Arratsaldeko 17:00etan, Bilboko Euskalduna parean, Vox alderdiari aurre egiteko kontzentrazio feminista eta antifaxista egiten ari ziren 500 bat pertsona. Ertzaintzak hainbat aldiz kargatu zuen eta alderdiko liderra iritsi baino ordu bete lehenago, hiru lagun atxilotu zituzten. Esan bezala, hainbat pertsona zauritu zituzten karga hauetan, horietako bati masailezurra hautsi zioten Foam jaurtigai batekin eta orain ospitalean dago, ebakuntza egiteko zain. Gazteek gogor salatu dute EAJ eta Ertzaintza Vox alderdia babesten ari zela leporatu diote. "Eta nork babesten gaitu zuengandik?", galdetu diote gazteek Ertzaintzari.
Donostian ere manifestazio jendetsua egin zuten antifaxistek Kursaalean Vox ekitaldia egiten ari zen bitartean. Polizia hainbatetan oldartu zen antifaxisten kontra hemen ere, Voxekoen irteera ahalbidetzeko. Donostiako Ernaiko kideek Kursaaleko ataria urarekin eta xaboiarekin garbitu zuten eta “Kontuz! Desinfekzio antifaxista” zioten kartelak utzi zituzten lurrean.
Oreretan, Ciudadanos alderdiak ekitaldia egin zuen Foruen Plazan eta ehunka bizilagunek honen kontrako protesta egin zuten. Etxeen fatxadetan begizta horiak jarri zituzten herritarrek eta liderrak hitz egiten zuen bitartean kazerolada bat egin zuten. “Utzi bakean, alde hemendik” oihukatzen zuten antifaxistek, besteak beste. Ertzaintzak protestan ari zirenen kontra jo zuen.
Ernai Gazte Antolakundeak adierazi duenez, faxistak “ez dira aukera bat”: “Gaur bezala egunero, askatasunera bidea egin dezagun. Hau da faxismoa botatzeko modu bakarra: irudimena eta borroka”.