Troikaren aurkako istiluengatik inputatutako Urko Martinez gaztea absolbitu dute

uriola.eus 2016ko aza. 9a, 11:00

Urko Martinez eta Markel Castaño Otxarkoagako eta Deustuko gazteak 2014ko martxoan Global Forum Spain bilkuraren kontrako istiluetan parte hartzea egotzita, urrian epaitu zituzten. Gaur jakin du Martinezek absolbitua izan dela.

Istiluak gertatu eta bi urte eta erdi geroago epaitu zuten Martinez Castañosekin batera 2016ko urriaren 6an. Desordena publikoak eragitea egotzita 2 urteko espetxe zigor eskaera izan zuen eta 5.400 euroko isun eskaera. Gainera, beste 30.000€ inguru eskatzen zizkioten erantzukizun zibilagatik; hain zuzen ere, ustez, Renault enpresari eragindako kalteengatik 18.855€; Banco Santanderri 1.164€; Hotel NH Villa de Bilbaori 1.480€; eta beste hainbeste Arizona bingoari eta beste zenbait komertziori. Castañosi ere zigor eskaera eta isuna eskatu zizkioten. 

Epaiketaren egunean Martinezek URIOLAri aurreratu zionez, "pozik" atera zen saiotik, akusazioak ez zuelako desordena publikoa egozteko haien aurkako froga "argirik". "%100ean" ezin zutela erruduntzat jo azaldu zuen eta ondorioz, "absolbitua izatea" espero zuela. Guztira, Fikaltzak eskatuta, 10 ertzainek eta 3 lekukok deklaratu zuten eta beste lekuko batek Martinezek eskatuta.

2014ko martxoaren 3a eta ondorena

Estatu Espainiarreko eta Europako ekonomia erakunde nagusietako ordezkariak izan ziren Global Forum Spain bilkurako partaide. 2014ko martxoaren 3an, Guggenheim Museoan egin zuten bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egon ziren Bilboko kaleetan "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten zenbait manifestarik, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak. Urko Martinez, egunean bertan baino, hilabetera atxilotu zuten, apirilaren 3an, bere etxean; kalez jantzitako 6 poliziek.

Iker Egiraunen absoluzioa

Martxoaren 31n, Iker Egiraun gaztea epaitu zuten istilu hauetan parte hartu izana egotzita. Egirauni ere bi urteko espetxe zigorra eskatzen zioten eta 120.000 euroko isuna. Apirilean absolbitu zuten gaztea; froga nahikoa ez zegoenez bertan behera geratu zen bere aurkako akusazioa.