Aurten 16 ikastolak, 10 eta 14 urte bitarteko 1.280 neska-mutikok eta 320 gurasok hartuko dute parte programan. Proiektuaren abiapuntua honako gogoeta hau da: elkarrekin sukaldatzea eta jatea funtsezkoak dira familian eta heziketan, batez ere ikasleentzat. Joan zen ikasturtean guztira 13 ikastolak, 1.065 neska-mutikok eta 289 gurasok hartu zuten parte.
Sukaldatu proiektuaren helburua sukaldaritzaren eginkizunari zenbait alorretan balioa ematea da, hain zuzen osasunean, familiarteko harremanetan eta tokiko aberastasunean, tokiko produktuak erabiltzearen bidez, sukaldaritzak alor horietan duen eragin onuragarria dela eta. Osasunaren alorrean, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak sartzea eguneko otorduak planifikatzean, baita produktu freskoak erabiltzea eta sukaldaritzari denbora eskaintzea ere. Izan ere, bereizezinak dira jatea eta horren aurreko prozesua, hau da, kozinatzea –gainera, gizateriaren garapenean funtsezkoa izan da jarduera hori–, baita kozinatzea eta taldean jatea ere, batez ere familiartean. Era berean, jatea –eta, aldez aurretik, kozinatzea– funtsezkoa da familiaren kohesioa eta herrialde baten kultura soziala indartzeko.
Ikastolan eta etxean
Gaur egun, haurren %26k gehiegizko pisua du eta %19k obesitatea, dieta mediterraneoa pixkanaka utzi eta sedentarismoa handitu izanaren ondorioz. Gauzak horrela, sukaldaririk onenetako batzuek elikadura eta nutrizioa eskolako irakasgaia izatea aldarrikatu dute duela gutxi, haurrei osasuntsu jaten irakasteko. Basque Culinary Centerrek abian jarri duen proiektua bat dator aldarrikapen horrekin. Proiektuaren helburua, euskal ikastoletako haurrek ez ezik, familiek ere sukaldaritza eta elikadura orekatuaren garrantziaz kontzientzia hartzea da. Horrela, familiak ekimenaren oinarri bihurtzen dira. Proiektuak, hiru ardatzen bidez –ikastola, familia eta denda edo supermerkatua–, familiartean kozinatu eta jateak osasunean duen garrantziaz kontzientziatu nahi du, alde batetik, eta bestetik, sukaldaritza osasungarriaren eta osasun onaren oinarriak ezagutarazi: kozinatuz gozatzea, elikagai freskoak aukeratzea, produktu industrializatu gutxi kontsumitzea eta sukaldean elkarrekin aritzeko denbora ematea, hain zuzen.
Hazten ari den programa
Programa, Bilboko Urretxindorra ikastolara helduko da aste honetan (bihartik ostiralera) eta 80 ikaslek parte hartuko dute.
Sukaldatu lau goizetan banatutako lantegien bidez garatzen da, hainbat ikasgelatako ikasleekin. Lantegiotan, nutrizio-jarraibideak eta elikatzeko ohitura osasungarriak ez ezik, tokiko eta denboraldiko produktuak eta sukaldaritzari buruzko nozioak ere irakasten zaizkie. Neska-mutilak erosketak egitera joango dira irakasleekin; ondoren, lantegian otordua prestatuko dute; eta azkenik, sukaldatzeko erabilitako espazioa garbitu egingo dute. Gainera, sukaldean aritu ondoren, prestatutako jakiak elkarrekin jango dituzte. Gurasoekin egin beharreko saioak –bi arratsalde astean– Basque Culinary Centerreko irakasle batek zuzenduko ditu.