Alokairu babestuko 50 etxebizitza zozketatu dira Otxarkoagan

uriola.eus 2016ko urt. 18a, 08:50

Argazkia: EiTB Albisteak

362 pertsonaren artean zozketatu dira 50 etxebizitza alokairu babestuan, erosteko eskubidearekin. Etxebizitzok Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak eskaini ditu 'Otxarkoagako egoiliarrentzako Errotze Programaren' bigarren edizioan.

Zozketa publikoa atzo, hilak 17, goizeko 11:00etan egin zen notarioaren aurrean Txurdinagako kiroldegian. 

Goyo Zurrok –Etxebizitza zinegotzia- esan duenez, zozketak “hiru helburu nagusi ditu: auzo gaztetuago bat sortzea eta auzotar berriak erakartzea, Bilboko beste txokoetako jendea Otxarkoagara bizitzera etortzea eta sektore ekonomikoa indartzea”.

Programa honen bigarren ediziora 362 eskari aurkeztu dira. Horietako 26 Otxarkoagan erroldatutakoenak eta 336 Bilboko beste auzo batzuetan erroldatutakoenak. 

Auzoko egoiliarrek lehentasuna izan dute. Hortaz, baldintza guztiak betetzen zituzten 26 auzotarrek zuzenean jaso dute etxebizitza. Gainontzekoen artean, 24 etxebizitza banatu dira.

Urduritasuna eta jakintasun eza arnasten zen kiroldegian, baina hala ere, pozarren atera dira zozketan parte hartu eta etxebizitza esleitu zaien 24 parte hartzaileak. Juan Luis, adineko gizon batek atera ditu zorioneko zenbakiak, eta horien artean 146 zenbakia izan da saridunetako bat.

Egun gutxi barru sartu ahal izango dira etxebizitza lortu dutenak hauetara, eta nahi izanez gero erosteko aukera ere izango dute.

Zozketa horretan, Goyo Zurro Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak bere poza azaldu du: “Izan ere, 50 etxebizitza okupatuko dira aurki”. Erakundearen arduradunak gogora ekarri du Udal Etxebizitzak erakundeak 1.253 etxebizitza eta 334 lokal dituela auzoan “hau da, Otxarkoagako higiezinen parkearen herena” eta adierazi du beste ekimen batzuk jarriko direla abian “etxebizitza eta Otxarkoagako ekimen eta jarduera ekonomikoaren sustapena lotuko dituena edo emantzipazio-etxebizitzak gazteentzat”.

 

277 euroko batez besteko errenta eta 55.000 eurotan salgai

Igandean adjudikatu ziren 50 etxebizitzak tasatu egin dira salmentarako eta hileko errentarako balio justua zehazteko. Kalkulu horretatik atera da 277 eurokoa dela hileko alokairuaren batez bestekoa eta 55.000 eurokoa saltzeko prezioa. 

Etxebizitzok 39 eta 54 m2 artekoak dira. 50 eraikinetan daude banatuta, kale hauetan: Irumineta, Langaran, Larrakoetxe, Larratundu, Lozoño, Ugarte eta Txotena. 

Erosteko eskubideko alokairu babestuko kontratua bost urtekoa da. Lehenengo urtean erosten bada, errentan ordaindutako kopuruak deskontatu egingo dira prezio osotik; bigarren urtean erosiz gero, %90 deskontatuko da; hirugarrenean bada %80, laugarrenean %70 eta bosgarrenean %60. 

Etxebizitza horiek eskuratzeko 15.000 eurotik gorako diru-sarrerak eduki eta Etxebiden inskribatuta egon behar da Bilbon etxebizitza eskatuz eta egiaztatu egin behar da Bilbon hiru urtez erroldatuta egotea.