uriola.eus

28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du

  Politika  Santutxu
Irailaren 22an hasiko da Auzitegi Nazionalean 28 euskalherritarren aurkako epaiketa. Lau urte pasa dira atxilotu, inkomunikatu, espetxeratu eta "torturak pairatu" zituztenetik. Tartean daude bi bilbotar, Ikoitz Arrese eta Xabat Moran. Santutxun, euren auzoan, asanblada antolatu dute.

Seina urteko kartzela zigorra eskatzen dute 28 gazte independentistentzat. Urtebete baino gehiago beteta dute jada. 2010-11 bitartean bete zuten bi polizia operaziotan eta ondoren atxilotuak, inkomunikatuak eta espetxeratuak izan zirenean -2010eko urrian eta abenduan-. "Gutariko askok, torturak pairatu genituen", salatu zuten gazteek orduan.

Irailean, 1/12 sumarioaren baitan, lau hilabetez luzatuko den epaiketan auziperatuko dituzte. Irailaren 22an hasiko da eta abenduaren 18an amaitzea aurreikusita dago -30 saio-. 28 gazteek azaldu dutenez "militantzia politikoagatik" epaituak izango dira. "Ez litzake sekula epaitua izan behar" lan politikoa -diote-, "are gutxiago egun bizi dugun testuinguru politikoan. Gure herrian fase berri bat ireki da gatazkaren soluzio bidean eta errepresioak ez du lekurik".

Kausa beragatik epaituak izan diren 40 gazteren absoluzioa ezagutu ostean -ekainaren 11n-, auzipetuen arabera, sumario honetan "aurrekoaren froga berdinak dira" eta beraz "ilogikotzat" hartzen dute epaiketa bera gauzatzea, kontuan izanda "akusazio oro torturapean ateratako deklarazioetan oinarritzen direla".

Gazte auziperatuak joan den ekainaren 23an egin zuten agerraldian dei egin zioten euskal jendarteari gatazkaren konponbidearen ildoan "aktibo" izatera, "herri gisa eta ideologien gainetik". 

Elkartasun argazkiak

Facebook eta Twitter sare sozialean zabalik dituzten profiletan hainbat elkartasun argazki jasotzen ari dira 28 gazteak. Kamiseta laranja jantzita ageri diren pertsonenak dira, "28ak libre" mezua zabaltzen ari direnak Euskal Herriko hamaika txokotatik, baita Euskal Herriko mugetatik at ere.

Santutxuko hitzordua

Uztailaren 9an, astelehena, Santutxu auzoa jaietan murgildu baino lehen egingo dute lehen asanblada "Xabat eta Ikoitz libre nahi ditugu" lelopean. 19:30ean Karmelo plazan izango da. 

 

28ak LIBRE taldeak ekainaren 23an ezagutzera eman zuen mezua

Gaur, 2009 eta 2010. urteetan euskal gazteriaren aurka egindako makro operazioetan atxilotu, torturatu eta espetxeratu gintuzten gazteak elkartu gara hemen. Duela astebete eskas absolbitutako 40ak eta datorren irailean epaituak izatera deitu gaituzten 28ak.

Ba bai, horrela da, duela astebete eskas leku honetan bertan eman zuten gure artean dauden 40 gazteek beraien absoluzioaren berri, eta egun gutxi batzuen buruan jakin dugu gure aurkako epaiketa datorren irailean hasi eta abendua bitarte luzatuko dela.

Baina, zein zentzu du horrek? Gure sumarioa oraintxe bertan absolbituak izan diren 40 gazte hauenaren jarraipena zela esan ziguten, beraiek ordezkatu genituela, eta gainera, gure aurkako frogen artean inkomunikazioan burututako deklarazioak daude eta epaileak berak onartu du inkomunikazio aldi honetan ez dagoela berme nahikorik. Horretaz gain, gure aurka aurkeztu dituzten frogak, berdinak dira kasu gehienetan. Zergatik mantentzen dituzte gure aurkako akusazioak orduan?

Auzi honen barruan gauden gazteak 2010eko urrian eta abenduan burututako 2 polizia operaziotan eta ondoren, Izpuran burututako ekimenaren ondotik Ipar Euskal Herrian atxilotuak, inkomunikatuak eta espetxeratuak izan ginen. Gutariko askok, torturak pairatu genituen. Urtebete baino gehiago espetxean egon ostean, gure senide eta lagunek, orotara 795.000 euroko fidantzak ordaindu behar izan zituzten gure askatasunaren truke.

Aste honetan, ia lau urte geroago, epaituak izango garela jakinarazi digute. Epaiketa, irailaren 22an hasiko da eta abenduaren 18an amaitzea espero da. Guztira, lau hilabetetan zehar banatuko dituzten 30 saio izango dira, honek dakarren ondorio guztiekin (arlo ekonomikoan, lan arloan, ikasketen arloan...). Bakoitzari 6 urteko espetxe zigorra eskatu digute, guztira 168 urtekoa.

Honen aurrean, honakoa adierazi nahi dugu:
- Salbuespenezko tribunal arrotz bat den heinean, Audientzia Nazionalak ez duela inolako legitimitaterik gu epaitzeko. Soilik Euskal Herriak dauka gure lan politikoa epaitzeko eskubidea.
- Militantzia politikoa ez litzake sekula epaitua izan behar, are gutxiago egun bizi dugun testuinguru politikoan. Gure herrian fase berri bat ireki da gatazkaren soluziobidean eta errepresioak ez du lekurik.
- Gure bizitzaren esparru guztietan prekarietatea inposatzen digun sistema honen aurrean, euskal gazteriak eskubide osoa duela amesten duen etorkizun horren alde antolatzeko eta borrokatzeko. Guk konpromiso hori hartu genuela, mantentzen dugula eta mantenduko dugula. Kapitalismo heteropatriarkal basati honek gazteongan dituen ondorio larriak salatzen jarraituko dugula, eta baita amesten dugun Euskal Herria eraikitzen (lan baldintza duinak borrokatzen, emakumeon eskubideen alde borrokatzen, aisialdi eredu alternatiboak eraikitzen, bestelako hezkuntza eredu bat lantzen...) Independentziarako aukera inoiz baino gertuago dagoen une honetan, euskal gazteriari konpromiso kolektiborako deia egin nahi diogu.
- Honekin batera, euskal jendarteari herri gisa eta ideologien gainetik, gatazkaren KONPONBIDEAren ildoan aktibo izatera dei egin nahi diogu, alegia, elkartasunetik KONPROMISOra jauzi egiten jarraitzea. Gatazka konpontzeko borondateak batzen gaitu, eta hori bedi euskal herritarren gehiengoaren konpromisoa aktibatuko duen ELKARGUNEA.

Azkenik, Estatu espainoleko botere legegileari, judizialari eta betearazleari honakoa eskatu nahi diogu: iraganeko estrategia errepresiboa bertan behera uzteko neurriak har ditzan eta gure epaiketa zein datozen hilabete eta urteetan egitekoak diren beste epaiketa guztiak bertan behera utz ditzatela Euskal Herriak eskatzen duen konponbidearen aldeko bide hartuz.

Euskal jendartearekin batera, Konponbidearen alde borrokan jarraitzeko, Gu ere LIBRE!

 

2014/07/07 19:30

Karmelo plaza Santutxu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa