Instituzioek Kaiene ‘Otxar Urban Lab’ bihurtu dute

uriola.eus 2018ko ira. 11a, 10:33

Auzoko mugimendu sozialek eta erakunde politiko eta herrikoi desberdinek harrera etxea, ateneoa eta espazio autogestionatua den Kaiene sortu zuten. Instituzioek, berriz, beste erabilera bat emango diote BBK bankuak Otxarkoagan duen eraikinari.

Auzoaren erdian kokatuta dagoen eraikinak urteak zeramatzan itxita eta abandonatuta. Auzokideek, erabilpen bat emateko eta Bilbora heltzen diren etorkinei laguntzeko nahiarekin, Kaiene espazio autogestionatua egitea erabaki zuten, eta bertan sartu ziren. Handik gutxira, Udalak eraikina tapiatzea erabaki zuen, argazkian ikusten den bezala.

Orain, instituzio desberdinen laguntzarekin, Kaiene zegoen eraikinean ‘Otxar Urban Lab’ egongo da, eraikin hori izango delako proiektuaren egoitza. Espazio berri hau laborategi esperimentala, irekia eta partekatua izango da; bertan, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-formulak bilatuko dira, Bilboko beste gune batzuetara eta Euskadiko beste udalerri batzuetara estrapola daitekeen berezko lan-metodoa diseinatzeko eta, bertan, hiria birgaitzeko, berroneratzeko eta berritzeko estrategia martxan jartzeko.

Esan bezala, eraikina BBK bankuak laga du, eta, datozen hileotan, Bulego Teknikoaren eta Hurbilekoaren egoitza bilakatuko da. Horren bidez, auzoan bertan kudeaketak egin ahalko dira eta herritarren parte-hartzea eta Otxarkoagako gizarte-egitura egiten diren jarduera guztietan inplikatzea bilatuko da. Halaber, espazioan bertan auzoko pertsonen prestakuntzarako eta enplegagarritasuna hobetzeko neurri eta planak abian jartzea aurreikusten da.

Ekimena Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Otxarkoagan datozen lau urteotan egingo duten eraikinen hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 milioi euroko aurrekontua du. Horietatik, 4.675.000 euro Eusko Jaurlaritzaren kargura izango dira, eta Udal Etxebizitzak 2.477.000 euroko inbertsioa egingo du.

Auzokideak

Auzoa, bere aldetik, ez dator bat instituzioen erabakiarekin. Azaldu dutenez, hainbat urtez eraikina utzita egon ostean, auzokideek beste erabilpen bat emango ziotenean agertu dira instituzioak, hauteskundeak gainean daudenean, hain zuzen. Horrez gain, aurrekontua Gasteizeko Coronación auzoan erabilitakoa baino askoz txikiagoa dela salatu dute, beraz, zalantzan jarri dute horrekin gai izango ote diren egin behar den guztia aurrera eramateko.

Auzoaren analisiarekin bat egin dute EH Bildu eta Udalberri alderdiek. Amaia Arenal bozeramaileak azaldu duenez "auzo eta elkarte autogestionatuen kontrako Aburtoren beste kolpe bat da hau".