Euskal Herriko Irristaketa Federazioak lehen aldiz hartuko du parte nesken talde gaztearekin, neska kirolari horien aldeko etorkizunerako apustua eginez.
Mutilen kategorian parte hartuko duten Autonomietako selekzioak hauek izango dira: Andaluziakoa, Aragoikoa, Asturiesekoa, Gaztela-Leongoa, Galizakoa, Madrilgoa, Valentziakoa, eta Euskadikoa. Nesken kategorian parte hartuko dutenak Asturieseko, Galizako, Madrilgo eta Euskadiko selekzioak izango dira.
Lehiaketa bi pistatan jokatuko da. Alde batetik, nesken selekzioek Txurdinagako Kiroldegian jokatuko dute (parketezko zorua). Beste alde batetik, mutilen selekzioak Txurdinagako patin gaineko hockeyrako pista berrian (terrazo jarraituzko zorua) lehiatuko dira.
Emaitzak eta sailkapenak Espainiako Irristaketa Federazioaren webgunean egongo dira ikusgai www.fep.es.
Pista berria
Hockey pista berria, goi mailako lehiaketako norgehiagokak jasotzeko behar diren kalitate kanon guztien arabera diseinatu da. Instalazioaren zoladurak, zoruak, hockeyan aritzeko ezaugarri hoberenak ditu. Materiala terrazo jarraitua da, eta Reuseko, Estatuko hockeyaren sorterriko, enpresa espezializatu batek instalatu du.
Jokalariak 40 x 20 metroko joko eremuan arituko dira euren patinen gainean. Eremua, merkatuko materialik hoberenetako batekin, teflonarekin, eraiki den eta pista inguratzen duen hesi perimetralak mugatzen du. Hesiek duten erresistentzia mekanikoa eta segurtasuna, jokoan gerta daitezkeen kolpe gogorrenen kasuan ere, merkatuko handiena da.
Pabilioiak 6 ilara ditu harmailetan, 30 metroko zabaleran, eta 300 pertsona sartzen dira bertan. Harmailetako lehen ilarara arrapalak doaz, urritasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Gainera, estalita eta klimatizatuta dago, eta jasotzen duen ekitaldiaren arabera erregulatu daitekeen argiztapena du: entrenamenduak, final bat…
Pistak Euskal Herriko eta Espainiako Patin gaineko Hockey Federazioen homologazioa du, leku bat du mahai ofiziala jartzeko eta bi aulki-ilara, talde bakoitzarentzat bat. Horrez gain, Hockeyrako homologatutako markagailu elektronikoa ere badu.
Pistaren ezaugarri bereziak hauek dira:
- Jokatzeko gunea: 899 m2
- Jokalarientzako lekua: 50,00 m2
- Ikusleentzako gunea eta sarbideak: 207,40 m2
- Azalera osoa: 1.156,40 m2
- Gehieneko jende kopurua: 350 pertsona, hau da, gehienez ere 50 pertsona kantxan eta 300 harmailetan.
Kirolgune hori eraikitzeko Bilbao Kirolak erakundeak, bi partetan ordainduko diren 969.000 euro gastatu ditu. Iaz ordaindu zen 583.000 euroko lehen partida, eta aurten ordainduko da gainerakoa.
Instalazio berria Santutxu Hockey Taldeak (SHT) erabiltzen du batez ere, bere kirol kategoria guztietan, baina kiroldegiko gainerako erabiltzaileentzat ere zabalik dago, diziplina anitzeko izaerari eutsiz.