LABeko mila ordezkaritik gora zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak exijitu dituzte

uriola.eus 2024ko abe. 12a, 15:00

1.500 delegatuk parte hartu dute LABek egin duen Delegatuen Batzar Nazionalean Bilbon, Miribillako Bizkaia Frontoian. Gutxieneko soldata "hemen eta orain" ezartzeko deia egin du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, horretarako nabarmendu du  "baldintza berriak" sortu direla.

Sindikatuaren 50 urtetako ibilbidea goraipamenarekin hasi da ekitaldia. Igor Arroyok nabarmendu du euskal sindikalismoaren koordenadak errotik aldatzea lortu dutela: Kontraboterea, independentismoa, euskaltzaletasuna, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eman du hitzartze nagusia.

Etxebizitzaren egoera larriaz hitz egin dute ekitaldian urrats berriak emango dituztela aurreratuz. Bestalde, 2024an hil diren 61 langileak ere gogoratu dituzte.

Jarraian, LABek irailean aurkeztutako dinamika konfederaleko aldarrikapenek izan dute euren lekua, 1.600 euroko gutxieneko soldatak; 30 ordutako lan asteak eta zerbitzu publikoek (Osasunbidea eta Hezkuntzako langile banaren eskutik). 1.600 euroko gutxieneko soldata da LABen aldarrikapen nagusietako bat, eta azpimarratu du "hemen eta orain" ezartzeko momentuaren garrantzia. “Sindikatu guztiak daude ados patronalari akordio interprofesional baten negoziazioa eskatzean”, gehitu du: “Eusko Jaurlaritzak akordio interprofesional bat negoziatzeko eskatu behar dio CONFEBASKi, gure errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko”.

Presoen etxeratzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu ondoren, kapitalismoaren egungo fasea ezaugarritu du, ultraeskuinaren gorakadaren aurrean “Euskal Herria irla bat ez dela” azpimarratuz. Testuinguru ilunaren aurrean, azpimarratu du LABek baduela alternatiba: “kapitalari eremu guztiak lehiatzea, lantokiak, kaleak, instituzioak eta baita baloreak ere”.

Ekitaldia amaitzearekin batera bertaratutakoek manifestazioa egin dute Arriagaraino.