Jazarpen matxistagatik jarritako salaketa anonimoek Urretxindorra Ikastola astindu dute

uriola.eus 2024ko abe. 17a, 10:19

Bilboko Urretxindorra Ikastolako artxibotik hartutako irudia. Irekia

Azken asteetan, hainbat ikasle eta ikasle ohi Instagram sare sozialaren bidez salaketa anonimoak plazaratu dituzte, Urretxindorra Ikastolako irakasle bati sexu-jazarpena egotziz. Gertakarien ondorioz, ikastolak irakaslea baztertu eta auzia hezkuntza sailaren esku utzi du, beharrezko ikerketak burutzeko.

Zuzendaritzak argitaratutako komunikatuan nabarmendu dute ez dituztela zalantzan jartzen emakumeek kontatutako testigantzak eta gertatutakoak ikas-komunitatean eragin nabarmena izan duela. Horrez gain, azpimarratu dute ikasleen ongizatea dela beren lehentasuna eta babeserako neurriak aurretik martxan jarrita zituztela. Hezkuntza Sailarekin elkarlanean jarraitzen dute lehen unetik, eta prest agertu dira edozein testigantza jasotzeko, bai oraingo ikasleengandik, bai ikas-komunitateko kide ohiengandik.

Horretaz gain, azken egunetan, salaketa berriak ere agertu dira, ezkutatzeen ingurukoak; hain zuzen ere, irakasle batzuek gertatutakoaren jakitun zirela eta gertakariak isilpean gordetzen saiatu zirela salatu dute. Hau guztia ezagutzera eman ondoren, ikastolak erabaki du ez duela sare sozialetan eztabaidarik sustatuko, egoera gehiago ez nahasteko eta salatzaileen errespetua bermatzeko. Ikastolako Zuzendaritza Taldeak eta Errektore Batzordeak bere konpromisoa berretsi dute ikasleen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.

 

Ikastolen Elkartearen adierazpenak

Horren harira, Ikastolen Elkartea gaiaren inguruan azaldu da. Elkartearen arabera, salaketa horiei zilegitasun osoa aitortzen diete, eta adierazi dute ikasleen segurtasuna eta ongizatea dela lehentasun nagusia. Era berean, ez dela inolako eraso matxistarik, jazarpenik edo biolentziarik onartuko ikastoletan, halako jokabideak guztiz onartezinak direla azpimarratuz.

Ikastolen Elkarteak azpimarratu du indarkeria matxista ez dela ekintza isolatu bat, baizik eta gizartean errotuta dagoen sistema heteropatriarkalak sustatzen dituen jokabideen ondorioa. Halaber, Urretxindorra Ikastolako eta Azkue Ikastolako salaketen aurrean, neurri zorrotzak hartu dituztela eta ikastoletan protokoloak aktibatu direla adierazi dute. Protokolo horien baitan, erasoa jasan duten emakumeei babesa eta beharrezko baliabideak eskaintzen zaizkie, baita laguntza emozionala ere, haien ongizatea bermatzeko.

Ikastolen Elkarteak gogorarazi du salaketak@ehi.ikastola.eus helbidera edo zuzendaritzako organoetara zuzenean joateko aukera dutela jazarpena, indarkeria edo diskriminazioa jasan dutenek. Salaketak arretaz eta ahalik eta azkarren erantzungo direla ziurtatu dute.

Azkenik, Ikastolen Elkarteak elkartasuna adierazi die bai Urretxindorra Ikastolari, bai Azkue Ikastolari, salatutako gertaerak kudeatzeko erakutsi duten ardura eta zorroztasunagatik. Haien jardunari esker, ikasleen segurtasuna eta ongizatea lehenetsi direla nabarmenduz. Elkarteak berretsi du hezkuntza-komunitate osoarekin lankidetzan jarraituko dutela, segurtasuna, errespetua eta justizia bermatzeko.

Gertakari hauek gizartean eta hezkuntza arloan sexu-jazarpenaren eta matxismoaren aurkako eztabaida berriz piztu dute. Halaber, Ikastolen Elkarteak adierazi du indarkeria matxista eta homofoboa emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen bortitzena dela, eta irmotasunez aurre egingo diotela halako egoerei.