'Gazte-Lonjak' app berria aurkeztu dute

uriola.eus 2014ko eka. 16a, 14:19
Hainbat bailabiderekin dator eta gazte lonjeroei zalantzak argitzea eta orientazioa ematea du helburu aplikazio berriak.

Gaur goizean aurkeztu dute Gazte-Lonjak aplikazioa Bilboko Udalak eta Bilboko Santutxuko lonja bateko kideak. Aplikazioaren helburua da lonjako gazteek hainbat arloen inguruan dituzten zalantzak argitzea eta orientazioa ematea, eta bide batez lonjen arteko partehartzea sustatzea.

App-a euskaraz eta gaztelaniaz eskuragarri dago eta hainbat baliabide erabilgarri eskaintzen ditu. Hona hemen batzuk:

Lonjometroa, lonjen bizigarritasun, elkarbizitza, osasun eta segurtasun maila kalitatea baloratzeko.

Gomendioak, administrazioarekin, legeekin, segurtasunarekin, bizikidetzarekin edo osasunarekin esaterako, eta bide batez, gazteek dituzten eskubideak ezagutarazteko.

Kanpainak, une bakoitzean argitaratuz joango da, hainbat gai zabal lantzeko. Hiru hilabetez behin kanpaina bereziak argitaratuko dira

Lehiaketak atalean, lonja bakoitzak argazkiak igo ditzake zuzenean bere App-tik, eta antolatzen diren lehiaketetan parte hartu. Ekarpen guztiak lonjetako gainerako gazteek ikusi ahal izango dituzte, eta sariak banatuko dira. Oraingo honetan, lonja irabazleak aurtengo BBK Liverako 6 bono jasoko ditu sari gisa. 

 

 

Lonjak errotuta 

Bilboko 2.471 gaztek lonja dute 2012an egindako azterketen arabera. Halaber, lonja bat ixtea ez dela beste bat alokatzeko oztopo ikusi da eta zailtasuna ez dago Bilboko gazteek lonja alokatzean, baizik eta lonja horien erabileran eta pertsona gazteek bizikidetzarako dituzten trebezietan. Gainera gazteek ez dituzte euren eskubideak ezagutzen, eta ez dakite nora jo arazoak sortzen direnean eta zalantzaz beteta bizi dute euren lonjak ixtea lonja behar bezala erabili arren.