Otxarkoagako Familien Elkarteko presidente Pablo Herranek azaldu duenez, joan den astean jakin zuten, bide ez ofizialetik, Kutxabankek bulego handia itxi eta plaza berean, Pau Casals etorbideko errepidearen alboan (Bilbobusen geltokiaren atzean), dagoen beste ofizina soilik mantentzeko asmoa duela: “Gaur asteartea da eta sekulako ilara dago bulegoan. Bada, bestea txikiagoa da, langile kopurua murriztu dute, ordutegia ere bai… den-dena”.
Izan ere, azaroan murriztu zuen ordutegia Otxarkoagako bankuak, eta astearte eta ostegunetan soilik irekitzen dute geroztik kutxa zerbitzua emateko. Bada, gaur bertan, ilara luzeak zeuden atearen kanpoaldean, eta batez ere jende nagusia zegoen bertan.
Gogorarazi behar da Kutxabankena dela auzoan geratzen den banku bakarra, lehenago gehiago bazeuden ere: “Adibidez, oraingoaren ondoan BBVAk bazeukan beste bulego bat, baina duela urte batzuk itxi zen. Ez zen luzaroan egon, dena den”.
Arrakala digitala areagotzeko arriskua
Bada, horrelako zerbitzuak auzotik kentzeak arrakala digitalaren ondorioak areagotzen ditu, Herranek azpimarratu duenez: “Otxarkoagan gero eta jende zaharragoa bizi da, eta onartezina da egiten ari direna. Horixe jakinarazi diegu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso, ez dakigu zehazki zein den egoera”. Gaineratu du inor ere ez dagoela behartuta interneta, mugikorra nahiz gailu digitalak edukitzera, eta zenbait jendek, adinekoek bereziki, ez dutela halakoak behar bezala erabiltzeko moduko ezagutzarik. Hala, auzokideak aurrez aurreko zerbitzuaren alde borrokatzen jarraitzeko prest daudela adierazi du.
Aldarrikapenen ildo beretik zihoan joan den urte amaieran auzorako Plan Integrala eskatzeko aurkeztu zuen mozioa, azkenean udalean aurrera egin ez zuena. Hala ere, ez dute etsiko, zerbitzurik gabeko auzoak hiltzera kondenatuta daudela uste baitu Otxarkoagako Familien Elkarteak.