Otso gizonez bukatuko da FANT... eta etorri bezala joan

Erabiltzailearen aurpegia nrtz 2014ko mai. 16a, 04:14

Gaurko Itxiera Ekitaldian sariak banatuta emango zaio amaiera Bilboko Zinemaldi Fantastikoari (20.30ean BBK aretoan, gonbidapenez). Aurten berezia izan da zinemaldia, hogeigarren urtemuga ospatu eta proiekzioak bikoizteaz gain, Atal Ofizialaren maila ona azpimarratu baitute jarraipena egin dioten zale amorratuek. FANT badoa... baina FrANkensTein gurekin gelditzen ei da.

 

Infernuan tokirik gelditzen ez denean, hildakoak lur gainean ibiliko dira”

Dawn of the Dead”, 1978

 

Gaurko Itxiera Ekitaldian sariak banatuta emango zaio amaiera aurten berezia izan den Bilboko Zinemaldi Fantastikoari, hogei urte bete ditu-eta. Ekitaldia BBK aretoan izango da 20.30etatik aurrera, eta bertaratzeko nahikoa da gonbidapena... edo otso gizona (edo emakumea)  izatea...

Eguerdirako epaimahaikideen epaia entzun eta sarituak ezagutzeko aukera izango badugu ere, gaur iluntzeko Itxiera Galan sariak banatuta bukatuko da FANT.

Badirudi guk ikusi ez dugun “Coherence” izan dela zaleen gustukoena, gu gehien harritu gaituena “OXV: The Manual” izan bada ere. Guztiok bat gatozela begitantzen zaigu oso maila oneko lehiaketa izan dela esaterakoan.

Itxiera Ekitaldiak, gainera, Victor Matellanoren “Zarpazos! Un viaje por el Spanish Horror” dokumentala eta Ian Pons-en “Angels” film laburra proiektatu eta Jorge Dorado zuzendari madrildarrari eskainiko dio Fantrobia saria.

Fantrobia fant-ek generoan zeresana ematen dabiltzan sortzaile agertu berriei bultzada emateko banatzen den saria da, izan hauek antzezle, zuzendari zein... musikari

Iaz Aura Garrido antzezlea izan genuen saritua, eta aurten jorge Dorado zinemagileari egokitu zaio. Gainera, madrildarraren “Mindscape” proiektatu zuen atzo zinemaldiak.

1976an Madrilen jaioa, Jorge Doradok, “Mindscape” filmearekin luzemetraietan debuta egin baino lehen, publizitatean lan egiteaz aparte, film labur dexente zuzendutakoa dugu, besteak beste “El otro” eta “La guerra” aritua edo “Nuevos tiempos” dokumentala. Zuzendari bezala gainera, laguntzaile lanak bete ditu Luhrmann-en “Moulin Rouge”, Almodóvar-en “La mala educación” eta “Hablé con ella” zein Del Toro-ren “El espinazo del diablo” film entzutetsuetan. “Mindscape” lehen film luzearekin Goya sarietan izendapen bat erdietsi zuen, zuzendaritza berrien atalean.

Gaur jasoko duen Fantrobia saria dela-eta, egunotan Bilbon da Dorado, pozik. “Entzuna nuen FANT jaialdiari buruz -justu Donostiako Beldurrezko Astean-, eta badakit gorantza datorren zinemaldia dela, baina sekula etorri gabea nintzen”, aitortu zigun XX. urtemugan saria jasotzeaz bereziki harro zen zinemagileak. “Datak kontutan izanda, eta zinema fantastikorako, ezin aproposagoa da FANT. Urtea Sitgesen hasi eta bigarren hitzordua Beldurrezko Astean egin eta gero, urtea ixtera dator” Bilboko zinemaldia.

Doradok “Mindscape” hartu zuen gero ahotan, eta filmari buruzko azalpen ugari eman zizkigun. “Espainian urtarrilean bota zuten eta ekainean AEBetan izango du estreinaldia. Eta egun Singapur-en botatzen ari dira; hamargarren tokia lortu du ikusienen zerrendan gainera, ez da gutxi!”.

“Mindscape” AEBak eta Espainiaren arteko koprodukzioa da, nazioarteko antzezleak dituena, eta lau milioitik gorako aurrekontua izan duena. “Egia esateko -onartzen digu Doradok-, hasiberri batentzako asko da, arriskuak onartu dira film goranahi bat egiteko”. Eta nazioarteko koprodukzio bat izan arren -gidoia bai, AEBetakoa du-, % 85a inguru Bartzelonan filmatua da (Frantzian eta Canadan ere errodatu zuten). “Gauzak egiteko orduan ez dago ezberdintasun handirik AEBetan egin edo Espainian, eskala da aldatzen dena”. Lehen film luzea izanik, zaila egin zitzaion Doradori filma aurrera ateratzea, eta eskarmenturik eza egitasmoa behin eta berriro planifikatuz gainditu zuen; lan eskerga eginez

“Audientzia handientzako” filma da “Mindscape”, Doradoren aburuz -izenburuak `paisaje mentala´esan nahi ei du-. “Kritikariek esan dutenagatik, hasieratik bukaerara harrapatzen zaitu -jarraitzen du zuzendariak-. Guk Sitgesen ikusi genuen lehenbiziko aldiz jendartean -mila lagunetik gorako aretoan-, eta bai, antzeko erreakzioak izan ohi ditu beti publikoak, filmaren pasarte bertzuetan”.

Jorge Doradoren ustez, zinemagitzan gutxi dago ikasteko -ikasketez dihardu- eta eskarmentua ere ez da funtsezkoa; “zerbait kontatu beharra” izatea da nahikoa, eta horretarako “ahots propio bat izatea” aproposena”. Bide horretan, eta bere kasuari dagokionean, “film laburrekin itsu-itsuan egiten duzu aurrera. Publizitatean berriz, laburtzen, kondensatzen ikasten duzu. Motzean bizitza oso bat kontatu daiteke-eta”.

Zinema fantastikoarenganako interesaz itaunduta, “berau barruan hartzen duen thriller-a dut gustuko”, bota zuen madrildarrak. “Fantastikoan, alde bakarra, ezhoiko gauzak gertatzen direla da, bitxiak”. Bere zinemagintzari dagokionez, estilo ikur gisa “bi aurpegi edo aldeen agerpena da, denok baitugu alde ezkutu bat, guztiok gara ardi larruz jantzitako otsoak”. Premisa horretatik abiatuta burutu zuen “Mindscape” ere.

Etorkizunari dagokionez, “lehen filma gosez egin eta gero, berau ondo atera dela eta bigarrena ziurtatuta duzula dirudienean... ez da izaten erraza asmatzen”, aitortzen du zinemagileak. “Egun bi egitasmo ditut esku artean, lehen film luzearen bigarren zatia bata, eta Indian garatzen den abentura filma bigarrena”. Bat idazten ari omen da, bigarrenak finantziazioa lortzean ei du erronka. “Baina zinema munduan astiro dena doa, ez dira inolaz ere aurtengorako, ez bata ez bestea”.

 

Spanish horror”

Gaurko proiekzio bakarrak, Itxiera Ekitaldiak botako dira biak ala biak, Ian Pons britainiarraren “Angels” film laburra (mundu mailako premiere-a izango du!) eta Victor Matellanoren “Zarpazos! Un viaje por el Spanish Horror” dokumentala izango dira.

Pons-en “Angels”en sinopsiak honela dio: “Castille Jaunaren etxezain edadetuak ezin ditu orain arte bezala bete bere eginbehar bereziak. Hortaz, hasiberri bati erakutsi beharko dizkio eskakizun handiko lanaren nondik norakoak. Bolatoki ilun baten korridoretan barrena, laster geratuko dira agerian Castille Jaunaren eskakizunak”. Britainiar zinemagileak, Bilbon zegoela eta pozik azaldu zigunez -gazteleraz, Espainian jaioa baita eta orain gutxi Latinamerikan urte bete igaro baitu-, “2012 bukaeran amaitu genuen filma, eta azkenik bere etxea aurkitu du, hemen FANT-ean. Horrek energia eta indarra emango dio gero zinemaldiz zinemaldi bidaiatzeko”.

Londresen bertako kolonbiarren auzoan bizi izan da Pons bost urtez, “bankua izandako eraikin izugarri zahar eta handi batean. Eta eraitsi behar zutela esan zigutenean, bertan azken filmaketa egitea deliberatu genuen, aurretik ere filmatzeko gune bezala sarri erabili genuen eta”. Beraz, leku jakin bati egiten zaion azken agurra da “Angels” hamabi minutuko film labur harrigarria. “Gizon zahar bat gazte bati lanaren lekukoa pasatzen, horra erabili dugun metafora”...

Bere aldetik, Victor Matellanok, “Zarpazos! Un viaje por el Spanish Horror” ordu beteko dokumentalaren zuzendariak, ilusioa agertu zuen FANT zinemaldiaren XX. urtemugan bertan egoteaz; “ondo irabazia du daukan ospea!”.

Matellano zinema gidoigile eta zuzendari ez ezik antzerki zuzendari ere bada. Hogeiren bat liburu idatzi ditu, guztiak zinemari buruzkoak (“El Hollywood español”, “Spanish Explotation”...), eta zinemagile gisa, “La cañada de los ingleses” eta “Tío Jess” film laburrak zein “Wax” film luzea zuzendu ditu. Bilbon, Espainiako beldurrezko zinemaren urrezko aroari, 60. 70. eta 80. hamarkadetakoari, buruzko dokumental bat emango digu ezagutzera, zuzendariaren beraren 2009ko “Spanish Horror” liburuan oinarritzen dena, “urte luzez argitaratzea desio nuen liburua”.

Orduko pelikula askotako artxiboko irudiak eta eskarmentu handiko garaiko zuzendari eta aktoreei egindako elkarrizketak nahasten ditu Matellanok dokumentalean: Jesús Franco (ahotsez soilik), Eugenio Martín, Jack Taylor, Jorge Grau edo duela gutxi hil den José Ramón Larrazek. “Merezi zuten”, aldarrikatzen du zinemagileak.

Aipatutako artisten lanak ikusten hazi... eta hezi zen Matellano. “Telebistan, esaterako, bi erronbo zituzten orduan, hilketak eta beste agertzen zirelako filmetan; eta txikia nintzenez, gurasoengandik ezkutatuta ikusi behar izaten nituen, erdi itxitako ate batek uzten zuen zirrikitutik”.

Espainiar zinemagilearen aburuz -serie oso bat beharko lukeela dio, garaiko beldurrezko zinemagintza behar bezala omentzeko-, “merezi dute sortzaile legez onartuak izatea, beren filmetan intentzio argi bat zuten-eta, nahiz eta kontsumo hutserako sortuak izan”. Dokumentalaren zuzendariak identitate ezaugarriak ikusten dizkio egileetako bakoitzari, eta “B serieak denboran iraun du, ondo gainera”, aldarrikatzen du.

Emanaldia Kale Nagusiko BBK aretoan izango da, 20.30etatik aurrera; sarrera, gonbidapen bitartez.