Protestan, Olentzerok eta Mari Domingik postontzi bat jarri dute Lanbideren egoitzaren aurrean, kapital handi eta enpresa handiek egiten dituzten iruzur fiskalak agerian uzteko. Salatu dute iruzur hori sarritan oharkabean pasatzen den bitartean, pobrezia egoeran dauden pertsonek kontrol zorrotzak jasaten dituztela. Plataformek azpimarratu dute enplegua sustatzeko pizgarrien formula berriak milaka langileri eragingo diela, hilean 100 euroko galera eraginez.
Mobilizazioan parte hartu dutenek Eusko Jaurlaritzaren azken ekimenak gogor kritikatu dituzte, hala nola “iruzurraren aurkako buzoia” eta Ertzaintzak prestazio sozialak jasotzen dituzten familien etxeetan egiten dituen erregistroak. Haien iritziz, neurri horiek arrazakeria, matxismoa eta xenofobia sustatzen dituzte, bereziki emakume dibortziatuen edo migratutako pertsonen kasuetan.
Plataformen arabera, Eusko Jaurlaritzaren datuek argi erakusten dute iruzur soziala ia anekdotikoa dela, %0,2ko tasa izanik. Hala ere, politikek familia ahulenak kriminalizatzen eta estigmatizatzen dituzte. Hori del eta, murrizketak eta pobreziaren kriminalizazioa amaitzeko eskatu dute. Lanbidek hartzen dituen erabakiak, pobrezian edo prekarietatean bizi diren pertsonen zaurgarritasuna areagotzeaz gain, lan baldintza prekarioak dituztenei zuzenean kalte egiten diela salatu dute.
Mobilizazioak eskubide sozialen defentsa eta politika sozialen birbideraketa exijitu ditu, hilabete bukaerara iristea gero eta zailagoa egiten ari zaien milaka pertsonen egoera larria agerian utziz.