Asanblada irekia deitu du Santutxuko Gazte Asanbladak larunbaterako

bertonaldizkaria 2012ko mar. 7a, 12:34

Martxoaren 10ean auzoko gazteria aktibatzeko helburuarekin Santutxuko Gazte Asanbladak bilera irekia egingo du. Gazteen arazoak eta gabeziak aztertuko dituzte Karmelo plazan 17:30etik aurrera.

Lehen pauso gisa asanblada auzoko gazte guztiei irekitzea erabaki dute. Horretarako, 17:30ean hasi eta arratsalde guztia luzatuko den egitaraua prestatu dute datorren larunbaterako. Karmelo plazan bilduko dira, eguraldiak laguntzen badu, “auzoko gabeziak eta gazteen arazo zehatzak identifikatu eta aztertzeko”. Bideo emanaldi batekin emango diote hasiera ekimenari eta ostean lan taldeetan banatuko dira eztabaida sustatzeko. Bideoan Gazte Asanbladak orain arte jarraitutako bidea eta landu dituen borrokak aurkeztuko dira, horretarako erabili diren lokalekin batera. Jarraian ezagupen jolas bat egingo dute “lotsak alde batera uzteko”. Behin lotsak ahaztuta, lan-taldeka dinamikei hasiera emango zaie. Lehenik eta behin, termometroaren jolasa erabiliz, baieztapen batzuk botako dira eta ilaran dauden pertsonek ezkerretara edo eskumatara eman beharko dute pausu bat baieztapen horren alde edo kontra kokatuz. Baieztapenak aldez aurretik prestatuta eramango dira eztabaida sustatzeko. Dinamika honek ordu erdi pasa inguru iraungo du. Ondoren gerturatutako guztiei post-it batzuk emango zaizkie eta horietan auzoak behar duena edota hobetu beharko lukeena idatziko dute. “Post-it hauek kutxa baten sartuko ditugu era anonimoan, lotsak tartean ez sartzeko helburuarekin”. Kutxako post-itak gaika sailkatuko dira paretan jarritako arbel batetan eta berriz ere eztabaidari ekingo zaio. Eztabaida hauek ziurtatzeko lantalde bakoitzean dinamizatzaileak egongo dira.

Amaitzeko, ateratako ondorioak auzotik islatzeko, “kalejiratxo bat egingo dugu eta ondoren luntx bat dastatzeko aukera izango da herriko tabernan”.

Gazte Asanbladako kideek dei egin diete “auzoko gazte guztiei” asanbladan eta auzoaren berpiztean parte hartzera.