Bilbao Dendak elkarteak XI Merkataritza Sariak banatu ditu. Zuk ere parte hartu duzu ekitaldian.
Bai, urtero elkartu ohi gara Bilbao Dendak osatzen dugunelkarteetako kide garen merkatariok. Aurten Guggenheimean egin dugu sari banaketa museoaren 20. urteurrenean. Ekitaldia Bilboko merkataritza ikusgai egiteko modua da, eta aurtengo hitzordua abian dugun 'Bilbao nire aukera' kanpainari bultzada emateko baliatu dugu. Asko luzatu zen gaua. Niri Txurdinagako Martinez N&Gko Nuriari saria ematea egokitu zitzaidan.
Zelako giroa dago merkatarien artean? Baikorrak zarete?
Ekitaldian ordezkari askok hartu zuten hitza, besteak beste, Bilboko alkateak eta Merkataritza eta Kontsumo sailburuorde Isabel Muelak. Diotenez, krisitik irteten gaude. Baina ez da horrela. Duela sei hilabate CECOBIn elkartu ginen Bizkaiko merkataritza elkarteetako kideok, eta bat gentozen egoeraren irakurketarekin: oso astiro berreskuratzen ari gara. Zenbait egunetan argindarra ordaintzeko beste ez dugu ateratzen. Niri bezala Uribarriko zein Santutxuko merkatariei gertatzen zaie. Ez dugu ia ezer saltzen. Eguneko kutxa bi eurokoa izaten da hainbat egunetan. Berreskurapena da hori? Ez.
Auzoetako merkataritza behar beste baloratzen dute bilbotarrek?
Herritar askok, bai, jakin badakitelako merkataritza gabe auzoetan bizitzarik ez dagoela. Informazioa, aholkularitza, bermea, hurbiltasuna… eskaintzen ditugu. Beharrezkoa dugu aldiro-aldiro merkatarion lana ezagutzera ematea herritarrek auzoan kontsumitzeko. Bilbon kalitate handiko merkataritza daukagu, gainera. Nik, egia esan, nahiago dut auzoan erosi eta, bide batez, okinarekin hitz egin.
Internet bidezko erosketek bezero gazteengan eragiten dute?
Bai. Gazte batzuk auzoko dendetan erosten dute. Beste batzuk nahiago dute Interneten erosketak egitea. Nik bezero gazteak izan baditut, eta oro har auzoko dendak baloratzen dituztela uste dut. Baina badira online denetik erosten dutenak. Online erosketek murriztu egiten dute auzoetako denden salmenta. Liburu bat, lau boligrafo, entxufe bat... denetik eros daiteke internet bidez gaur egun.
Zein da merkatari txikien erronka?
Jendeak auzoan bertan erosketak egitea eta ez jotzea beste nonbaitera. Dendak eta merkatariak zaindu egin behar dira. Ezin gaituzte zergekin ito.
Zein zergak kaltetzen dute merkataritza?
BEZ zergak adibidez. Gogoan dut %16koa zenean. %21era igo zuten, eta %23ra igo nahi zuten. Jaitsi beharra dago. Gehiegikeria iruditzen zait. Nire dendan BEZaren igoera nire gain hartu dut. Saltzen ditudan bonbilen prezioa ez dut garestitu azken urteotan. Ura, argia, telefonoa... denari eragiten dio BEZ zergak.
Lokal huts asko dago. Ekintzaileentzat laguntza nahikoa dago?
Merkataritza Ganbarak, adibidez, Berriz Enpresa programaren bidez erraztasun ugari ematen ditu. Lehen urteetan 50 euroko autonomoen kuota edota lokala zaharberritzeko diru-laguntza, adibidez. Aukera asko dago ideiak eta berritzeko gogoa duten pertsonentzat. Horrelako jendea behar da merkataritzan.
Argazkia: Bilbao Dendak