Lau hamarkada daramatza ia-ia oholtza gainean musikaz haratago aspaldi heavy metalaren ikur bihurtu zen Iron Maiden taldeak, eta tarteka egin ohi duenez, bisita egingo dio gaur Euskal Herrian duen zalego zabalari. Anthrax taldeko lagunekin batera, Barakaldoko BEC ez lekua piztuko du “Eddie the Head”, kasik gorputz haragitutako `panpinak´.
Steve Harris baxu joleak 1975ean sortu zuen talde britainiarrak -badira bai, Ingalaterrako erregina baino britainiarragoak-, “Seventh Son of a Seventh Son” zazpigarren lan luzea plazaratu zuen 1988an, besteak beste “Moonchild” eta “The Clairvoyant” kantak gordetzen zituen lan konteptuala. Hauxe da bukatzear den “maiden England Tour” delakoak berrikusi eta berreskuratu nahi duen aroa.
Euskal eskarmentudun zaleak honela, mende laurden atzera egiteko aukera izango du, Iron Maiden-ek, 1988ko irailaren 19an, Iruñeako zezen-plazan jo baitzuen, “Monster of Rock” ikaragarri baten barruan, Metallica, Helloween eta gaur berriro ondoan izango dituzten Anthrax-eko lagunekin batera. Ez da gutxi!
Geroztik sarri izan dira gurean Bruce Dickinson frontman duen seikotea. BBK Live jaialdiko bigarren edizioan Bilbon bertan, 2007an, eta aurretik metalzaleek gotorleku izan zuten Donostiako Anoetan.
Hurbilago dago baina Iron Maidenek gurera egindako azken bisita, bukatzear duten biraren europar partea aretotzar berean, Barakaldoko BEC.en -4.000 lagunentzako txikira atondua, entseguak ere bertan egin zituzten-eta- abiatu baitzuten 2013an, justu orain urte bete. Anoetako garaiak gogoan, gipuzkoarrak agurtu zituen bertan Dickinsonek eta argi utzi zuen Euskal Herria ezagutzen zuela, egun bat aurretik Europako bira toki berean hasi zuen Rihannak ez bezala . Gazteleraz egin eta euskara ez mintzatzeagatik barkamena ere eskatu zuen britainiar ipurterreak, Espainia gora eta Espainia behera izan zuen ahotan Barbadoseko kantari lotsagabeak.
Beraz, eta haria galdu baino lehen, bira bera dakar Iron Maidenek Barakaldora, bertan jo eta urte betera; 50-100 euro artean diren sarrerak agortuz!, jakina baita esaera zaharra: “Lagun heavy-a duenak... bizitza osorako laguna du!”.
“Maiden England Tour” egitasmo zabalago baten parte da, “History of Iron Maiden” deiturikoa, eta 2004an abiatu zena. Bertan, zale gazteenei taldearen iragana ezagutzera ematea ei dute helburu. Eta horretarako bidea omen dute 1988ko bira berregin izana, argi diseinu ikusgarri eta soinu indartsuagoarekin.
Urte beteren buruan bigarren aldia dutela eta, “etapa baten bukaeran gaude eta inoiz ahaztuko ez duten ikuskizuna eskaini nahi diogu zaleari” adierazi du Bruce Dickinson-ek. “2014ko zuzenekoetarako kantu zerrenda aldatu egin dugu, 80ko hamarkadako kanta gehiago jotzeko. Batzuk gainera, azken aldiz joko ditugu seguruenera”.
Set list
2013ko maiatzaren 27an, musikariak zein zaleak urte bete gazteagoak zirela, kanta hauek entzunarazi zizkion Iron Maiden piztitzarrak aurrean zuen tximaluze burusoiltzen hasiari; metal herdoilezina:
“Moonchild”
“Can I Play with Madness”
“The Prisoner” (kasik 20 urte jotzen ez zutela)
“Two Minutes to Midnight”
“Afraid to Shoot Strangers”
“The Trooper”
“The Number of the Beast”
“Phantom of the Opera”
“Run to the Hills”
“Wasted Years”
“Seventh Son of a Seventh Son”
“The Clairvoyant”
“Fear of the Dark”
“Iron Maiden”
Bukatzeko:
“Churchill's Speech”
“Aces High”
“The Evil That Men Do”
“Running Free” (taldearen lehen singlea, 1980koa)
Eta esanak esan gaur, denboran harrapatuta bageunde legez, beste horrenbeste izango da entzungai. Zuzenekoa hastekotan dela, UFO taldearen “Doctor, Doctor” entzunaraziko diote zain dagoen zalegoari, aretotzarra sutu dadin. Eta gero setlist bera emango dute, aldaketa gutxi hauekin:
- 2008tik zuzenean jotzen ez duten “Revelations” hasiera partean, “Afraid to Shoot Strangers”-en partez.
- “The Clairvoyant”-en ordez 2010etik jo gabea zuten “Wrathchild” erdiko sortan.
- Azken kantua, “Running Free”-ren partez “Sanctuary”, 2009tik zuzenean ematen ez zutena.
Ikusten denez, dena ondo lotua eta ondo neurtua, ez dira alferrik heavy-ak.
Esan gabe doa, hauek aurreikuspenak baino ez dira -edo herenegun Bartzelonan jo zituztenak-, eta azken orduko aldaketaren bat egin lezake `burnizko damak´ Barakaldon. Hala Bedi!