Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoan hiriko baratz ekologikoren ustiapena zozketa bidez esleitu dute

uriola.eus 2017ko uzt. 10a, 18:07

Doakoa izan da eta 198 pertsonek hartu dute parte. Auzoan luzaroan langabezian daudenek, irabazi asmo bako elkarteek eta desgaituek jorratuko dituzte. Ortuetan lortutako produktuak autokontsumorako bideratuko dituzte eta ezin izango dizkiote beste inori saldu.

Errekalden hiriko ortu ekologikoekin izandako esperientzia arrakastatsuaren ostean, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak egindakoa beste auzo batzuetara zabaltzeko erabakia hartu du. Otxarkoagako Prestakuntza Zentroaren atzealdean dauden 55 lur-zatiren zozketa egin zuten joan de ostiralean, hiriko baratz bihurtzeko asmoz. Zozketan, 198 lagunek parte hartu izan zuten. Udalak 56 zenbakidun partzela gordeko du Eskolako Agenda 21 ekimenari lotutako jardueretarako.

Udalak udal ortuen aurreko esleipenean ezarritako lehentasunezko irizpide berak erabili ditu: Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetako bizilagunak, luzaroan langabezian daudenak, irabazi asmo bako elkarteak eta desgaituak izango dira ortuak landuko dituztenen profilak.

Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Iraunkortasuna Sailburua den Alfonso Gil alkateordearen esanetan: “Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoan orain abian jarritako ekimen honekin, bertako bizilagunek lurra jorratzeko eremu publikoa izango dute, modu ekologikoan eta kontsumo pertsonalerako eta, bide batez, naturaren espazio estrategiko txikiak sortuko ditugu ingurumenari buruzko hezkuntza alorreko kanpainak burutzeko”.

Partzela baten esleipendunek bi urteko epe batez landu ahal izango dute, beste urte batez luzatzeko aukerarekin, eta lurretik lortutako produktuak ezin izango zaizkio beste inori saldu, horrelako hiriko ortuetan erabili ohi den irizpidearen ildoari eutsiz. Hiriko ortu hauek jorratzeak, osasun ona izateko elikadura osasuntsuaren garrantziaz ere kontzientziatzeko ere balio du.

Partzelen banaketa

40 m2ko tamaina duten 56 partzelak hainbat tamainatako lotetan eman zaizkie Udalak lehentasunezkotzat jotako zenbait kolektibori.

Hala, 1 eta 36 arteko lurzatiak auzoko bizilagunek hiriko baratzen modura ustiatuko dituzte, banaka edo taldeka aurkeztutakoak. Langabetuentzat 37 eta 47 arteko zenbakiak dituzten partzelak daude; eta 48tik 50era artekoak arlo fisikoko edo adimeneko nolabaiteko desgaitasuna duten pertsonentzat edo haien elkarteentzat izango dira.

51 eta 55 zenbakien arteko partzelak Bilboko irabazi asmo bako elkarteentzat zuzendu dituzte.

Partzelaren erabilera doakoa da eta esleipendunek mantentzen eta zaintzen lagundu behar dute.