Alokairu babestuko 50 etxebizitza erosteko aukera izango da Otxarkoagan

uriola.eus 2015ko ira. 16a, 13:00

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak Otxarkoagan duen ondaretik 50 etxebizitza aukeratu ditu, alokairu babestuan, erosteko eskubidearekin, eskaintzeko Bilbon erroldatuta eta Etxebiden inskribatuta dauden pertsonei.

Otxarkoagan bizi direnak sustraitzeko 'Sustraiak Egin Programaren' bigarren edizioaren nobedadeetako bat da eskaintza hau. Helburua, auzoan bizi diren pertsonak bertan jarraitzea eta beste batzuk erakartzea da, Otxarkoagan sustraitu eta bertako jarduera ekonomikoa eta soziala bultzatzeko.  

Alfonso Gil alkateorderen hitzetan, "Bilboko Udalak asko egin dezake eta asko egin behar du Otxarkoaga eraberritzeko, auzo horretan dituelako bere jabetza higiezin guztien hirutik bat". Bilbotarrei zabaldu nahi die auzoa Udalak, "erosteko eskubideko alokairu hau bezalako eskaintza erakargarriekin". Ondoren, beste ekimen batzuk etorriko dira: etxebizitza eta Otxarkoagako ekimen eta jarduera ekonomikoaren sustapena lotuko dituena edo emantzipazio-etxebizitzak gazteentzat.

Otxarkoagako biztanleak sustraitzeko programako nobedadeen aurkezpenean arduradun sozialistak gogora ekarri duenez, Udal Etxebizitzak erakundeak 1.253 etxebizitza eta 412 lokal ditu -horietako 109 ez daude bizitzeko egoeran-, "hau da, Otxarkoagako higiezinen parkearen herena".

 

277 euroko batez besteko errenta eta 55.000 eurotan salgai

Otxarkoagako auzoko biztanleak sustraitzeko programa iazko urtarrilean jarri zen abian. Programa horren helburua, "auzoan onartu gabe geratzen den etxebizitza kopurua murriztea eta bertako biztanleen esleipen eskaera historikoari erantzuna ematea da, auzoan pertenentzia sentimendu indartsua duten egungo biztanleen ondorengoei, batez ere, horrela euren bizitza sozioekonomikoan auzoan edukitzen jarraitzeko".

Hartara, lehenengo edizioan 20 etxebizitza jarri ziren alokairuan, erosteko eskubidearekin, Otxarkoagan erroldatutakoentzat bakarrik. Baldintza hori kendu egin da. Oraingoan 50 etxebizitza eskaintzen dira alokairuan, erosteko eskubidearekin, Bilboko beste edozein aldetan erroldatuta daudenentzat. Hala ere, baldintza berberetan lehentasuna izango dute Otxarkoagan bizi direnek.  

Etxebizitza horiek eskuratzeko 15.000 eurotik gorako diru-sarrerak eduki eta Etxebiden inskribatuta egon behar da Bilbon etxebizitza eskatuz eta egiaztatu egin behar da Bilbon hiru urtez erroldatuta egotea.

Aukeratutako 50 etxebizitzak tasatu egin dira salmentarako eta hileko errentarako balio justua zehazteko. Kalkulu horretatik atera da 277 eurokoa dela hileko alokairuaren batez bestekoa eta 55.000 eurokoa saltzeko batez besteko prezioa. Etxebizitzok 39 eta 54 m2 artekoak eta hiru kideko unitateetarako dira. 50 eraikinetan daude banatuta, kale hauetan: Irumineta, Langaran, Larrakoetxe, Larratundu, Lozoño, Ugarte eta Txotena. Etxebizitzak notarioaren aurrean egingo den zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira, izena emateko epea amaitu eta onartuen eta baztertuen zerrenda egin ondoren. Lehenago aipatu bezala, baldintza berberetan lehentasuna izango dute Otxarkoagan bizi direnek.

 

Jarduera ekonomikorako eta gazteen emantzipaziorako etxebizitzak

Bigarren fasean, Otxarkoagan bizi direnak sustraitzeko programak alokairu babestuko etxebizitza eta Otxarkoagako ekimen eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustapena lotuko ditu. Horrela, bada, etxebizitzaren eskaintza publikoa Etxebiden etxebizitzaren eskari-egile moduan inskribatutako pertsonentzat da, Bilbon erroldatuta zein erroldatu gabe egon, baldin eta jarduera Otxarkoagan sustatzen badute; hau da, inoren zein norbere kontura lan egiten dutenentzat Bilbon edo auzoan jarduera berriren bati ekiten diotenentzat. 

Sustapen ekonomikoarekin batera, sustraitzeko programaren bigarren faseak belaunaldi berriei begiratuko die; emantzipazio-etxebizitzak eskainiko dizkie baldintza erakargarriekin alokairuaren aldetik. Etxebizitza horiek hilean 175 euroko errenta izango dute. Interesdunak 35 urtetik beherakoak izango dira, urtean 15.000 eurotik gorako laneko sarrerekin eta Bilbon hiru urtez erroldatuta daudela egiaztatu beharko dute.