Bizkaiko Foru Aldundiak euskarazko hedabideentzako diru-laguntza deialdia onartu du

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2020ko eka. 3a, 09:37

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 900.000 euroko diru-poltsa onartu du paperean edo paperean eta digitalean eta euskara hutsean argitaratzen diren tokiko, eskualdeko edo lurraldeko informazioa lantzen duten hedabideei laguntzeko.

Laguntza hori 2019an Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen sektorea egonkortzeko adostu zuten finantzazio hitzarmenaren baitan sartzen da.

Prentsara zabaldutako ohar baten bidez nabarmendu duenez, laguntza deialdi honekin Foru Erakundeak bere konpromisoa adierazten du euren jarduerak Bizkaian egiten dituzten euskarazko komunikazio-proiektuekin”. Euskarazko hedabideek “herritarrek informazio zehatza eta landua euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzen dute”, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, eta hedabideok alarma egoeran egindako ahalegina eskertu eta erabiltzaileen aldetik izandako datu bikainengatik ere zoriondu dituzte, euskarazko hedabideek otsailetik martxora bisita kopuruan (%53) zein ikusitako orrialdeetan (%46) izandako gorakadak aipatuz.