian.

1980ko urrian Delaweren jaio zen Ti West, AEBetan. Gaztea izanagatik baina, bide oparoa dabil zinemagintzan azken hamarkadan; 2011ko “The Innkeepers” du lanik azpimarragarriena. Honakoan baina, “The Sacrament” filmarekin biltegi ilunetatik landa zabalera eraman nahi izan du izua, ilunpetik egun argitara. Bere burua behin eta berriro errepikatu baino aldatzea nahiago duela-eta, “interesgarri izaten jarraitu nahi dut”, onartu zuen atzo Bilbon, erregistro aldaketa azaltzerakoan.

“The Sacrament” sekta bati buruzko dokumental faltsua da, naturaz gaindiko elementurik gabekoa eta benetako gertaeratan oinarritua, 70eko hamarkadako gertakari bat gogorarazten baitu: Guyanan Jim Jones-ek sortu zuen Herriaren Tenplua sekta, buruaz beste egitera eraman zuena.

Estrenaldia Veneziako zinemaldi ospetsuan izan zuen filmak talde sasi erlijioso baten inguruan hiru kazetari filmatzekoak diren erreportajea erakusten digu, edo aipatutako sektaren azken 24 orduak, guztiak batera buruaz beste egin baino lehenagokoak. Ematen du erreportarien irudiak direla guk filman zehar ikusiko ditugunak, “baina dokumental faltsu formatua izanik -erraietatik eta errealismoz egina-, ez da norbaitek zintak aurkitu dituela-eta emandako lana”, zuzendariak found footage generoa “agortu samar” dagoela onartu baitzuen, bizkaitar zinema aditu batek luzatutako galderari erantzunez.

Found footage edo aurkitutako metrajea (dokumental faltsua), zinemagintzako genero bat da, 1980ko Cannibal Holocaust” aitzindari duena, eta seguruenik, 1999ko “The Blair Witch Project” lanik ezagunena. Sarri protagonistak kamera atzean, pantailaz kanpo ageri dira -istorioak lehen pertsonan kontatuz- tankera honetako lanetan, eta kameraren mugimenduak bizkor eta ezegonkorrak izan ohi dira, errealismoa areagotzeko.

“The Sacrament”-ek komuna batera bidaia egiten duten Vice komunikabideko hiru erreportariren istorioa kontatzen du. Haietako batek, bisita egin diezaion, arreba drogazalearen gonbitea jasotzen du, desintoxikatu eta zoriona aurkitu bide du-eta. Bertan daudenean, sektako liderraren irudi karismatikoak liluratu egingo ditu hasieran baina... dena ez da ematen duen bezain idilikoa, utopia faltsua da hasieran polit zena. Guztiek “father” deitzen duten gizona da liderra -itzel dago antzezlea-, West-en aburuz “filmeko gakoa” dena, “beti pausu bat aurretik baitago, modu paranoiko batean bada ere den-dena kontrolpean duela”.

Kritikariren batek “The Island of Dr. Moreau” filmaren eraginak aurkitu dizkio West-en lanari; “izan daiteke”, erantzun zion honek.

Filmea aspaldiko lagunen artean filmatu zuen Ti West-ek, eta lan taldean elkar ezagutza handia zegoenez, “traumatikoa izan beharrean, eta horrelan izaten dira, atseginak suertatu zitzaizkigun filmatze lanak”. Ekoizle lanetan Eli Roth izan duela-eta, antzezle moduan besteak beste Tarantinoren “Inglourious Basterds” eta makina bat beldurrezko filmetan lan egindakoa, “bi motatako ekoizleak ezagutzen ditut”, adierazi zuen West-ek. “Batzuk beraien marka edo ukitua utzi nahi dute beti pelikuletan; ekoizle onak berriz, zuzendariari egiten utzi eta zinemagintzarako bidea erraztera mugatzen dira”. Azken talde honetakoa ei da Roth.

Beldurrezko zinemaldietan gizon mirestua den arren, bere filmetako gidoi (eta elkarrizketa) guztietaz ere arduratzen ei den Ti West-en lanek nekez aurkitzen dute distribuzioa eta, beraz, apenas heltzen dira zinema aretoetan. Bilbon eta FANT-etik kanpo, adibidez, ez da inoiz bere lanik ikusteko aukerarik izan. “Nahiago nuke horrela ez balitz -esan zuen atsekabeturik-, baina gero eta ohikoagokoa da kontua, batez ere indarra galtzen doan zinemagintza independientean. Horregatik bidaiatzen dut horrenbeste zinemaldiz zinemaldi, nire lanek aukera bat izan dezaten; baina frustrantea da oso”.

Ti West-ek egitasmo potolo bat du egun eskuartean, “In the Valley of Violence”; John Travolta eta Ethan Hawke izarrak antzezle izango dituen wester bat. “Revenge movie bat izango da (mendeku filma)”, dio zuzendariak (mendeku filma). Hawke mexikora jo eta arazoetan sartzen den morroia da filman, eta Travolta berriz herriko marshall edo sheriff-a. Etzi, eguena, dira filmatzen hastekoak.

Egitasmo berrian Hollywood-eko izen potoloekin lan egingo duela-eta, Ti West ez ei da sortzeko askatasuna galtzearen beldur; “Travolta eta Hawke-k, eurak jo baitzuten nigana, siniste osoa dute nigan”.

Iaz Park Chan-Wook hego-korear zuzendariarekin gertatu zen bezala -Hollywood-en garatzen zuen lehen ekoizpena, “Stoker” filmaren aurrestreinaldia egin zuen Bilbon-, FANT zinemaldiko gonbidaturik nabamenena izan da aurten Ti West; igartzen zen, prentsa aretoa leporaino zegoen-eta. Estatubatuarrak ez dauka oraindik hego-korearrak zinemagintzan duen itzala, baina bide luzea du ibiltzeko; bera ei da beldurrezko zinemaren etorkizuna.

 

Lehia gaur eta bihar

FANT jaialdiko Atal Ofizialak film erdiak baino gehiago proiektatu ditu jada eta, gaur eta bihar artean bost film ezagutzera emanda itxiko du lehia.

Martitzenak 13! da gaur, eta beste hiru film ezagutuko ditugu Atal Ofizialean; horietatik bi animaziozkoak; 17.30ean botako duten Sang-ho Yeon-en “The Fake” hego-korearra eta 19.45ean botako duten Ari Forman-en “The Congress” -bereziki gomendatu digute-, koprodukzio frantziar-israeldarra. Norberto Ramos-en “Faraday” film espainiarrak itxiko du jarduna, gaueko 22.00etan.

Eta bihar eguaztena, oraindik bizirik bagagoz, beste bi proiektatuta bukatuko da lehia: 19.45ean Vincenzo Natali-ren “Haunter” koprodukzio kanadiar-frantziarra eta 22.00etan Gonzalo López Gallegoren “Open Grave” film estatubatuarra. Azken bi hauek, martitzeneko “Faraday” eta igandean bota zuten “Cheap Thrills” filmekin batera, zuzendaria gidoigile ere izan ez duten film bakarrak dira, lehian dire hamaiketatik.

 

"The Fake" (Hego-Korea 2013, 101 minutu -animaziozkoa-).

Urtegia eraikitzen ari direlako urpean geratuko den Hego Koreako herri txiki batean, biztanleak artzain ebanjelista karismatiko baten sorginkeriaren menpe geratuko dira; etxe berria promestu die, baita euren aurrezkien truke zeruan toki bat ere. Baina ustelkeriaren horren erdian, kartzelatik askatu berri duten herriko mozkor eta oldarkor bat agertuko da, gainontzeko herrikideak ez bezala artzainaren gezur eta azpijokoak sinetsiko ez dituen bakarra.

Iaz “The King of Pigs” -Fas zineklubaren eskutik- filmarekin FANT zinemaldiko Gidoi Onenari Saria eskuratu zuen Sang-ho Yeon-en lan berria, animaziozkoa hau ere.

"The Congress" (Israel/Alemania/Polonia/Luxenburgo/Frantzia/Belgika 2013, 122 minutu -animaziozkoa-).

Robin Wright antzezleak identitate-zinematografikoa saltzeko eskaintza jasotzen du estudio handi baten eskutik: eskanerretik igaro eta zenbakizko eredua egingo diote, horrela bere ezizena inolako murrizketarik gabe Hollywoodeko pelikula guztietan erabili ahal izateko, baita ordura arte atzera bota izan dituen lan komertzialenetan ere. Horren truke, diru-kopuru handia jasotzen du, eta estudioak bere pertsonaia digitalizatua film guztietan betiko gazte mantentzea onartzen du; 20 urteko iraupena du kontratuak.

2008ko “Waltz with Bashir” animaziozko film arrakastatsua zuzendu zuen Ari Folmanek, eta Europako zientzia fikzio sortzaile sonatuenetakoa den Stanislaw Lemen-en nobela baten modaketa dakar orain. Benetako irudiak keta animazioa nahasten dituen “The Congress”-ek -filmeko fotograma batek ilustratzen du testua- Kritikaren Saria eskuratu zuen azken Sitges-en, baita Animaziozko Film Onenaren saria ere, Zinema Europearraren Sarietan. Fas Zineklubaren eskutik dator FANT-era.

 

“Faraday” (Espainia 2013, 81 minutu).

Faraday zapuztuta dabilen ustezko telepata da. Paranormala den guztian fedea galtzen ari da eta gainera, helburu nagusia Internet-en famatua izatea duen blogaria du neskalaguna. Lagun batek merke dagoen pisu bat alokatzeko kontaktua ematen die, baina behin hara helduta sorginduta dagoenaz ohartuko dira...

“El último fin de semana” eta “Summertime” lanak zuzendu eta gero, Norberto Ramos del Valek komedia fantastikoa du aurkezgai. Zuzendari kantabriarra Bilbon izango da, Alba García eta Dianan Gómez antzezleekin batera.

 

Haunter” (Kanada 2013, 97 minutu).

Lisa eta bere familia hilda daude, baina bera da egoeraz jabetu den bakarra. Egunero-egunero hamaseigarren urtebetetze bezpera etortzen zaio gogora; badaki bizidunen artean igaro zituen azken orduak izan zirela. Kiribil espektral horren zergaitia ikertzen hasiko da.

“The Twilight Zone” lanaren kapitulu luzea izango balitz bezala, Vincenzo Natali-ren “Haunter” filmak mamuen istorio tipikoa kontatzen digu, baina fantasmen euren ikuspuntutik.

 

"Open Grave" (AEB 2013, 102 minutu).

Amnesiak jota dagoen gizon bat hiltzez betetako zulo baten esnatzen da. Emakume batek irteten laguntzen dio eta hurbil dagoen etxe batera eramaten du; ikaratuta dagoen ezezagun talde batek pistolaz hartzen du bertan. Han ere amnesikoak dira denak, eta bizirik direnen artean zalantzaka hasten dira: eta sarraskiaren arduraduna beraietako bat bada zer? Susmoek indarkeriari bidea ematen diote.

"Nomadas" saritaurekin debuta egin zuen Gonzalo López-Gallego madrildarraren Hollywood-eko azken filma. Egun "Sanctuary" proiektua prestatzen dabil.

 

* Gauetako proiekzioen ostean, gauerdi partean eta etxerako bidean, egunero-egunero aurkitzen dugu jendea Bankuetako kutxatiletan lo -ez dugu bakar bat hutsik aurkitu San Frantzisko kaleko BBK-koa izan ezik, orain hamar urtetik hona atean “Ez dabil” afixa duena-; Bilbo Zaharrean argi urdinak piztuta dabiltza udaltzainen eta Ertzainen autoak; magrebiar gazteak hormara begira dituzte esku eta hanka zabalik paratuak. Hau ez da fantasiazko zinemaldia, baina hiri gorrian ere bakoitzak bere beldurra elikatzen du.