Itziar Moreno euskal presoa isolamendu egoeratik atera behar dute

Erabiltzailearen aurpegia SARE Santutxu 2016ko mai. 25a, 13:48

Joan den astean, Fresneseko espetxean aurkitzen den Itziar Moreno euskal presoa bakartu zutela jakin izan genuen. Ordutik, gaur egun ere, isolatuta jarraitzen du Morenok, izan ere, Nelson mandela arautegiaren arabera, isolamendutzat “eguneroko gutxienez 22 orduz presoa giza harremanik gabe egotea izango da”.

Azkenengo egunotan oihartzuna izan duen arren, ez da kasu bakarra. Are gehiago, 25 euskal preso aurkitzen dira egun isolamendu egoeran. Eta ez egun bat edo aste bat. Hilabeteak eta urteak ere bai. Izan ere, espetxe arautegian zigor puntual gisako neurria hartzen bada ere, euskal presoek askotan sufritzen dute isolamendu egoera. Kasu batzuetan urte luzez pairatu behar izan dute egoera hau zenbait espetxetan. Eta kasu batzuetan, ondorio larriak ekarri dituzte euren osasunarentzat.

Espetxeko arautegiak, argi adierazten du. Alegia, lehenik eta behin, legea betetzen hasi behar dira Espainiako eta Frantziako Gobernuek.

Aipatutako arautegiko 44. araudiak hala adierazten du:

“Zigorrak eta murrizketak ezingo dute, inolako kasuan, tortura edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien baliokidea izan. Bereziki debekaturik geratuko dira, beraz, hurrengo praktikak:

1. Isolamendu mugagabea.

2. Luzaroko isolamendua.

3. Iluntasunean edo etengabe argiztatua dagoen ziega batean itxialdia.

4. Gorputz–zigorrak, elikagaien edo edateko uraren murrizketa.

5. Zigor kolektiboa”

Giza eskubideak errespetatzea, konponbidea eta bakea nahi duen sare herritar gisa, ezinbestekotzat jotzen dugu salbuespenezko legeekin amaitzea. Izan ere, argi geratzen ari da kolektibo konkretu bati ezartzen zaizkion zigor bikoitzak/hirukoitzak beste garai batekoak direla; gainditu nahi dugun garaia, gainditu behar dugun garaia. Herri honek merezi duen elkarbizitza eta bake eszenatoki bat bultzatzeko, Morenoren aurkako bezalako jarrerek ez dute tokirik.

Hori dela eta, SARE herritarretik, giza eskubideen alde lanean dihardugularik:

> Itziar Moreno isolamendu egoeratik ateratzeko deia egiten diogu Fresneseko zuzendariari zein Frantziako Gobernuari.

> Isolamenduan aurkitzen diren euskal presoak egoera honetatik lehenbailehen ateratzea, gainontzeko euskal presoekin egoteko aukera izanez.

> Isolamendu egoerak ahalbidetzen duen salbuespenezko legediarekin amaitzea.

 

Giza eskubideak | Konponbidea | Bakea