Indarkeria sexista

Azken sexu-erasoa salatzeko elkarretaratze isila

uriola.eus 2018ko ots. 19a, 10:09

2017an Zorrotzan egindako elkarretaratzea (artxibo irudia)

Asteburuan gertatu den sexu-eraso saiakera gaitzesteko, San Adrianeko auzokideak 20:00etan bilduko dira pilotalekuan. Auzoko Jai Batzordeak egin du deialdia, ASOVESAN elkartearekin batera.

Joan den igandean, goizeko zazpiak aldera, neska batek sexu-eraso saiakera bat pairatu zuen San Adrian auzoan. Jakitera eman dutenez, gizona bat-batean azaldu zitzaion bidezidor txiki eta estu batean.

Biktimak azaldu duenez, gizona burusoila zen, eta betaurrekoak eta oinetako zuriak zeramatzan. Polizia bere bila ibili zen goiz guztian zehar, baina ez zuen emandako deskribapenarekin bat zetorren gizonik topatu. 

San Adrianeko Jai Batzordeak, ASOVESAN elkarterekin batera, sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratze isila antolatu du. Gaueko 20:00etan bilduko dira auzoko pilotalekuan.

Sexu-eraso honek, azken aldian gertatu diren erasoekin batera, Bilboko segurtasuna kolokan jarri du. Izan ere, gau horretan, beste bi eraso egon ziren. Lehenengoa Deustun izan zen, gizon batek hiru sastakada jaso zituen bere sabelean. Basurtuko Ospitalera eraman zuten eta arriskutik kanpo dagoela adierazi dute. Erasotzailea atxilotua izan zen. Azkenik, gau horretan beste pertsona bat ospitalean artatu zuten kalean gertatutako borroka baten ondorioz.

 

Udalaren gaitzespena

Irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu du Bilboko Udalak San Adrian izandako eraso matxista dela eta. "Emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditugu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta", adierazi du Udalak, talde politiko guztiek babestu duten ohar instituzional baten bitartez.