Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak aurkeztu dute proiektua. Zentroak 846 metro koadroko azalera izango du, eta erabilera anitzeko pista, aldagela egokituak, fisioterapia-gela, harrera-bulegoak eta gela teknikoak barne hartuko ditu. Gainera, Txurdinagako udal-kiroldegirako oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbideak izango ditu.
Bilboko Txirrika Herri Kirol Klubak kudeatuko du zentroa, eta adinaren arabera antolatutako jarduerak eskainiko ditu. Lehenengo blokea eskola-kirolari buruzkoa izango da, eta bigarrena kirol federatuari zuzenduta egongo da, entrenamendu espezifikoak eskainiz
Juan Mari Aburtok azpimarratu du zentro berriaren helburua herri kirolak garatu eta profesionalizatzeko erreferentziazko gune bat izatea dela. "Hau da Bilboko Udalak herrialdeko eta hiriko kirol estrategikoekin duen konpromisoa indartzeko modua. Kirol hauek gure ohitura eta tradizioekin lotuta daude, eta gure aberastasun kulturalaren eta euskal nortasunaren parte dira", adierazi du alkateak.
Herri kirolak Bizkaiko bihotzera
Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, azaldu duenez, "instalazio berri honekin, kirolarien prestakuntza eta herri kirolen modalitateak Bizkaiko bihotzean zentralizatuko ditugu. Herri kirolen inguruko kirol-komunitatearentzat erreferentzia bat izango da, eta kirolarien arreta erraztu eta hobetuko du".