Hala ere, bortizkeria estatalak ez du lortu jendearen duintasun eta justizia aldarriak isilaraztea, eta herri guztia batu da kaleko eta sare sozialetako aldarrikapenetan, klase altuenak eta xumeenak, indigenak, nekazariak, ikasleak, adinekoak, arrazializatuak edota LGTBQ mugimendukoak. Palestinan, era berean, dozenaka familia euren etxeetatik bortizki atera dituzte, eta bizilekuak bonbardeatu, baina tinko jarraitzen dute euren lurraldea eta etxea uztera prest ez dauden familiak. Bolo-bolo dabiltzan bideoetan 12 urte baino nagusiagoak ez diren gazte helduak ikusten dira euren etxea eta familia irmoki defendatzen, tanke eta militar armatuen aurrean.
Irudiok Bilbon eta Euskal Herrian barrena jende andana mugiarazi dute, eta duintasunak eta justiziak gizakion arteko elkartasuna sendotzeko balio dutela ikusi da. Bilbok beste behin erakutsi du elkartasun herri bat dela. Baina ez bakarrik elkartasun internazionalarena, baita auzokideen arteko elkartasunarena ere. Izan ere, azken astean Bilboko auzokideen borrokak eta antolakuntzak lortu du, gutxienez, bi etxegabetxe gelditzea. Horien artean, sanfrantzisko auzoan bizi diren ama eta alaba batena.