Euskaraldia

Otxarkoagan dagoen "indar handia"

uriola.eus 2018ko mai. 23a, 13:20

Aurkeztu dute Otxarkoagan Euskaraldia egitasmoa. Ane eta Elsa Euskaraldiko lantaldeko kideak gogotsu daude euskararen erabilera sustatzeko abian den proiektua auzotarren artean zabaltzeko.

Otxarkoagak 10.000 bat biztanle zituen 2011n. Horietatik 1.771 euskaldunak (%17) eta beste 2.779 ia euskaldunak. Guztira, auzokideen %43k euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gaitasuna zuten duela zazpi urte. Hortaz, egun euskararen ezagutzak gora egin duela aurreikusita, Otxarkoagan hizkuntza ohiturak aldatzeko eta eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko "indar handia dagoela" uste dute Euskaraldia antolatzen ari diren lagunek.

Talde eragilea sendotzea dute lehen urratsa, "jende gehiagoren artean" Euskaraldia ezagutzera emateko eta konpromisoak biltzeko. Orain arte 75 bat auzotarrekin egin dute harremana, norbanakoekin eta talde eta kolektiboetako ordezkariekin. Kontaktu horietan, hizkuntza portaerak astintzeko erronkan parte hartzeko jarrera baikorra agertu dute denek.