Txurdinagako Ekobulevarra oinezkoentzako kale-sarearen proiektua aurkeztu dute

uriola.eus 2017ko uzt. 5a, 13:38

Argazkia: bilbaoactual.com

Auzoko Bihotzak proiektuaren baitan egindako proposamena da Txurdinagako Ekobulevarra oinezkoentzako kale sarea. Otxarkoaga eta Santutxu auzoetara konektatuta egongo da eta hiru ardatz nagusi izango ditu: aisialdia, bizitza-kalitatea eta kirola.

Ricardo Barkala Jasangarritasun eta Hiri Garapenerako zinegotziak eta Fran Viñez Lan eta Zerbitzuetako zuzendariak agerraldia egin dute Bilboko udaletxean Txurdinaga Auzoko Bihotza proiektuaren aurkezpena egiteko. Txurdinagako Ekobulevarra oinezkoentzako kale-sarea aurkeztu dute, Otxarkoaga eta Santutxu auzoetara konektatuta egongo dena. Hiru ardatz nagusi izango ditu: aisialdia, bizitza-kalitatea eta kirola auzora ekartzea.

Barkalak esan duenez, “auzoaren indentitateari balioa eman nahi diote, hiriari balio erantsia emateko eta horri batzeko”. “Auzoa onera ekarri nahi dugu, transformazio fisikotik harago”, adierazi du zinegotziak eta aurkeztutako planaren bidez auzoari bizitza eta aukerak “txertatu” nahi dizkiotela gehitu du. 

Ekobulevarrari beste bost proiektu batuko zaizkio Txurdinagako hainbat gunetan. Artazuriñan egonaldi-plataformak egingo dituzte kalearen ibileran. Halaber, Zabalbide eta Julia Gayarre kaleetako aparkaleku eta sarbideen antolamendua egingo dute, batez ere Europa parkearen inguruan.

Txurdinaga auzo gaztea, biztanle dentsitate handikoa, bizi-kalitate handikoa, espazio zabaletakoa eta Europa parkea arnasgune duen auzoa bezala definitu du Barkalak. Ildo horretan, ikastetxe kontzentrazioa handiena duen auzoa dela ohartarazi du, baita “gertukoa den merkatu indartsua” duena ere. 

Txurdinagako proiektua urian garatzen ari den hamabi proiektuetako bat da. Viñezek, Basurtuk plan honen pean izan duen transformazioa gogora ekarri du: Feve trenbidearen lurperaketa, Bilboko sarbide zen bide-zubiaren eraistea eta parke berria. Horrekin batera, Basurtu, Irala eta Errekalde auzoen arteko batasuna “proiektuarekin transmititu nahi dugun kontzeptuaren eredua” dela gaineratu du.