Bilbon futbola kirolik ezagunena eta jarraituena dela badakigu, Lehen Mailan jokatzen duen Athletic taldeari esker. Baina bada beste Lehen Mailako talde bat gure artean horrenbeste protagonismo eman ez zaiona. Eta uste duguna baino gertuago daukagu. Hori da San Inazio Beisbol Taldea, aurten 60. urteurrena ospatzen duena.
San Inaziokoa Euskadin bizirik geratzen den beisbol talde bakarra dugu. Kluba sortu zen lehenengo urteetan beste batzuk ere bazeuden: Errekaldeko Iturrigorri, Abandoko San Vicente, Lertxundi Taldea, Salesianoena, La Salleko taldea, etab. Gutxinaka-gutxinaka, talde horiek guztiak desagertuz joan ziren hainbat arrazoi zirela medio, jendea faltan zegoelako, edota pertsonarik ez zegoelako jada kluba aurrera eramateko konpromisoa hartzeko prest. Beisbola ez delako futbola, ez delako hain ezaguna, ez delako hain babestua, eta horrexegatik, ez delako hain erraza indartsu mantentzea. Horren aurka borrokatu behar izan dute San Inaziokoek urteetan, bere horretan mantentzeko eta beste hainbat herrialdetan kirolik garrantzitsuena dena hemen ere ezagutzera emateko.
Bidea luzea izan da, baina bide horretan zehar lortu izan dutena itxaropentsua da. Izan ere, Bilbon beisbol zelai bakarra dago, Errekaldeko Fango Kiroldegian dagoena. Baina zelaia ez zen eraiki 90eko hamarkadara arte.
“Txikitan auzoko kaleetan jolasten genuen, edo futbol zelaietan”, dio Fernando San Andresek, klubeko lehendakariak, aurten utzi gaituen Koldo Izaguirreren lekua hartu duena. Futbol zelaian jokatzen zen futbolean eta baita beisbolean ere, neurriak hartuta eta zelaia egokituz. Errekaldeko Iturrigorri taldeak, esaterako, auzoko futbol taldearen zelai bera erabiltzen zuen, Urkixo zelaia. San Inazion berdin gertatzen zen. Taldeko jokalari ugari txikitan, beisbolean hasi aurretik, futbolean aritzen ziren, ondo aritu ere. Eta Errekaldera pasatu aurretik San Inazioko kiroldegian praktikatzen zuten.
San Inazioko auzotarrentzat beisbola oso kirol gertukoa da, auzoan eurek edo euren gurasoek edota aitona-amonak ikusi edo jolastu izan dutelako inoiz. “Beisbola betidanik ezagutu izan dut, auzoan futbolean eta beisbolean bakarrik jolasten zelako”, San Andresen esanetan.
Bartzelonako Joko Olinpikoekin batera, beisbola ezagunago bilakatu zen. Joko horietan, 1992. urtean, Espainiak lehen aldiz parte hartu zuen beisbol txapelketan eta jokalarien artean baziren bilbotar batzuk ere, San Inaziokoak barne. Urte horretan bertan eraiki zen Bilbon lehen beisbol zelaia, Errekalden. Eta urteetan zehar horretan aritu dira bai Iturrigorri taldea bai San Inazioko taldea.
Azken hauek printzipioz eskatzen zutena zen zelaia San Inazion egotea, gertutasunagatik. Azken finean, jokalari gehienak auzo horretakoak izanik entrenatzeko eta jokatzeko Errekalderaino mugitu behar izatea eragozpena dela uste du San Andresek. Horregatik, Saniko kiroldegia erreformatzeko plana atera zenean, Bilboko Udalak onartu zuen atletismo pista beisbol zelai bihurtzeko proposamena. Baina Iturrigorri taldea desagertu zenean −orain dela hamar bat urte−, Udalak akordioa aldatu eta San Inazion zelaia egin ordez, Fangon jada eraikita zegoenari hobekuntzak egin zizkion, Sanikoek erabiltzeko. Ohorezko Mailan lehiatzeko moduko zelaia bihurtu zuen, maila horretan parte hartzeko zenbait arau bete behar baitira, zelaiaren ezaugarrietatik hasita. Esaterako, estatistiken taula eduki behar du zelaiak. Izan ere, Aitor Bilbao zuzendaritza taldeko kideak dioen moduan, “oso kirol teknikoa da” eta partidua jarraitzeko beharrezkoa da taula. “Arauak nahiko zorrotzak dira”.
Nahiz eta mailarik gorenean bosgarren postua lortu, “zoritxarrez” komunikabideek ez diote klubari −ezta kirolari ere− ia lekurik ematen. Hala ere, jende ugari doa partiduak ikustera, harmailak ikuslez betetzen dira astebururo.
Taldearen sorrera
San Inazio Kirol Elkartea 50. hamarkadaren hasieran sortu zen Pedro Alday jaunaren eskutik. Garai hartan hasi ziren Bizkaian beisboleko lehenengo ligak ere jokatzen, eta taldea laster handituz eta hobetuz joan zen. Zenbaitetan Espainiako txapelketa ezberdinetan parte hartu zuen.
70eko hamarkadan taldeak zenbait oztopo izan zituen klubeko zuzendaritza aldaketak zirela eta. Baina, urte batzuk pasa eta gero, hainbat jokalari ohi elkartu ziren berriz ere elkartea aurrera ateratzeko, eta zuzendaritza talde berria osatu zuten. 80. hamarkadan, kluba Liga Nazionaleko Bigarren Mailan sartu zen senior taldearekin, eta arin-arin Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Hor mantendu zen 90eko hamarkadara arte, non berriro igo eta Ohorezko Mailan −hau da, beisbol nazionaleko mailarik altuenean− jokatzen hasi zen. Gaur egun, maila horri eusten dio, eta Espainiako beisbol talderik onenekin batera jokatzen du.
Baina ez bakarrik helduek, klubeko gazteek ere trebezia handia erakutsi dute txapelketa erregional zein nazionaletan azken urteotan, eta bada ere Iparraldeko Ligan −Lehen Mailan− jokatzen duen San Inazioko beste senior talde bat ere.
60 urte hauen inguruan hainbat aipamen egin daiteke, baina jokatutako lehen partidua nola gauzatu zen taldearentzako “pasadizorik nabarmenena” dela uste du Kepa Pocero jokalari ohiak eta klubeko zuzendaritza taldeko kideak. Izan ere, 50eko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetako marinelak Bizkaia n porturatu ziren. Aisialdia euren herrialdean hain ohikoa den kirol hori praktikatzen eman ohi zuten. Egun batean, San Inazioko gazteak hurbildu zitzaizkien jolastera, eta horrela eman zen taldearen lehenengo kontaktua atzerriko jokalariekin. Partidua galdu zuten arren, esperientzia bitxia −eta zenbait bizigai− eraman zuten etxera.
Horrez gain, nazioarteko beste txapelketa askotan parte hartu du taldeak. 2004an Europako Kopa lortzeko lehiatu zen Pragan, Txekiar Errepublikan, Europako talderik onenen kontra. Gainera, urtero jokatzen du lagunarteko partidu berezi bat Toulouseko beisbol talde frantsesaren aurka.
2006an, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaialde Fundazioaren eskutik, Kirol Elkarte Saria jaso zuen.
Denboraldi berriari begira
Taldea hile honetan bertan hasi da erritmoa hartzen eta astearte, ostegun zein ostiraletan ikus dezakegu Fangoko zelaian entrenatzen. Denboraldia martxoan hasiko den arren, jokalariek hilabete hauek aprobetxatuko dituzte pilak jartzen hasteko. Izan ere, ligak irauten duen bitartean bi partidu jokatuko dituzte astebururo, batzuetan biak egun berean izanik. Kontuan izanda beisboleko partidu batek ez duela denbora toperik −hau da, amaitzen da sarrera guztiak egiten direnean, normalean bi ordu eta erditik gora−, lasai asko luzatu daiteke lau edo bost ordura arte. Hau gertatzen da talde batek bakarrik irabaz dezakeelako, berdinketa badago sarrerak gehituz doaz batek irabazi arte, eta batzuetan sarreren kopurua bikoiztu daitekeela dio Bilbaok. Hori batzuentzako neketsuegia izan daiteke. Txikien mailan, aldiz, gehienez bi ordu eta erdi iraun dezake partiduak, eta sarrera gutxiago egiten dituzte.
Denboraldia Senior mailari dagokionez, abuztura arte luzatuko da, urtero bezala. Baina ikastetxeen arteko liga, zeinetan umeek eta gazteek parte hartzen duten, ikasturtearekin batera gauzatzen da.
Inor ez da jakitun jaiotzen, ezta jokalari profesionalak ere. Ezjakintasunetik hasi ziren, txikitatik jokatzen, praktikatzen. Klubak txikiei eta gazteei ere lekua egiten die beisbolean abiarazteko. Aurten, gainera, Beisboleko Federazioak onartu du nesken parte-hartzea kirol honetan, orain arte neskek ezin baitzuten beisbolean ofizialki jokatu Senior kategorian, soilik sofbolean. Emakumeei atea zabalduz, San Inaziokoek taldea mantendu eta handitu nahi dute, eta kirolaren eskaintza uste dena baino zabalagoa dela erakutsi.