Bilboko Solokoetxe institutuan 2020ko Eurokopan bolondres lan egiteko eskuorriak banatu dituztela salatu dute ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Topatu.eus 2019ko urr. 9a, 08:58

Eurocopan bolondres aritzeko esku orriak eman dizkietela salatu dute.

Bilboko Solokoetxeko ikasleek EuroCopa 2020an lan bolondresak egiteko eskuorriak eta gutunak banatu dizkietela salatu dute. Ekimenak sustatzen duen lan prekarioaren aurrean, "esklabo" izateko asmorik ez dutela adierazi dute.

Atzo egindako agerraldian, Bilboko Solokoetxe Institutuko ikasleek salatu zuten EuroCopa 2020 makroekimenean bolondres lanak egiteko eskuorriak eta gutunak banatu zizkietela batxilerreko bigarren mailako gazteei.

EuroCopa 2020ak "lan prekario zikina sustatzen" duela azpimarratu zuten; besteak beste, kontratu prekarioen bitartez.  Hori dela eta, ikasleek haien eskulana ez dutela dohainik emango adierazi zuten: "ez ditugu zuen iruzurrak sinisten, ez ditugu lan prekarioak onartuko, ez gara zuen esklaboak izango".

Eraginek zabaldu du agerraldiaren bideoa. Aldi berean, jokalariek dirutza irabaziko dutela eta UEFAri zerga salbuespena ezartzeko egindako trikimailuak salatu dituzte: "Eta gainera musutruk lan egiteko adintxikikoak bilatzen dituzte?".