Jon Martinez, 35/02 auzian epaitua: “Epaia asmatzea erraza da, absoluzioa izan behar du, bai ala bai”

uriola.eus 2014ko mar. 17a, 11:54

Eskubian, Jon Martinez Madrilen
Joan den astean bukatu zen ‘35/02 sumarioa’ edota ‘Herriko tabernen auzia’ bezala ezagutu dena. Entzutegi Nazionalean 36 euskal herritar epaitu dituzte bost hilabetez luzatu den prozesuan, tartean Otxarkoagako Jon Martinez. Sumarioa berez, Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen 2002an eta 11 urte itxaron dituzte epaiketa burutzeko.

Hasierako zigor eskariak nabarmen murriztu ditu Fiskaltzak epaiketa amaieran. Zer dela eta?

Defentsaren lana suntsitzailea izan delako. Argi eta garbi geratu da epaiketa politikoa izan dela. Herri Batasunaren aurkako epaiketa historikoa egin nahi izan dute, HB zigortu nahi izan dute. Horretarako fiskaltza saiatu da lotzen HB eta bere militantzia ETArekin. Baina gure abokatuek buelta eman diote guztiari, zoragarria izan da abokatuen lana, txalotzekoa Kepa Landa, Iñigo Iruin eta Jone Goirizelaiaren defentsa.

Hiru hile barru ezagutuko duzue epaia. Zein epai espero duzu?

Fiskaltzak hasierako planteamendua aldatu du azken ondorioetan. Hasieran ETAko militante izatea leporatu zigun eta orain, berriz, Herri Batasunako kide izatea. HB alderdia guztiz legezkoa zen garaian, mahaikide izatea delitutzat jotzen du Fiskaltzak. Parametro juridikoetan oinarritzen bada epailea, epaia asmatzea  erraza da, absoluzioa izan behar du, bai ala bai.

Herriko tabernen eta elkarteetako buruei hasieran leporatzen zien ETAren finantziazio gisa aritzea, eta azkenean hain zorrotzak izan direnez defentsaren argudioak, autofinantzaketa leporatzen die; hori zoramena da, zein negoziok ez du bere autofinantzaketa bilatzen?

Nola bizi izan duzu epaiketaren bukaera?

Floren Aoizek akusatu guztien izenean epailearengana zuzendu eta esan zionean “hemen ezin dugu zigortu jendea bere pentsamendu ideologikoa dela eta, garai berria bizi dugula eta ez dagoela beste sententzia arrazionalik absoluzioaren baino; zuk duzu hitza hemen jokoan dagoena bere tokian jartzeko”, hunkigarria izan zen. Egun polita izan zen. Florenek oso ondo defendatu zuen denon iritzia.

Eta bost hileak, nola bizi izan dituzu?

Inputatuen arteko elkarbizitza oso esperientzia polita izan da. Sasoi latzetan ere militantziak lortu du egoerari aurre egitea, azpimarratzekoa da hainbeste denbora eta giro horretan gure arteko adiskidetasun harremanari eustea. Oso gogorra izan arren, espetxe zigorra eskatu baitute, esperientzia ederra izan da.

Baikorra zara?

ETAri laguntzea leporatu zidaten hasieran eta zortzi urteko espetxe zigorra eskatu. Orain, bi urte eta bi hilekoa da nire aurkako eskaria. Espero dut gehienez, bi hileko kartzela zigorrean geratzea. Baikorra naiz oso nabarmen geratu delako arrazoia gurea dela. Lagun guztiontzat epaia absoluzioa izatea espero dut.