Frankenstein ez!, ahoskatu ezazu “Fronkonsteen”

Erabiltzailearen aurpegia nrtz 2014ko mai. 14a, 10:01

Bilboko Zinemaldi Fantastikoa bukatzeko hiru egun baino falta ez diren honetan, jaialdi hasieran egin genuenaren antzera, azken proposamenak egitera gatoz, gaurko jardunaldian itxiko den Atal Ofizialetik kanpokoak.

“Begiak ixteko beldur naiz; beldur irekitzeko...”

“The Blair Witch Project”, 1999

 

Iazko FANT zinemaldia bete betean zela, 2013ko maiatzaren 7an, Ray Harryhausen hil zen, efektu berezien maisua -“Jason and the Argonauts” filman lan egindakoa, besteak beste-; eta atzo, martitzenak 13 zituela, Ruedi Giger-en heriotzaren berri izan genuen. 74 urteko artista suitzarraren lan batean oinarritua dago Ridley Scott-en “Alien” film arrakastatsuko monstruoa!

Bilboko Zinemaldi Fantastikoa bukatzeko hiru egun baino falta ez diren honetan, eta jaialdi hasieran egin genuenaren antzera, hiru proposamen egitera gatoz -gogoratu ez garela inondik ere zinema adituak-, gaurko jardunaldian itxiko den Atal Ofizialetik kanpokoak.

 

“YOUNG FRANKENSTEIN”. Gaur, 17.30ean Golem 1. aretoan.

Hasteko, Fantastikoaren Maisuak atalean harribitxi bat dakar gaur zinemaldiak, Mel Brooks-en “Young Frankenstein” (AEB, 1974).

Generoaren lan azpimarragarria ondo ezagutuko dute askok, famatua baita oso, baina ezin tentagarriagoa da FANT-ek luzatzen duen gonbitea, filma aretotzarrean eta pantaila handian berrikustea, 40. urtemugan!

“Young Frankenstein” filmak buelta ematen dio Mary Shelley-ren 1818ko nobelarekin -Iñigo Errastik itzulita argitaratu berri da Literatura Unibertsala bilduman- sortu zen mitoari, beldurrezko filma beharrean komedia baita honakoa, edo zehatzago, beldurrezko filmen parodia, zuri-beltzean emana.

Frederick Frankenstein doktore gaztea neurozirujau estatubatuarra da (Gene Wilder), aitonarengandik jasotako estigma atzean utzi nahian dabilena; izaki beldurgarria sortu baitzuen. Baina Igor konkordunak lagunduta (Marty Feldman), ezin izango dio eutsi izaki propioa sortzeko tentaldiari. Bizi berritik sortuko den izakiak (Peter Boyle), maitatua izateko premia bizia du.

 

"THE LORDS OF SALEM". Bihar, 19.45ean Golem 1. aretoan.

Iazkoa den filma atzerapenarekin dator Bilbora, bere garaian ez baitzen Euskal Herrian proiektatu, kritikarien artean urteko onenen artean aukeratua izan zen arren.

Rob Zombie rock izarrak zuzendutako koprodukzio estatubatuar-kanadarra izen ezin aproposagoa duen FANT Erreskatean atalean botako da, film ahaztu zaharragoak hartu ohi dituena.

“The Lords of Salem” Heidi, Salem-eko irrati DJ-a protagonista duen film itogarria da. Egurrezko kutxatxo batean sartutako disko bat jasoko du neskak, eta entzun ostean iraganean Salem-en izandako gertaera bortitzak ikusteko ahalmena izango du.

Beldurrezko zinema zaleen artean oso goraipatua den filma.

 

TRAILER FALTSUEN LEHIAKETA. Bihar, 22.00etan Alondegiko auditorioan.

Zinemaldiaren 20. urtemuga ospatzeko ekitaldien baitan, FANT-ek Trailer Faltsuen Lehiaketa antolatu du Canal+ telebista katearekin batera. Hau da, existitzen ez diren filmen trailerrak dira pantailaratzen direnak, faltsuak beraz.

Sariak bi izango dira, eta biak ala biak aretora gerturatzen den publikoak hautatuko ditu, proiektatuko diren hauen guztien artean:

Jordi Martínez-en “Barracón IV”

Mariano Guerrero Velázquez-en “Ferro”

Hodei Oliver Mendiolagoitiaren “Gifted Corporation”

Sergi Vizcainoren “Hunt” eta “Easter Break”

Juan Luis Moreno Somé-ren “Los ocultos”

Jesús Pagan-en “Proyecto Meridian”

Carlos Alonsoren “The Last Song”

Norberto Ramos-en “Txikatana”

Alex Goikoetxearen “Vampiro Menstrual”

Aritz Bilbaoren “Clown to Kill”

J. Martínez eta Alfonso Garcíaren “Colmena”

Xabier Elkorobarrutiaren “El Huesped”

David Caiña Pérez-en “La casa encantada”

Jorge Blas-en “Los últimos”

Brian Dick-en “Scorpigeon”

Joel Badia Soler-en “Scout Killer: Juramento sangriento”

Maria Isabel Burnes-en “Screwolf” eta

Giovanni Aloisio-ren “Yellow in the Eyes”.

Emanaldiak sortu duen ikusmina dela kausa, proiekzioa Golem 1. aretotik Alhondegiko auditoriora aldatu dute.

 

Blogari eroak!

Atzo Atal Ofizialak lehian den Estatuko film bakarra botatzen zuela eta, “Faraday” filmaren zuzendari Norberto Ramos izan genuen Bilbon -antzezleak ere etortzekoak ziren, baina lanpeturik zirela-eta, kale egin zuten-.

Lehiaketako hamaika filmak atzerritarrak izan dira, ez baita Euskal Herrikorik egon. Europarrak ere gutxi, eta Espainiarra bakarra, Ramos-en “Faraday”. Zuzendari kantabriarrak “Summertime” filmarekin parte hartu zuen iazko FANT-eko Atal Ofizialean.

1970ean Santander-en jaioatako Norberto Ramos-ek -argazkian ageri da- badu eskarmentua zinemagintzan, 90. hamarkadan “Luismi” eta “Road Movie” film laburrak zuzendu eta ekoizle lanak egin ondotik telebistarako lanak ez ezik film luzeak ere zuzendu baititu “Muertos comunes” filmarekin debuta egin eta gero.

“Faraday” komedia fantastikoan -Sitgesen izan zuen estreinaldia-, ustezko telepata xelebre samarra aurkezten digu, inguruan duen freak (edo blogger) saldoarekin batera. Izan ere, Diana, Faraday-ren neskalagun ederra, sarean famatua bihurtzeko ametsak dituen blogaria da. Portzierto, FANT zinemaldiaren jarraipena egiten dutenen artean ere ika-mika  sortu da, alde batean kazetariak eta bestean blogariak direla, azken hauek asko dira (gara)-eta. Guk, badaezpada,"Gizon ikustezina"-renak egin eta ez gara inorekin ezkondu...

Filmak baldarkeria freskoa darabil, eta umoretsua da ezer baino gehiago; Ramos-ek “ondo pasatzeko modutzat baitu zinema”.

Medioetan agertzen ez dena ez da existitzen esan ohi zen lehen, eta medioak sare sozialengatik aldatuta, bere horretan uzten du leloa filmak. “Sare sozialetaz egiten du berba, bai, eta `ez zaitez ezertaz fido´ du leloa -azaltzen du Ramos-ek berak-, salaketa bat dela esatea gehiegikeria litzatekeen arren, filmak badu bere mezua-eta”. Internet gezurra da, eta parasikologoak burutik jota badaude -Iker Jimenez gonbidatu zuten filmean parte hartzera, baina ez ei du horretarako beste umore-... baita blogariak ere!

Pelikula entretenigarria da, eta cameo-z josita dago, zuzendariaren eta madrildar zine munduko aurpegi ugari agertzen baititu pantailan. “Istorioak Pablo Vázquez eta Jimina Sabadú-ren gidoia jarraitzen du, eta aparte, makina bat elkarrizketa tartekatzen ditu. Hauetan, lagunak berbetan jartzen genituen, konfidantza hartu eta nahi zutena esan zezaten... edozer. Gero, atalak hautatu eta muntaiari grazia eta bizitasuna, erritmoa ematea izan da nire lana”.

Ramos aspertuta dago low-cost zinemaz berba egiten, bere aburuz, beste bide bat jarraitzen du-eta. “Betidanik dirurik gabe egin izan den zinema bat lantzen dugu guk, gotelé modura... B edo Z seriekoa. Eta beraz, aurrekonturik ez dugunez, gertakari garrantzitsuenak kameraz kanpo jazotzen dira; horrelakoa baita sosik gabeko zinemagintza”.

Gauzak horrela, filmaren banaketarekin arazoak ditu orain Ramos-ek; “etengabeko borroka da, beti ematen ditu arazoak, baita aurrekontu handiko pelikulekin ere”. Baina kantabriarraren aburuz, “Internetez legalki edo ez, jaialdietan edo telebistan... filmak ikusi egiten dira, inoiz baino gehiago. Badugu geure publikoa”. Eta txantxa modura, “badago banaketa modu bat, bolbora bezain bizkorra: Torrent!”, bota zuen egun proiektu berri bat, slasher moduko bat atontzen ari den zinemagileak.

 

FANT zinemaldiko lehia gaur bukatuko da 19.45ean Vincenzo Natali-ren “Haunter” eta 22.00etan Gonzalo López Gallegoren “Open Grave” Golem 1. aretoan proiektatuta.