Ernaiko dozenaka neska* Bilboko Buenos Aires kaleko Justizia Jauregiko atarian kateatu dira

Erabiltzailearen aurpegia Topatu.eus 2018ko aza. 22a, 09:37

Sistema judizialaren “izaera matxista eta zapaltzailea” salatzeko ekintza bat dela adierazi dute: "Gaurko ekintzaren bidez, ateak itxi dizkiogu justizia kapitalista heteropatriarkarrari eta feminismoaren bidetik aukerak zabaltzen jarraituko dugu".

Sistema kapitalista heteropatriakarrak emakumeak gogor kolpatu dituela eta aurten ere indarkeria matxistak “urtea belztu” duela adierazi dute Ernaiko neska*gazteek. Indarkeriaren hianbat aurpegiren artean, sistema judiziala aurkitzen dela salatu dute gaurkoan: “Emakumeok babesgabe uzten gaitu: batzuetan biktimizatuegiten gaituzte epaileek, besteetan, jasandako erasoaren erantzule egiten gaitu eta erasotzaileak babesten ditu. Behin eta berriz esan digu ez gintuela sinesten, gu babestea beste eginkizunik behar ez lukeen epaitegiak”. 

Kapitalismo heteropatriarkarrak “milaka abizen” dituen bezala, sistema judizialak ere “milaka arima” dituela adierazi dute eta zentzu horretan, sistema judizialak izaera patriarkar-matxista izateaz gain, kapitalista, arrazista eta antidemokratikoa ere badela. 

“Sistemak zigorra jartzen du erdigunean, erasotua (eta beraz, honen erreparazioa) erdigunean jarri beharrean”, salatu dute Neska* Gazteek: “Horrela ulertzen ditugu, oihartzun handia izan duten zenbait kasuren ondoren gizartearen zenbait sektorek zigorren gogortzearen alde hartu duten jarrera. Mendekuan hezi nahi gaituzte, eta guk uko egin nahi diogu horri”. 

Hala ere, beste bide bat badagoela aldarrikatu nahi dute: justizia feminista. Mugimendu feministan honetan sakontzeko eguneroko lanean ari direla adierazi dute eta justizia feministan, erreparazioan, babesean eta prebentzioan sinesten dutela: “Egungo justiziak ez gaitu sinesten eta guk ere ez dugu sinesten berarengan; justiziarik egotekotan feminista izango delako”. 

Horregatik, gaurko ekintzaren bidez, “ateak itxi” dizkiote justizia kapitalista heteropatriarkarrari eta feminismoaren bidetik aukerak zabaltzen jarraituko dutela adierazi dute. Azaroaren 25ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak eginiko mobilizazioetan parte hartzeko dei ere egiten dute.