Langile grebalariak: “Egin beharreko guztia egingo dugu Bizkaiko zahar egoitzetan lan hitzarmen duina lortu arte”

bertonaldizkaria 2017ko mai. 15a, 10:06

Argazkiak: Iñigo Azkona

Urtebete pasa da mobilizazioak eta greba deialdiak hasi zituztela Bizkaiko adinekoen itunpeko egoitzetan lan hitzarmen duin bat aldarrrikatuz. 170. greba eguna gainditu dute jada ELA sindikatuko 500 bat grebalarik. Gehienak emakumeak dira. Txurdinagabarri adinekoen egoitzako eta eguneko zentroko Isabel Perales, Josune Osoro, Sonia Bustelo eta Vanessa Paredesek diote “beldurra” baztertu dutela bidezkotzat jotzen duten lan baldintzen alde borrokatzeko.

Bizkaiko itunpeko zahar egoitzetan lan baldintzak duintzeko zer eskatzen duzue?

Batik bat lanorduen murrizketa eskatzen dugu, 100 orduko murrizketa urtean, soldata igoera, 1.200 eurora heltzeko, mutuen eta bajen berrikuspena, eta batez ere ratioen berrikuspena eta eguneratzea. 1998an ezarri ziren ratioekin lanean dihardugu egun. Ratioetan, gainera, zahar etxeetako langile oro sartzen da: ile-apaintzailea, lorezaina, gidaria... Adinekoei arreta zuzena eskaintzen dieten langileen ratioak finkatzeko eskatzen dugu. Finean, aitite-amamekin aurrez aurre egunero harremanetan dagoen kolektiboa da gurea. Premiazko da ratioak aldatzea dugun lana ikaragarria baita.

Lana ikaragarria dela diozue. Eman adibide batzuk.

Txurdinagabarri egoitzan, esaterako, gauez lehen solairuan languntzaile bakarra dago 32 adinekorentzat eta bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren solairuetan laguntzaile bana dago 49 adineko. Duela urte batzuk gauez erizain bat jarri zuten eraikin osorako lanean. Ordura arte laguntzaileok aritu ginen lan hori egiten bai funerariari bai senideei arreta egiten, besteak beste. Begi-bistakoa da dagoen langile falta. 20 minutuko atsedenaldia hartu ezinik ibiltzen gara.

Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoen hainbat erresidentzia eta eguneko zentro zuzenean kudeatzen ditu. Zein da aldea?

Jaso ditugun datuen arabera, erresidentzia publikoetan langileen kopurua eta langileen soldata bikoitza da; desberdintasuna itzela da hori. Bost langile badaude itunpeko zentroetan, 9-10 daude publikoetan, eta gu 1.200 eurora iristen ez garenean, eurek 2.200 kobratzen dute hilean, gauez lan egin gabe.

2016ko martxotik hainbat greba deialdi burutu dituzue. Azkena, apirilaren 25ean hasi duzuen lau astekoa. Gustura zaudete hartutako erabakiekin?

Egun bakarreko greba eginez hasi ginen, gero lau egunekoa egin genuen, astebetekoa, hiru astekoa... Horrela egitea erabaki dugu patronalen erantzunaren esperoan geundelako eta, batik bat, Foru Aldunadiaren erantzunaren zain. Bera da benetan esku hartu behar duena afera honetan, bera baita diru publikoarekin itunpeko erresidentziak finantzatzen dituena oheko hainbeste diru emanez. Grebarekin erresidentziak kudeatzen dituzten enpresak dirutza egiten ari dira. Oso larria da Aldundiaren jarrera. 

Gutxieneko zerbitzuak handitzeko jo du Bizkaiko Foru Aldundiak auzitara.

Bitxia da. Greba hasi genuenean 2016ko martxoan %50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak, eta bazkalorduan eta afalorduan %60koak. Orduan ez zen inoren kexarik izan. Gutxieneko zebitzuak handitu dituztenean esan du Aldundiak gernu infekzioak eta erorketak asko ugaritu direla erabiltzaileen artean. Gezurra. Horrelakoak egunero gertatzen dira, batzutan gehiago eta beste batzutan gutxiago, eta ez langileok greban gaudelako. Gure gatazkarekin ez duela zerikusirik esan du Aldundiak, baina gutxieneko zerbitzuak handitzeko errekurtsoa aurkeztu du; enpresek egin ez dutena egin du. Beraz, horretarako badu zerikusia. %70-80an ezarri dizkigute gutxieneko zerbitzuak, eta horrela mobilizatzea ezinezkoa dugu. Grebarako eskubidea urratu digute.

Babestuak sentitu zarete?

Adinekoen senide batzuk ulertzen eta babesten gaituzte eta beste batzuk ez. Babestu izeneko senideen elkarte bat eratu dute, eta elkartekideek mobilizazioetan asko laguntzen digute. Horiek bai, ohartzen dira erresidentzietako eguneroko errealitateaz.

Nola daramazue 170 egun baino gehiago greban egotea?

Denon familiaren babesari esker egin dugu aurrera. Izan ere, bikotea, seme-alabak, lagunartea... ia bazterrean utzi ditugu. Ekonomikoki jasaezina da. ELA sindikatuaren erresistentzia kutxak laguntzen digu, bestela ezinezkoa zitekeen. Hilean 800 euroko diru galerak izan ditugu. Horrela urtebete ematea ezinezkoa da. 

Asko mobilizatu zarete.

Egunez eta gauez akanpadak egin ditugu. Trafikoa moztu dugu hainbat aldiz eta berriro ere egingo dugu; sentitzen dugu gidariengatik. Foru Aldundiaren eta enpresen egoitza aurrean kontzentratu gara. Piraguan eta belauntzian protestatu dugu. Parapentean jauzi egitea falta dugu. Egin beharreko guztia egingo dugu.

Grebalariak, aldiz, langileekin alderatuta ez zarete hainbeste.

Beldurtuta dagoen jende asko dago, behin-behineko kontratuarekin lanean ari diren asko, Osakidetzara lanera joan direnak... Beldur, denbora eta diru kontua da, finean. Bizkaian 5.000 langile gara itunpeko erresidentzien sektorean. Asko bagara ere, 400-500 lagun baino ez gara mobilizazioetako partaide. Hori da greba honen arazo handienetakoa.

Egoitzetan langile gehienak emakumeak zarete.

%90 emakumezkoak gara. Gure artean sarri aipatu izan dugu gurea gizonen hitzarmena izan balitz honezkero konponduta zegokeela edota konpontzeko zorian. Gainera, baloratzen ez den lana da hau. Erabiltzaileek eta senideek bakarrik baloratzen dute ondotxo dakitelako zein lan egiten dugun.

Zergatik ari da ELA sindikatua bakarka greba honetan?

UGT eta CCOOk ia ez diote ezer, eta LAB beste zeregin batzutan ari da... badira aspaldiko kontuak tartean ere. 

Enpresaz enpresa negoziatzeari ekingo diozue. Zergatik?

Balizko irtenbidea izan daitekeelako. Bizkaia mailako sektoreko lan hitzarmena baztertzea leporatu digute beste sindikatu batzuk, baina hori ez da egia. Inoiz ez dugu amore emango probintzia mailako lan hitzarmena lortu arte, hori baita denoi mesede egingo diguna, ahaztuta dauden erresidentzia txikien eta handien alde borroka egingo dugu.

Bizkaia mailako sektoreko hitzarmenak zer emango dizue?

Langile guztiok babestuko gaitu eta, lege kategoria izaki, zentro mailako hitzarmenak baino babes handiagoa emango digu. Hori aldarrikatzen dugu.

Zer behar duzue greba uzteko?

Eskatzen duguna, hortik behera ez dugu ezer onartuko. Ez dakigu ondo aterako den, eta patronalek onartuko dituzten gure eskariak edo euren jarreran gotortuko diren. Gure lan kalitatea eta gure zentroetako erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeko aurrera jarraituko dugu erresidentzia guztientzat akordio duin bat lortu arte.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarentzako mezurik baduzue?

Esku har dezala, hau auzi serioa baita, eta etorkizunean denoi eragingo diguna. Gutxieneko zerbitzuetan esku hartu badu egin dezala gauza bera lan hitzarmenean. Aurreko hitzarmenean, duela bost urte, Foru Aldundiak esku hartu zuen. Oraingoan berriz, bai Aldundia bai hiru patronalak gotortuta daude.

Hasierako gogo eta animoari eusten diozue?

Bai, animotsu gaude, baina behera ere egiten dugu batzutan denbora asko daramagulako greban, baina eutsiko diogu amaierara arte. Jakin badakigu jendearen babesa badugula. Komunikabideetan oihartzuna izan dugu, entzuten eta ikusten gaitu jendeak kalean. Gizarteak badaki zein gatazka daukagun.