Libre dinamika abiarazteko asanblada egingo dute gaur Santutxun

uriola.eus 2014ko uzt. 9a, 10:02
Auzitegi Nazionalak 28 euskalherritar epaituko ditu irailaren 22tik aurrera. Haien artean, Xabat Moran eta Ikoitz Arrese Santutxuko gazteak daude. Auzoan, Libre dinamika abiarazteko asanblada ireki bat egingo dute gaur arratsaldean.

2010eko urriaren 22an, Ikoitz Arrese eta Xabat Moran Euskal Herriko beste 26 gazterekin batera atxilotuak, inkomunikatuak, "torturatuak" eta kartzelaratuak izan ziren. Urte eta erdi Madrilgo espetxeetan egon ondoren, baldintzapean aske utzi zituzten, epaiketaren zain. Orain, seina urteko kartzela zigorrari aurre egin beharko diete eurek eta beste 26 gazte independentistek.

Irailean, 1/12 sumarioaren baitan, lau hilabetez luzatuko den epaiketan auziperatuko dituzte. Irailaren 22an hasiko da eta abenduaren 18an amaitzea aurreikusita dago -30 saio-. 28 gazteek azaldu dutenez "militantzia politikoagatik" epaituak izango dira. "Ez litzake sekula epaitua izan behar" lan politikoa -diote-, "are gutxiago egun bizi dugun testuinguru politikoan. Gure herrian fase berri bat ireki da gatazkaren soluzio bidean eta errepresioak ez du lekurik".

Epaiketa hau eten dadin, "eskubide zibil eta politikoak berma daitezen" eta auziperatutako bi auzokideen zein gainontzeko gazteen absoluzioa galdegiteko, Libre dinamika abiaraziko dute Santutxun. Gauzak horrela, gaur, uztailak 9, asanblada ireki bat egingo dute 19:30etan, karmelo Plazan.

Hitzorduan Xabatek eta Ikoitzek ere parte hartuko dute. Dinamika abiarazteko, euren prozesuaren gaineko datuak eta informazio guztia hiritar eta auzokideekin partekatuko dute.

[2014/07/03] 28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du