Santutxu eta Uribarri auzoak urez hornitzen duen sare nagusian hodi berria sartu du halabeharrez Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak, martxoan lehertu zenaren ordez. Alde horretan egingo diren lanek bi hilabete iraun dute. Zanga bat ireki dute hodi berria sartzeko eta orain sare nagusiarekin konektatu behar da. Lotura hori egin ahal izateko Bilboko Udalak uraren hornidura zerbitzua kendu beharra dauka 12 orduz. Gaur, uztailak 23, kenduko du, hain zuzen ere, 16:00etatik 04:00etara bitartean.
Ur-tangak
Ordu horietan urik gabe egongo dira Santutxu, Solokoetxe, Iturrialde, Begoña, Uribarri eta Zurbarango 28.657 etxetan. Ur-tangak leku hauetan jarriko dira:
1. Santutxu - Sagarminaga Biribilunea
2. Basarrate Plaza
3. Karmelo, 10
4. Zumarraga Plaza
5. Masustegi - Mendivil Maisua
6. Mallonako Galtzarriak - Begoñako Andra Mari
7. Lezamako Trenbide Zaharra - Zumaia
8. Maurice Ravel - Plentzia
Trafiko aldaketak
Uztailaren 23an (eguaztena), 13:00etatik biharamuneko 15:00etara bitartean, aldaketa hauek egingo dira zirkulazioan:
- Zumalakarregi etorbidean. Alboko erreian, Enrique Ibarreta kalearen parean. Ordezko bidea: Zabalbide, Santutxu, Karmelo, Santa Klara eta E. Ibarreta kaleetako biribilgunea, Zumalakarregi eta Txomin Garat etorbideen artean.
- Zabalbide kalean. Zumalakarregi eta Txomin Garat etorbideen artean. Ordezko bidea: Arbidea eta Zabalbide kaleak. Galtzada okupatuko da, Zabalbide kalearen eta Txomin Garat eta Jesus Galindez etorbideen bidegurutzean.
- Jesus Galindez etorbidean. Galtzada okupatuko da, 1. zenbakiaren parean. Eta Begoñazpi ikastolaren parean, eguaztenean (hilak 23), 13:00etatik biharamuneko 20:00etara bitartean. Ibilgailuei txandaka utziko zaie pasatzen seinalisten bidez.
Bide batez, beste obra bat
Obra eta Zerbitzuen Sailak aldi berean egin ditu Zabalbideko eta Zumalakarregiko hodiaren obra eta lehendik aurreikusita zegoen beste bat, Zumalakarregi eta Enrique Ibarreta kaleen arteko sarea berritzekoa, sarerako konexioa egiteko auzo osorako ur-eten bera aprobetxatuta. Kale horietan 400 mm-ko hodi zahar bi kendu eta 500 mm-ko berria sartu eta abian jarri da.
Zumalakarregi kalearen eta Karmeloko biribilgunearen arteko lan hauek Santutxuko ur-hornidura sarea berritzeko lanen barruan dago eta Europar Batasunaren finantzazioa du. Sarea berritzeko lanetan, aipatutakoak ez ezik, Luciano Bonaparte eta Cocherito de Bilbao kaleetakoak egin eta bukatutako ere sartzen dira. Aurrekontua, guztira: 1.365.276,26 € (BEZ barne).