Crespo: “Forma eta edukiaren arteko talka gura nuen”

Erabiltzailearen aurpegia nrtz 2014ko mai. 15a, 16:43

Borja Crespo kultur eragile bilbotarraren lehen film luzea, “Neuroworld”, aurkeztuko du gaur FANT jaialdiak mundu mailako primizian. Hitzorduak jakinmina piztu duela-eta, emanaldia 19.45ean Alhondegiko auditorioan izango da, doan.

 

Batzuetan, hobe da hiltzea”

Pet Sematary”, 1989

 

Bart ilargi bete-betea izan genuen FANT zinemaldia argitzen, eta Borja Crespo kultur eragile bizkaitarrak “Neuroworld” aurkeztu zigun, #littlesecretfilm atalean eta mundu mailako estreinaldian gaur 19.45ean eta Alhondegiko auditorioan erakutsiko duen lana.

Atal Ofiziala amaitatua, eguenean kalera  atera eta hara!, sekulako eguraldiarekin egin dugu topo. Zeru urdina eta  eguzki epela,  jendetsa dabil kalean, pozik hara eta hona. Egun argiko hiriari so, ikara sentitu dugu guk bizkarrezurrean, eta beldurturik itzaletara, zinema areto iluna don kobazulora sartu gara berriro, agudo!

 

1971n Bilbon jaioa, Borja Crespok Arte Ederrak ikasi zituen, ikusentzuneko atalean. Komikigintzan “Tales from the Splatter Family” izan zen argitaratu zuen lehen lana; egun Getxoko Komiki Azoka zuzentzen du eta komikiez idatzi El Correo Español egunkarian. Liburu batzuk ere idatzi ditu, besteak beste 1968ko George A. Romero-ren “Night of the living dead” filmari buruzko “El infierno que camina” saiakera. Musikagintzan, Subterfuge Records zigiluan lan egindakoa da, makina bat bideoklip zuzendu ditu musika talde asko eta askorentzako (Fangoria, Kepa Junkera...), eta tarteka Dj lanak egiten ditu.

Zine fantastikoaren atalean “2000 Maníacos” fanzinean idazten eman zituen lehen pausuak, FANT zinemaldiko programazio arduraduna izan zen urte luzez eta Donostiako Beldurrezko Astearen kolaboratzailea izan da. Madrid eta Bilbo, batetik bestera salto eta buelta bizi da egun. Zuzendari bezala, film labur asko burutu ditu, M. A. Martín komikilariaren lan homonimoa duen “Snuff 2000” saritua eta gore zaleen artean kultuzkoak diren “El Trivial Exterminador I eta II”. “Neuroworld” du lehen film luzea.

Beraz, aspaldiko laguna du FANT-ek Crespo, eta etxekotzat da zinemaldian hartua. Justo ezenarro jaialdiko zuzendariak adierazi zuenez, “XX. urtemuga genuela-eta, keinu bat egin nahi izan diegu hastapenetan zinemaldiaren ardura izan zutenei. Horregatik, Frankensteinen irudia darabilen afixa Koldo Serrarena da, eta Borja Crespo ere gurekin izango dugu, bere lehen film luzea aurkezten”. Eta lorik egin barik zen bilbotar sortzaile polifazetikoak -nola zaude beti mila saltsata eta hain fresko itaundu, eta “ez gelditzea da koxka” erantzun zuen, “ezer egin gabe banago behera nator, akabo!”-, bere aldetik, “berezitzat” du Bilboko Zinemaldi Fantastikoan mundu mailako estreinaldia egitea; “ilusio handia egiten dit, zirkulu bat ixtea da niretzat”

Cresporen esanetan, “film txikia da `Neuroworld´, #littlesecretfilm-en erronkari erantzunez eta arriskuak hartuz joko bezala sortua; baina pertsonalitatea eman nahi izan diogu kontatzen dena (edukia) eta estetika bisuala (forma) kontrajarrita”.

“Snuff 2000” film laburrean bezala, M. A. Martín-en lana du oinarria “Neuroworld” film luzeak ere. Komikilariaren lana ardatz hartuta “Superpussies” antzezlana atondu zuen Microteatro de Calle taldeak 2012an, Crespo beraren zuzendaritzapean, eta hartatik dator orain filma, “Fallen Angels” eta “El Vibora” aldizkari mitikoan agertutako “Neurodrama” atalekin batera. Guztiek osatzen dute “Neuroworld”, lau aktorek burutu duten ordu bete inguruko filma.

“Neuroworld” filmak bi emakume aurkezten dizkigu, moderno eta burgesak: Monika (Mónica Miranda -M. A. Martín-en marrazkietako estetikara bikain egokitzen dena) eta Kristina (Marta Guerras). Umore beltza nonahi dela, berbaldi lotsabakoetan oinarritzen da ezhoiko egoerak aurkezten dizkigun filma -pisu ikaragarria dute elkarrizketek, eta indartsuagoa da kontatzen dena benetan ikusten dena baino-.

“Antzezleekin zerotik egin dugu lan -ez zuten komikia ezagutzen, ezta antzerki lana ere-, entsegu asko tarteko”, dio filmaren zuzendariak. “Bizkor egin behar genituen filmaketak eta, antzerki munduko antzezleak aukeratu genituen horretarako, filman garrantzitsuak baitira elkarrizketak eta inprobisatzeko ahalmena; erritmoan zegoen erronka... eta arriskua”. Bitxikeria modura, prentsaurreko aurkezpenean Borja Crespok aitortu zuen, ondoan emakumezko antzezle biak barrezka zituela, bietako batek gidoia irakurri eta... “, dakit ba niretzako lana den; nik film hau ez nuke ikusiko” erantzun ziola. “Komiki mundua aparteko generoa dela azaldu behar izan nion”, erantzun zion Crespo ipurterreak.

Sinopsiak dioenez: “Ezer ez da ematen duena. Edozer izan daiteke. Bizkarroi emozionalen dantza katamaloen jokoan. Monika eta Kristina pisukideak dira, akaso lagunak; bata YouTuber ospetsua da”. Beraien arteko harremana “gurea ere izan daitekeen mundu batean garatzen da; teknologia eta sare sozialek hartu-emanak izateko modua guztiz aldatu dute”. Eta Crespok gehitzen du: “parasito emozionalak dira, elkarren premia larria dutenak”.

Sare sozialetan (barrenak) biluzteko egun dagoen joerari buruz (sarkastikoki) berba egiten duen filman, Richard Sahagun bilbotarrak eta Juanra Bonet (telebista aurkezleak) osatzen dute antzezle taldea. Bata “Gunslinger” gogorra da, argi eta desteinuz mintzo dena, bestea bikotearen txiza gainean hartzea maite duen fetitxista.

Borja Crespok, “Snuff 2000” film laburrean bezala, M. A. Martín komikigilearen marrazki unibertsoa darabil berriro “Neuroworld” film luzean ere; “antzeko pentsamoldea dugu-eta”. Zuzendariaren berbatan, “bere lanetan talka egiten dute edukiek (bortitz samarrak) eta marrazkiek (aratzak); asko interesatzen zaidan erronka estetikoa”.

 

LittleSecretFilm Zikloa

Zinema egiteko modu biziagoa sustatzen duen ekimena da #littlesecretfilm, beldurrezko filmetan espezializatutako Calle 13 kateak babestua. Erronka lan baldintza berezietan lanak ekoiztea da: hamairu laguneko lantaldeak eta hamairu ordutan filmatu ostean, hamairu film sortzea -bakoitza 2.000 euro inguruko aurrekontua duena-. FANT zinemaldian ikusi ahal izan dira hauetako zazpi (Noel Ceballos eta John Tonesen “Círculo interno” edo Alex Mendibilen ‘Estado de regresión’ besteak beste); azkena da Borja Cresporen “Neuroworld”. #littlesecretfilms FANT zinemaldiak aurten ekarri duen berrikuntzetatik bat da.

Horrela ba, “Neuroworld” egitasmoak hilabete eta erdi eraman dio sortzaileari, hasi eta bukatu. Filmaketak martxoan egin ziren, asteburu batean eta kamera bakarrarekin. Eta maiatzaren 15 honetan, zinema aretoan da jada emaitza. “Gero, posprodukzioa bukatu eta hamar egunera, Calle 13 katean botako da telebistaz eta internetez”, argitu digu #littlesecretfilm egitasmoko arduradun Pablo Maquedak -berak darama aurrera ekimena, Haizea G. Vianarekin batera-.

Cresporengana bueltatuta, “esperientzia, freskotasuna dakarte. Eta nik, egia esanda, hainbeste egitasmotan murgilduta nabilenez beti, behar izaten dut deadline (epemuga) bat lanak burutzeko”. Izan ere, bilbotarraren ustez, “egun erraztasun handiagoa dago gauzak egiteko (teknikoki)... baina ez da arriskurik hartzen”.

Kontuak kontu, negozio eredu baino esperimentazio modelotzat hartzen du #littlesecretfilm ekimena jendeak duen kalipuaz edo grinaz abusatzeagatik txarto pasatzen duela onartzen duen Crespok -aurrekontu gutxiko zinemagintzan borondatez egin ohi dira lan asko eta asko-; “auzolanean burutu dugu filma-eta”. Eta Maquedak berak ere argi du kontua. “Badakigu gurea arrisku zinematografikoa hartzeko proposamena denez, ez dela eredu ideala. Bilatzen duguna ez da ordain (edo itzulera) ekonomikoa, ikusgaitasun handia lortzea baino. Filmak ikusiak izatea da hemen helburu saria”.

Gauzak horrela, ekimenak urte eta erdian zabalkuntza handia lortu du Interneten, eta babesa jaialdi potoloen aldetik -aparte, Calle 13 eta Canal +en emititzen dira-. “Egun, Latinamerikan eta Estatuan hamar film luze ditugu produkzio aurrean”.

“Neuroworld (Love is a virus)” Golem 2. aretoan zegoen programatua, baina piztu duen jakinmina kontutan hartuta, Alhondegiko auditorioan botako du FANT-ek, gaur 19.45ean, musutruk. Agurtu baino lehen, oharra bota digu Crespok: “nigandik etorrita, batek baino gehiagok odol gehiago esperoko du filman!”.

Aretoa betetzeko asmoa du FANT-ek.

 

“Neuroworld” baino lehen zinemaldiak Jorge Dorado madrildarraren lehen lan luzea, “Mindscape”, proiektatuko du. FANT-ek zinemagintza fantastikoko sortzaile berriak sustatzeko ematen duen Fantrobia Saria jasoko du aurten Doradok. Eta ondoren, jarduna bukatzeko, Trailer Faltsue gaua izango dugu.

Jendearen oroitzapenetan sartzeko gaitasuna duen gizon baten istorioa kotatzen digu “Mindscape”, Goya sarietan izendapen bat lortu zuen filmak. Gaur Golem 1. aretoan botako dute, 17.30ean

Eta behin pantailak itzalita, festa Evidence aretora aldatuko da; disko jartzaile lanak egitekoak dira Borja Crespo bera eta Koldo Serra laguna, zinemagileak eta FANT jaialdiko antolakuntzan kide hastapenetan, biak ala biak.

Ezin jakin noiz eta nola bukatuko diren kontuak... eguenak arriskutsuak dira!