Manifestazioa gaur Santutxun "Utzi bakean Euskal Herria" goiburupean

bertonaldizkaria 2012ko api. 16a, 13:44

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Maialen Zuazo eta Anabel Prieto gazte santutxuarren aurka Auzitegi Nazionalak bere garaian ezarritako espetxe zigorra. Zehazki, 7 urteko espetxealdia betetzera zigortu zuen Zuazo eta 5 urtekoa Prieto.

Auzitegi Nazionalaren epaiaren aurrean helegitea jarri zuen defentsak martxoan eta Gorenaren ebazpenaren zain egon dira orain arte. Maialen Zuazo kalean zegoen iazko uztailetik, 2008ko uztailetik espetxean egon eta gero. Prietok, aldiz, bi urte eman zituen preso, eta aske zegoen 2010eko otsailetik. Lehenengoak 60.000€ eta bigarrenak 20.000€ ordaindu ostean izan ziren kaleratuak.

Bi gazteak 2008ko udan ETA erakundearen Bizkaia taldearen aurkako operazioan atxilotu zituen Guardia Zibilak Bizkaiko beste zazpi lagunekin batera. Nahiz eta komunikazio aldian “Garzon protokoloa” aplikatu zitzaien, tortura latzak jaso izana salatu zuten guztiek.

Guzti hau salatzeko eta auzokideei elkartasuna adierazteko gaur (apirilak 16) arratsaldeko 20:00ean Karmelo plazan manifestazioa burutuko da Santutxun.