Orreaga kalearen berritze lanek zapore gazi-gozoarekin utzi dute Gure Etxea elkartea

uriola.eus 2014ko mai. 13a, 11:09

Udalari "urte askotako eskakizunak egin ondoren", Gure Etxea Uribarriko auzo elkarteak adierazi duenez "Orreagako guduaren kalea berritzea lortu da". Era berean, kalea "oinezkoentzat soilik izateko aukera galdu dela" nabarmendu du.

Gune laua da Orreaga kalea, Panera etxaldea Uribarriko eskolen landarekin batzen duena. Hortaz, lotune funtzioa betetzen du auzoan. Egunero "ehunka hiritarrek erabiltzen dute", besteak beste eskolara, Etxebarria parkera edota inguruko supermerkatuetara joan-etorriak egiteko. Gure Etxearen proposamenen artean dago, kaleak dituen ezaugarriak kontutan hartuta, ibilgailuak bertatik atera eta oinezkoentzako kale egitea. Horregatik uste du elkarteak ez direla nahikoak Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen sailak gauzatuko duen proiektuak aurreikusten dituen oinezkoentzako bi metroko espaloiak eta ibilgailuentzako hiru metro eta erdiak.

La Popularreko etxeak eta espaloiaren arteko zuloa sareta batekin estaliko dute udal beharginek eta hori ere ez du egokitzat jotzen Gure Etxeak: "Ez da irtenbide onena, garbiketa kostua handiak izan baititzake eta horrek zabor leku eta infekzio leku bilaka dezake gunea".

Ontzat jotzen du elkarteak auzotarrei egin zaizkien kontsultak. "Baikorra da edozein proiektu gauzatzeko hiritarren parte-hartzea sustatzea, baina kalea erabiltzen dugunok ere kaltetuak izan gaitezkeela deritzogu". Ez dute Gure Etxeako kideek ulertzen "nolatan Udalak ez dituen kontutan izan ez kalearen eraberritzea urtetan eskatzen aritu den elkartea ez Uribarriko eskola ez guraso elkartea. Pertsona guztiengan pentsatuz eta denei hitza emanez, benetako parte-hartzea bermatzeko, urbanizatu behar dira kaleak".