Gaur goizean Steilas Sindikatuak egindako agerraldian honako oharra zabaldu du:
Maiatzaren 18 eta 19an STEILASek bere XI. Kongresua egingo du Gernikan, (Elai Alai aretoa). Orain arte, lau urtez behin steilaskideok gure hausnarketak komunean jarri ditugu eta hurrengo lau urtetarako gure lan hildoak definitu ditugu. Aurtengo hitzordua berezia da, gure 40. urtemuga ospatzen baitugu. Hori dela eta, gure kongresuko leloa ezin zen beste bat izan: 40 URTE PUBLIKOAREN ALDE.
Gernikako kongresuan 5000 steilaskideen izenean 150 ordezkari inguru parte hartuko dugu. Eztabaidagai izango den ponentzia bakarrak bi atal izango ditu: soziopolitikoa eta hezkuntzakoa. Aurretik ere, sindikatuko organo eta lan taldeak eztabaidatu, eta zuzenketak aurkezteko aukera izan dute. Politika neoliberalen eta ideologia heteropatriarkalaren kritika da gure abiapuntua baina arlo ezberdinetan (hezkuntza, ekononomia, harremanak...) eta beste eredurako proposamenak aurkeztuko ditugu.
Halaber, sindikatuko organoak, Kontseilu Nazionala, Idazkaritza Nazionala eta Nazio Batzorde Iraunkorra, berrituko dira eta hainbat kideren erreleboa gauzatuko da.
XI Kongresuan euskal gehiengo sindikalarekin, eta beste lurraldetatik etorritakoekin ere, gure ibilbidearen errepasua eta gerorako proposamenak partekatuko ditugu, borrokan elkarrekin jarraitzeko asmoz. Larunbateko ekitaldi nagusian Euskal Herriko alderdi politikoak, bes te sindikatu batzuk, hezkuntza eragileak eta bestelako jendarte eragileak ere gurekin izango ditugu.
Gaur bertan gure gonbitea luzatzen dizuegu , Kongresura bertaratu zaitezte. Gure 40. urtemuga ospatzeko eta gure afiliazioaren parte hartzea areagotzeko, kongresu aurretik lau saio ireki antolatu ditugu, hiruburu bakoitzean bana:
- Martxoaren 1ean, Gasteizen izango da lehena “ Sindikalgintza ere feminista” izenburuarekin. Bertan sindikalgintzan aritu diren eta ari diren lau emakume izango ditugu: Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari ohia; Assumpta Barbens , Cataluñako IACeko Idazkaria; Iratxe Alvarez ESKko Idazkaritza Nazionaleko kidea eta Arantxa Fdez de Garaialde, Idazkaritza Nazionaleko kidea eta STEILASen bozeramailea izandakoa.
- Martxoaren 14an Bilbon “Eskola Inklusiboa jendarte baztertzailean” gaia jorratuko dugu, Amelia Barquin, Begoña Lasa eta Teresa Jiménez adituen eskutik.
- Apirilaren 19an Iruñean “ Hezkidetzatik Pedagogia Feministaruntz” izango dugu gaia. Hau da gure XI. kongresurako ponentziaren ardatzaren bat. Ezinbestekoa ikusten baitugu paradigma feministatik abiatzea hezkuntzan heteropatriarkatuaren ideologiari aurre egiteko. Hizlariak Inma Hurtado eta Mari Luz esteban izango dira.
- Maiatzaren 4an Donostian “Neoliberalismoaren erasoak zerbitzu publikoei” gaia jorratzeko Amaia Perez Orozko eta Txiki Muñoz izango ditugu. Zerbitzu publikoen pribatizazioen inguruan arituko diren bi hizlariak.
Horrez gain, 40 urtemuga ospatzeko dokumental bat aurkeztuko dugu. Dokumental horretan hezkuntzaren panorama globalaren inguruko gogoeta egiteaz gain, neoliberalismoak gure hezkuntza sisteman duen eragina azaleratzen dugu. Horretarako hezkuntza munduko pertsona esanguratsuen elkarrizketak jasotzen ditugu.